2018-12-27 14:30

40 EGUN, 40 URTEREN ERAKUSLE

Zaila da Ipes zer den definitzea. Aurreko urtean berrogeigarren urteurrenaren kanpainaren helburuak idatzi genituenean, lehen lerroan finkatu genuen Ipes zer den modu argiagoan ulertu eta proiektatzeko beharra. Nonbaitetik hastearren, izena bera aldatu genion elkarteari, Instituto para la Promoción de Estudios Sociales / Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea (GITE-IPES) ez baitzen garenaren isla, eta nahiago izan dugu Ipes marka bilakatu eta bere horretan uztea. Aldaketa hau laguntzeko, irudi korporatiboaren berrikuntza bat ere eman dugu, Ipesen ibilbidearen ia hasieratik lagundu gaituen isotipo enigmatikoa mantenduz. Enigmatikoa hiru lerro kurboek adierazten ahal dutenari dagokionez, eta enigmatikoa ere bai, berrogei urte pasata, ez baitugu baieztatzerik zein artistaren lana izan zen. “Ez utzi galdetzeari” da Ipesi laguntzen dion abizena, eta honi dagokionez ere galdetzen jarraitu beharko dugu antza!

Izena eta irudia sinplifikatzearekin abiatu genuen bada Ipes zer den argitzeko bidea. Hurrengo urratsa, eta kanpainaren abiapuntua markatu zuena, Ipesen ibilbideari begiratzea izan zen, Ipes zer den argitzeko Ipesek zer egin duen errepasatzea, alegia. Enfoke historiko honek erakutsi digu nola, artez edo moldez, euskal jendartean eta bereziki herri mugimenduan unean une ikerketa eta formazioa eskatu duten gaiak lantzeko erreminta bat izan den Ipes. Hasieran Euskal Historiaz lehen materialak argitaratzeko bezala, egun euskal kulturatik aniztasuna artikulatzeko, edota herri bezala nahi dugun kartzelaren gaineko hausnarketa sustatzeko.

Hari honi jarraiki, Ipes zer den definitzeko modu on bat Ipesek zer egiten duen begiratzea da. Duela hiru urte egindako “Ber-ver” prozesuak Ipesen lan ildoak argitzeko balio izan zuen eta dagoeneko nahiko egonkortuak ditugu. Kartzela Kalera izenez, zigor instituzioaren gaineko hausnarketa eta eztabaida ildoa zabaldu genuen Angela Davisen bisitarekin, kartzelen giltzak ditugunerako zer nolakoak nahi ditugun argiago izan dezagun. Euskal Aniztasuna ildoaren baitan, migrazio olatu berriaren harira aurreko hamarkadan abiaturiko ikerketa eta dinamikak barnebiltzen ditugu, euskara aniztasunerako traba denaren mantra gezurtatu eta euskal kultura elementu biziki kohesionagarria dela frogatzen ari garelarik. Euskal Herriko Historiarena dugu beste ildo bat, Ipesen ibilian konstante bat izan dena, baina oraindik orain herri bezala memoria egiteko beharraren erakusle dena. Azkenik, Ezker Pentsamenduaren ildoa genuke, beste klasiko bat, azken hamarkadan indar handia hartu duena ezkerraren noraezak bultzaturik.

Ipesen jarduna baina ezin da ildo estanko eta abstraktu hauetara mugatu. Herri mugimenduarekin harreman estuan, asko dira ildo hauetatik kanpo kokatu beharreko ekimenak eta urrunago joan gabe, kanpainaren amaierako 40 egun hauek izan dira apika, Ipesen jardunaren erakusle zehatz eta argienak.

Urriaren ondarrean, Elorrioko Udalarekin batera egiten ari garen aniztasun azterketa eta esku-hartzearen baitan burutu ditugun tailerretan azkena ospatu genuen, Amekadirekin elkarlanean. Hurrengo egunean, “Berriak Jaio Ginen” solasaldia izan genuen Jon Maiarekin, Uribarriko Gau Eskoletako ikasleei zuzenduta bereziki, doako euskara eskolak eskaintzeaz gain, euskal-erdal komunitate enkistatuak lantzea derrigorrezko lana baita.

Aste horren amaieran, Elisabet Almedaren parte hartzearekin zabaldu genuen azken Kartzela Kalera jardunaldia. Espainiar Estatuan emakumea eta kartzelaren gaian aditu nagusi denak, azken bi urteetan gai horrekin egin dugun ibilbidea borobiltzeko bide eman zigun. Bi aste beranduago torturaren gaia landu genuen, Torturaren Prebentzio eta Salaketarako Koordinakundearen urteko txostenaren aurkezpenarekin zenbakietan eta “Tortura: kolektibotik pertsonalera” saioarekin emozionalki. Azkenik, azaroko azken egunean, “Seguru Sentiarazten Gaituena” izenpean, justizia eraldatzailearen gaineko lan saio biziki interesgarria egin genuen gaian adituak diren Transformative Justice Berlin kolektiboaren eskutik. Zigor sistemaz hausnartzeko jardunaldi hauek garatu diren bitartean, kartzelaren abolizionismoari sarrera egiten dion “Hemen Right Now!” dokumentalaren emanaldi bi izan dira azaroan bertan, Gernikako Astran bata, eta Bilboko 7Katun bestea.

