2024-12-30 18:24

WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.

Ninja Forms pluginak aukera ematen du WordPress-ekin egindako webgune batean formularioak txertatzeko, eta jasotako erantzunak administrazio paneletik kudeatzeko. GNU GPL v3 lizentzia duen software libreko proiektu arrakastatsua da, 700.000 webgune baino gehiagotan erabiltzen baita.

Ninja Forms proiektuaren euskarazko lehen itzulpena 2010ean egin zuen euskal komunitateko kide batek. Hala ere, azken urteetan inork ez zuen mantentzen, eta Iametzak itzultzeko lana bere gain hartu zuenean %23a soilik zegoen euskaratuta. Horren ondorioz, tresna erabili nahi zuten euskaldunek beste hizkuntza batean erabili behar zuten, esaterako ingelesez, gazteleraz edo frantsesez.

Ez da Iametzak egiten duen lehen itzulpena. Aurrez Google Analytics-en alternatiba librea den Matomo euskaratu zuten, baita OnlyOffice bulego-paketea eta bilduma digitalen kudeaketarako Omeka softwarea ere.

Aurrera begira WordPress-en itzulpen lanetan parte hartzen jarraitzeko asmoa adierazi du teknologia eta komunikazioa uztartzen dituen enpresak. “Bezeroentzat webguneak garatzeko erabiltzen dugunez, euskarazko itzulpenetan lagunduz komunitateari gure esker ona adierazi nahi diogu” adierazi du Eli Pombo Iametzako kudeatzaileak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
‘Hodeia ez da existitzen’ Iametzak sortutako teknologia burujabetzari buruzko gunea da. Besteak beste, albiste, ekimen eta efemerideak biltzen ditugu, gai horren sozializazioa eta dibulgazioa egitea ezinbestekoa dela ulertzen baitugu.
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!