2025-10-03 09:54

2025eko irailean zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza eskubideen urraketen lagin bat, zoriontzeak eta lorpenak jaso ditugu ondorengo zerrendan. Zuk ere intzidentzia bat bidali nahi badiguzu, erabili Euskararen Telefonoa.

URRAKETAK

» Voll Damm-en iragarki berrian hizkuntza bat dugula aipatzen da baina iragarkia gaztelania hutsean atera dute.

» Ertzaintzako agenteak gaztelaniaz egiteko eskatu die errepidean istripu eta arazoak izan dituzten hainbat herritarri. Bati "Si me lo dices en castellano igual te entiendo algo..." erantzun diote.

» Nafarroako artxiboetako goi-mailako teknikarien 3 lanpostu betetzeko deialdian ez da euskararen ezagutzarik behar.

» Eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria lortzeko erabili behar den CE3X programa informatikoa ez dago erabilgarri euskaraz.

» Bilboko Intermodaleko leihatiletan ez da euskarazko arreta bermatzen; bai, ordea, atzerriko hizkuntzetan.

» Nafarroako Gobernu Irekitik euskara sustatzeko diru-laguntzen epea irekita dagoela esateko mezua gaztelaniaz bidaltzen jarraitzen da.

» Gasteizen antolatu den Magialdia jaialdiko webgunea eta informazioa ezin daitezke euskaraz kontsultatu.

» Mauleko Herriko Etxeko turismo bulegoan ez dituzte arreta eta informazioa euskaraz eskaintzen.

» Iruñeko Udaleko hirigintza sailetik galdetegia eta mezuak gaztelania hutsean bidali dira.

» Forum Sport dendetako Bilboko zentraleko telefonoetan ez dute arreta euskaraz eskaintzen.

» Nafarroako Hezkuntza Departamentutik gaztelaniaz erantzuten jarraitzen dute, herritarrek euskaraz idatzi arren.

» Kutxabank aseguruetako telefonoetan euskarazko arreta jasotzeko zailtasunak daude.

» Bilbon ospatzen den (eta erakunde publikoek finantzatuta dagoen) BIME festibalak sare sozialetan ez du euskara erabiltzen.

» Lapurdiko Cerballiance analisiak egiten dituzten osasun zentroan arreta eta informazioa frantsesez soilik eskaintzen dituzte.

» Donostiako Sade zinemek oraindik ez dute webgunea euskaraz ezarri, pasa den urtean hala agindu arren.

» Nafarroako Lanbide Heziketako zerbitzuan ez dira euskarazko arreta eta informazioa bermatzen.

» Getxoko Kultur Etxeko tailerren eskaintzan 18 ikastarotatik 3 soilik direla euskaraz salatu dute.

» Ostalaritzako enpresa ezberdinetan euskaraz eskatzeagatik arazoak izaten jarraitzen dela erakusten duten kasuak errepikatu dira.

» Gasteizen ospatu den FestVal jaialdiak bere programazioan euskara baztertu duela salatu dute.

 

ZORIONTZEAK

» Mauleko Gazteluko langileei, euskarazko arreta eskaini eta informazio oharrak euskaraz ere ezartzeagatik.

» Donostiako Ikatz okindegiari, bertako langilea euskaraz egiten saiatzen delako eta produktuen izenak euskaraz edo ele bitan ezartzen dituztelako.

» Bibe.me sarreren salerosketarako atariari eta Akting Ingeniaritza enpresari, webgunea eta arreta euskaraz eskaintzeagatik

» Ainhoako Turismo bulegoari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

 

LORPENAK

» Euskalmetek muturreko metereologiari buruzko informazioa zuzendu eta euskaraz ere jarri du.

BEHATOKIA

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Webgunea: www.behatokia.eus Twitter/X: @behatokia Instagram: @behatokia Facebook: Hizkuntz Eskubideen Behatokia