Etorkizuneko eztabaidak aurreratu eta herritarrak datorrenerako prestatzeko zentzuan ulertu behar dugu baita ere azaroaren lehen astean Laborerekin batera antolaturiko jardunaldia: Elikadura Burujabetzaren bidean, zer egin dezakegu herritarrok Bilbotik? Hiru egunetan, Via Campesina, ENBA, Etxaldeko emakumeak, andra laborari gazteak eta Urruñako esperientzia bi ekarri ditugu Bizkaiko metropoliaren erdigunera, hirigunetik hain urrun sentitzen den landa mundua hurbildu eta kontsumitzaile gisa egiten ahal dugunaz kontzientzia hartzeko. Bitartean, azaroa izan da Ernairekin batera bi urtez landu dugun Gazte Boterearen gaineko lana Pitzatu izeneko liburuan hezur-mamitzeko argitalpen lanaren une gorena. Memoriaren lerroan ere izan da ekitaldirik eta azaroaren hondarrean Baratz-pe tabernako erasoa gogora ekarri dugu Gernikako Astran Mungiako Haizetara elkartearekin elkarlanean.

Azkenik, berrogeigarren urteurrenaren ospakizunak azken burura heldu dira egunotan. Ipes XL Jantzigintza Zikloaren azken ziztada azaroan eman dugu “Euskal Herriko prozesu konstituziogilea(k)” gai hartuta. Kataluniako eskarmentuaren berri eman zigun Jaume Lopezek eta bertara etorrita, hiriguneetako dimentsioa nazio mailakoarekin nahasi genuen Jon Azkuneren gidaritzapean Hiritik At, Piztu Bilbo, Bizinahi, Gazteraiki, Gaindegia, Eusko Ikaskuntza eta Gutun Sozialaren parte hartzearekin osaturiko lan saioan. Brigada Gorrien esperientziaren berri emanaz Barbara Balzerani eta Silvia de Bernardinisek zabalduriko zikloak, jantziak josteko aukera eman digu, bai, baina are eta gehiago prestatzeko oihal zatiak utzi dizkigu batez ere.

Bukatzeko, oihal zatiak elkar josteko hariak biltzeko kanpainaren azken txanpa ere egunotan izan dugu. Jakina da haririk gabeko ziztadak ez duela deus josten eta Ipesen harpideak dira jantzigintza faktoria herritarraren hari iturri nagusia. Hala, bereziki Eva Forest eta Alfonso Sastre omentzeko baliatu nahi izan dugun Durangoko Azokarekin bat bukatu da harpidetza kanpaina, eta baita berrogeialdi erakusgarri hau ere. XL tamainara heldu da Ipes, edonor sartzeko moduko neurrira, aniztasunak emandako dimentsioa hartu du, eta beste horrenbeste urte urratzeko prest da. Ipes zer den argituta, baina inoiz galdetzeari utzi gabe. Eskerrik asko horretan lagundu diguzuen guztioi!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Errealitate konplexu eta aldakorraren aurrean biluzik aurkitzen gara maiz. Hotz egiten du kanpoan, eta garai ankerrotan, informazioak euri jasa trumoitsu gisa heltzen zaizkigu, tifoietan. Jakina, ez gara inguruneari aurre egiteko prest jaiotzen eta bizitzan zehar eskaintzen dizkiguten jantziak ez dira beti aproposenak. Taila estuetan hertsirik nahi gaituzte, edota iraganean iltzatutako jantzi zaharkituetan. Gure beharretara egokituriko jantzi sortaren ordez, munduko edozein txokotan ikusten diren modako uniforme grisak eskaintzen dizkigute. 1977tik euskal herritarrak janzten dihardu IPESek. Berrogei urte ingurunera egokiro prestatzeko jantzigintza herritarra antolatzen. Bakoitzaren ingurunea ezagutu eta eraldatzeko moduko jantziak ekoiztuz, guztien neurrirako jantziak eta denen artean josiak. Berrogei urte josten eta XL neurrira heldu da IPES. Edonor sartzeko moduko neurria, aniztasunak emandako neurria, handitzen ari da jantzigintza faktoria herritarra! Handitzen kuantitatiboki, esku eta orratz gehiago sa