2022-03-23 16:15

    Lehenik eta behin, gure doluminak helarazi nahi dizkiegu herriaren alde eroritako Yvan Colonna gudari korsikarraren senide, lagunei baita korsikar herri osoari ere. Zuen garaipenak gure garaipen, eta zuen mina gure min dira.
    Abstrakziotik urrunduz, argi eta garbi seinalatu behar dugu, korsikarrek lehen momentutik egin bezala, erailketa honen erantzulea: Statu francese assassinu! Estatu frantses hiltzailea!
Frantses estatuak berriz ere bere aurpegirik ilunena agertu du Yvanen heriotza probokatuz hiru arrazoi argirengatik: Colonna korsikarra zen, abertzalea eta bere nazioaren eskubide zibil eta politikoen defentsan ustez borroka armatuaren bide iraultzailea hautatu zuen zapalkuntzaren ikur nagusietako baten kontrako ekintza burutuz.
    Etsaiek nazio askapen mugimenduak kolpatzeko baliatu duten errepresio bortitzaren beste adibide bat dugu beraz Yvan Colonnaren erailketa. Urrunegi joan gabe, 2018an, kartzelako tratuaren ondorioz ezin saihestuzko heriotzaren atarian eten zuten Oier Gomezen eusko gudariaren kondena, hilabete batzuk geroago Baionan hil zen arte.
    Ziurrenik, dagoen tokitik Yvan Colonnak pozez eta harrotasunez segituko ditu bere herri maiteak izaten duen jarrera gertakari gogor honen aurrean. Jota gelditzetik urrun, herria altxatu da eta protesta jendetsu eta irmoak ikusi ahal izan ditugu azken asteetan, Yvan omentzeaz gain, aldarrikapen historiko nazionalak berriz ere lehen lerrora ekarriz. Euskal Herritik ere, gehienok ilusioz, eta, zergatik ez onartu, nostalgiaz segitu ditugu korsikar gazteriaren adorea eta borrokarako griña. Bejondeizuela!
    Borroka molde horren zilegitasuna eta bereziki eraginkortasuna agerian gelditu da, 7 urtez mutu gelditu den frantses gobernuak barne ministroa bidali behar izan duelako frantziarrentzako bakea negoziatzera, eta orain arte pentsaezinak ziren hitz eta mugimendu batzuk egitera behartuak izan direlako.
    Korsikar politikari nagusiek bide instituzionalak jorratu dituzte azken urteetan boterea lortuta ere ezer gutxi erdietsiz. Horrek ustezko bake egoera baten eta normaltasunaren itxura ekarri du. Bakea ordea, etsaiaren bakea denean, gure herrientzat zapalkuntza eta asimilazioaren sinonimo besterik ez dira. Azken gertakari hauek adibiderik garbienak ditugu, beraz benetako bakea lortzeko borroka egiterik besterik ez zaigu geratzen!

Bakoitzak atera ditzala gertatutakoaren inguruko bere konklusioak, guk argi dugu pazifikazio eta asimilazio prozesuetatik at, nazio askapen mugimendua suspertzea dagokigula Euskal Herri aske eta sozialista eraikitzeko!

Jalgi Urruña