2025-11-04 11:57

2025eko urrian zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.

URRAKETAK

» EAEko Haurreskolak Partzuergoak hezitzaile guztiei zuzendutako nahitaezko formazio bat gaztelania hutsean eskaini du.

» Nafarroako 112 zerbitzuko sare sozialetan euskararik ia ez dela erabiltzen salatu dute.

» Osakidetzak haurrei euskarazko arreta behar bezala bermatu gabe jarraitzen du.

» Bergarako osasun-etxean ordezko pediatrak ez duela euskaraz artatzeko gaitasunik salatu dute.

» Barakaldoko D ereduko ikastetxe batean entitate pribatu batek eskainitako formakuntza saioa gaztelaniaz egin da.

» PSN alderdiak propaganda gaztelania hutsean zabaldu du Nafarroan.

» Gasteizko Udalak yoga ikastaroetan 51 talde gaztelaniaz eskaintzen ditu eta 1 ele bitan. Elebidunean ere irakaslea zuzenean gaztelaniaz hasten dela salatu dute.

» Correosen Bilboko Mazarredo kaleko bulegoan ez dute euskarazko arreta bermatzen eta hainbat euskarri gaztelania hutsean dituzte.

» Irungo zinemetan Karmele pelikularen proiekzio guztiak gaztelaniaz izan dira.

» Basauriko kultur etxearen 50. urteurrenaren harira haurrentzat programatutako antzezlana gaztelaniaz izan da.

» Gasteizko Florida zinemetako kartel eta webgunean ez dago euskararen presentziarik.

» Basauriko SEPEren bulegoan “si me hablas en euskera no voy a poder atenderte” erantzun diote herritar bati.

» Iruñeko Udaltzaingoari bi aldiz eskatu zion herritar batek jakinarazpena euskaraz nahi zuela eta hirugarrengoan ere gaztelaniaz bidali diote.

» Altsasuko Kirol Elkarteak gaztelania hutsean zabaldu ditu futbol partiduak iragartzeko kartelak.

» Donostiako Udaleko harrerako udaltzain batek ez zuela euskara ulertzen salatu dute.

» Bilboko Berritzegunean formazioa gaztelania hutsean eman da, eta partaideetako batek euskaraz galdetzean, irakasleak erantzun desegokia eman eta gaztelaniaz jarraitu du.

» Tolosako Ertzaintzaren komisaldegiko harreran dagoen ertzainak erdara hutsean artatu du herritar bat, bestelako aukerarik eman gabe.

» Gasteizen egin den Gobernu Irekirako Aliantzaren IX. Goi-bilera Globala iragartzen duten kartelak gaztelaniaz eta ingelesez zeuden, euskaraz ez.

» Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazpenak gaztelaniaz bidaltzen dizkiola salatu du herritar batek.

» Nafarroako Gobernuaren Pablo Sarasate Musika Kontserbatorioaren webgunea oraindik ezin daiteke euskaraz kontsultatu.

» Leitzako osasun-etxeko telefonoan ez dute euskarazko arreta bermatzen.

» Arabako Foru Aldundiak erdara hutsez bidali du TicketBairi buruzko email bat.

» Donostiako Zigor Epaitegitik zitazioa gaztelania hutsean jaso du herritar batek.

 

ZORIONTZEAK

» Donostiako Astelena Jatetxeari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

» Iruñeko Payvi tabernari, euskarazko arreta eta karta eskaintzeagatik.

» Sopelako Toto pizzeriari, euskarazko arreta eskaintzegatik (errotuluak euskaraz jartzeko eskaria egin zaio).

» Iruñeko Santa Luzia paseoko La Tahonako langileari, euskaraz jakin ez arren ulertzeko ahalegina egiteagatik.

 

LORPENAK

» Donostiako Sade zinemek webgunea eta sarrerak erosteko aukera euskaraz jarri dituzte.

» Nafarroako Ospitale Gunean txandaren orritxoa euskaraz atera daiteke.

» Donostia eta Beasaingo Udalek kartel eta bide-seinaleak zuzendu dituzte.

» Gasteizko Florida zinemetan ekitaldiak bi hizkuntzatan komunikatzeko neurriak hartuko dituzte.

BEHATOKIA

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Webgunea: www.behatokia.eus Twitter/X: @behatokia Instagram: @behatokia Facebook: Hizkuntz Eskubideen Behatokia