2023-12-01 15:14

2023ko azaroan zehar herritarrek Behatokira bidalitako hizkuntza-eskubideen urraketen lagin bat, lorpenak eta zoriontzeak jaso ditugu ondorengo zerrendan. 

URRAKETAK:

» Pirineo Atlantikoko Departamentuaren bileran, euskara erabiltzean ordezkari bat moztu egin zuen presidenteak eta frantsesa erabiltzeko eskatu zion.

» Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailburuak hitzartze guztia gaztelaniaz egin zuen Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi sarietan.

» Nafarroan Baluarte eta ETNAE antzokietako abenduko programazioan ez dago euskarazko eskaintzarik.

» Biarritzeko turismo auto-gida zerbitzua frantsesez, gaztelaniaz, alemaneraz eta ingelesez eskaintzen da, baina euskaraz ez.

» Donostiako SADE zinemetan ez dute euskarazko arreta bermatzen.

» Durangoko Udaltzaingoan ez dute euskarazko arreta egokia bermatzen.

» Basque Crossfit txapelketan aurkezleak ez zuen euskara erabili, soilik gaztelania eta ingelesa.

» Durangoko Ertzaintzaren polizia-etxean «qué quieres, que te atienda o que te hablen en euskera» erantzun diote herritar bati euskarazko arreta eskatzerakoan.

» Biriatuko festetako kartela frantses hutsean argitaratu da.

» Antsoaingo Udalaren kirol batzordean azalpen eta informazio guztia gaztelania hutsean eskaini dira.

» Aramaioko mediku batek euskara erabiltzeagatik jazarria izan dela salatu du.

» Baionako Herriko Etxeak desgaitasuna duten pertsonekiko sentsibilizazio kanpainako informazio guztia frantses hutsean zabaldu du.

» Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko erregistroan euskaraz artatzen duen langile bakarra izaten da, eta hau ez dagoenean gaztelaniazko arreta soilik ematen dute.

» Correos-en bulego askotan euskarazko arreta bermatu gabe jarraitzen da.

» EAEn adimen gaitasun handia detektatzeko probak gaztelaniaz pasatu behar izan dituzte D ereduko ikasleek, euskarazko probak oraindik homologatu gabe dituztelako.

» Osasunbidearen telefonoetan, euskarazko arreta jasotzeko botoia sakatu arren, askotan ez dute euskarazko arreta ematen.

» Añanako Kuadrilaren turismo webguneak ez du euskara hautatzeko aukerarik ematen.

» Alokabide eta Gaztelagun zerbitzuetatik euskara erabili arren gaztelaniaz erantzuten dutela salatu du herritar batek.

» Nafarroako osasun etxe gehienetan ez dago euskara ulertzen duen pediatrarik.

» Mendaroko ospitalean ez dute euskarazko arreta behar bezala bermatzen.

» Trapagarango Udalak, euskaraz galdetu arren, gaztelaniaz erantzuten duela salatu du herritar batek.

» Nafarroako musika eskoletan euskarazko ikastaroen eskaintza oso urria da eta gehienetan ikastaroak gaztelaniaz jaso behar izaten dira.

 

LORPENAK:

» Basque Crossfit txapelketaren hurrengo edizioetan aurtengo akatsak konpondu eta hurrengo edizioetan euskara erabiltzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

» Peñascal kooperatiban menua euskaraz ere jarriko dute.

» Erandiko Udalak bisita gidatuen irizpideak antolatuko ditu euskarazko bisitak bermatu daitezen.

» Gurutzetako Ospitalean gaztelania hutsean zeuden kartelak aldatu dituzte.

» Adamo telefonia enpresak euskaraz ere banatu ditu bere eskaintzak Nafarroan.

» Galdakaoko Udalak kirol eskaintzan hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartu ditu eta gestio plataforma behar bezala doitzeko neurriak hartu ditu herritarren eskubideak bermatze aldera.

 

ZORIONTZEAK:

» Naturlim enpresari, sare sozialetako iragarkiak euskaraz jartzeagatik.

» Donostiako SICOS dendari, euskarazko arreta eskaintzeagatik.

» San Eloy Ospitaleko digestiboko langileei, euskarazko arreta emateagatik.

» Low Cost S.L. enpresari, zerbitzuak euskaraz eskaintzeagatik. 

 

HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA 

Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzeko laguntza eskaintzera zuzentzen du bere jarduera Hizkuntz Eskubideen Behatokiak.