2017-12-20 19:20

Gabonen aurreko azken astea heziguneetatik urrun dauzkagun kideetaz oroitu eta hauen askatasuna exijitzeko astea izan ohi da ikasle mugimenduarentzat. Izan ere, ez dira gutxi ikasleak zirela atxilotu eta gatibu dituzten militanteak, ezta ere espetxeratu eta ikasteari ekin dioten euskal preso politikoak ere. Guztiek dituzte ordea ikasketak aurrera ateratzeko modu askotariko arazo eta trabak: Matrikulatzeko, apunteak lortzeko, kezkak argitzeko edo ebaluatuak izateko ezintasunak besteak beste.

Jakin badakigu gradu bat burutzeak presoarentzat izan dezakeen garrantzia, orduak luze egiten diren zelda zuloetan denbora arintzen laguntzen duelako, zein espetxetik ateratzean merkatu basati honetan leku bat egiteko titulazio bat izateak ekar ditzazkeen onurengaitik, esate baterako. Ez da erraza ordea, eta ez presoek borondaterik ez dutelako zehazki, izan ere, erantzuleak ditu egoera honek: Estatu espainiar zein frantsesaren militanteak txikitu eta deuseztatzeko nahia eta beharra batetik, eta UPV zein Urkulluren gobernuaren utzikeria eta pasibotasuna bestetik.

Izan ere, egun espainiar estatuan dauden euskal preso politikoek ez daukate UPVn matrikulatzeko aukerarik, beraz kondenatuak daude gaztelanieraz ikastera. Frantziar estatuan gatibu daudenak berriz, nahiz eta aukera duten UPVn ikasteko, sekulako arazoak izaten dituzte espetxe zuzendaritzetatik batik bat, ikas materiala lortzeko, irakasleekin kontaktuak egiteko edo azterketak egoera onean egin ahal izateko.

Egoera hau izanik, egun UPVn 14 euskal preso politiko daude matrikulatuak, sei Ibaetan, hiru Gasteizen, bi Leioan zein Sarrikon eta bakarra San Mamesen. Azpimarratzekoa da arlo honetan presoen sostengurako taldeek hezigune ezberdinetan burutzen duten eguneroko jarduna, Etxerat elkartearekin batera zein zuzeneko harremanen bidez, presoek behar dituzten baliabideak identifikatu, eta hauek biltzeaz gain, UPVri presioa egin eta presoen egoera azaleratuz besteak beste. Pasa den ikasturtean Osnyko espetxera egin genuen martxa da honen adibide garbia.

Badakigu ordea ez dela nahikoa presoen ikas baldintza egokiak bermatzea zein UPVn ikasteko aukera izatea, guzti-guztiak kalean eta aske egon behar dutelako, dominazio sistema hau gaindituz hauek preso sartzeko izan diren baldintzak gaindituko direlako. Horretarako, hasiak gara ikasleok gure ekarpena egiten, euskal langile klaseak bere emantzipazioa garatu ahal izateko beharrezkoa duen jakintza zein hezkuntza eraikitzen. Amaitzeko, besarkada bero zein iraultzaile berezi bana Altsasuko gazteei zein epaiketen zain zaudeten gazte eta ikasle guztiei.

Guztiak kalean eta aske izan arte!

Gora ikasleon borroka!

Ikasle Abertzaleak Euskal Eskola Nazionala helburu duen ikasle euskaldun, ezkertiar eta feministon antolakunde iraultzailea da.