Donostiako Udaleko mugikortasun agenteak egonkortzeko lan deialdiko eskakizunetako bat atzera bota du Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak: lanpostu guztietarako langileek euskarazko B2 maila izatea, hain zuzen.
Sententziaren arabera, «arrazoituta» egon behar du lanpostu guztietarako euskara eskakizuna eskatzeak, eta kasu honetan, ez dela hala ebatzi du.
Herritarrek Euskararen Telefonoan salatzen dituzten kasu askok, ordea, nahikoa arrazoi badagoela agerian uzten dute.
Agente guztiek euskaraz jakin ezean, dakitenak lan gehiago egitera behartzen dituzte, eta herritarrak bigarren mailako herritar bihurtzen dituzte, behar duten oharra edo dagokien tramitea egiteko zain egotera behartuz. Gainera mugikortasuna edo segurtasuna bezalako alorretan herritarrak zerbitzua edo informazioa euskaraz eskatzerakoan ahultasunean edo babesgabe sentitzen dira.
Langile nahiz herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta berdintasuna bermatzeko modu bakarra agente guztiak elebidunak izatea da. Horrela, hizkuntza-eskubideak bermatzeaz harago herritarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeaz ere ari gara, atzerapen eta egoera korapilatsuak ekidin eta administrazioaren efikazia eta zerbitzuen kalitatearen alde eginez.