Urteak daramatzate Udako Topaketetan irakasleak pedagogia sistemikoan formatzen, eta hala egingo dute uztail honetan ere, beste behin. Irailetik aurrera ibilbide berri bat hasiko dute Hik Hasirekin, urtebeteko formazioa eskainiko diete irakasleei, 'Pedagogia sistemikoan hezi eta bizi' izenekoa. Egunerokoan parte hartzen dugun sistema orotan dagokigun lekuan kokatu ahal izateko eta elkarreraginean jarduteko baliabideak eskainiko dituzte urtebeteko formazioan. Horretarako, behatzailearen eta testuinguruaren garrantziaz ohartu eta sistema orotan dauden sistemaren ordenak izango dituzte bidelagun: kidetza; autoritatea eta lekua; eta hartu-emanaren arteko oreka. Ikaslearen ongizatea bermatzeko, ikas komunitatea eta familiaren arteko elkarlanaren izaera sistemikoa ezagutaraziko dute.