ARGIA.eus

2022ko ekainaren 28a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
2022-06-13 10:32

Hilabete hauetan, Eusko Jaurlaritzak iragarri du 8.764 lanpostu publiko betetzeko deialdiak aterako dituela guztira, 1.686 Administrazio Orokorrekoak, 3.040 Hezkuntzakoak, 3.723 Osakidetzakoak eta 315 Segurtasun Sailekoak.

Behatokiak kezkaz bizi du lan deialdi horiek euskarazko gaitasun egoki gabe ateratzeak herritarren eskubideen bermean izango dituen ondorio kaltegarriak. Izan ere, maiatzaren 23an argitaratutako deialdietan, adibidez, 1.272 lanpostutatik % 11,55ean ez da inolako hizkuntza eskakizunik zehazten, eta beste hainbestetan gutxieneko ezagutzak besterik ez dira eskatzen (% 17,53an 1. HE eta % 67,37an 2. HE). Lanpostu guztien % 5,82an soilik ezartzen da 3. hizkuntza eskakizuna.

Hizkuntza hautua, baldintzatua

Izan ere, hainbat lanpostu daude oraindik orain hizkuntza eskakizunaren derrigortasun datarik ezarri gabe, eta horrek herritarrekiko zerbitzuetan hizkuntza eskubideak berdintasunean bermatzea oztopatu dezake. Horien adibide dira urtero jasotzen diren herritarrek pairatutako eskubide urraketak.

Administrazio publikoetarako lanpostu guztietan euskararen ezagutza nahitaezkoa izan ezean, herritarren hizkuntza hautua baldintzatzen da, eta, ondorioz, herritarrek ezin dute eremu guztietan euskara eroso, berdintasunean eta inolako albo kalte edo atzerapenik gabe erabili. Beraz, lan deialdietan urraketak gainditzeko aurrerapausoak eta neurriak ezarri beharrean, euskararekiko “malgutasuna” ezartzeak, urraketa horiekin bizi behar izatea suposatzen du.

Gainera, kontuan izan behar da gaur egun ezintasunak daudela hiri eta herri batzuetako osasun etxeetan edo espezialitate ezberdinetan osasun zerbitzuak euskaraz jasotzeko. Izan ere, eskubideak bermatzeko neurriak hartu beharrean, egungo urraketen egoera erreproduzitzeko neurriak hartzen jarraitzen baita.

Herritarren eskubideak, lan deialdien muina

Halaber, gogoratu behar dugu, orain hartzen diren erabakiek hurrengo urteetarako zerbitzuak baldintzatu ditzaketela. Eta herritarren hizkuntza eskubideen bermean aurrerapauso sendoak behar diren honetan, hizkuntzarena ez da zerbitzuen kalitatearen eta herritarren aitortzaren muina izaten ari. Bestalde, hizkuntza eskubideen aitortza osasunerako edota informazioa berdintasunean jasotzeko eskubideekin erabat lotua dago, eta, beraz, zerbitzu publikoetan horiek jasoko dituzten herritarren eskubideak izan behar dira egungo zein etorkizuneko lan deialdien muina. 

 

JATORRIZKO ALBISTEA

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.