BIZIk ez du egiazko eztabaidarik antolatzen, baina independentea ote da?
Gure ustez BIZIk ez du egiazko eztabaidarik antolatzen, hau da, eztabaida:
- erradikalak, arazoen erroetara jotzen dutenak;
- libreak, hau da, ez eztabaida faltsuak nun entzule kopuru haundiaren parean diren “pertsonalitateek” hitza monopolizatzen duten, hitzaldien ondotik eta “denbora gelditzen baldin bada” behatzaileei galdera batzuk edo kasu hoberenean iruzkin batzuk egiteko aukera emanez.
Horregatik BIZIren “Euskal Herria Burujabe” egitasmoari bi kritika erradikal egin genizkion (ikus www.herribiltza.eus), eta urriaren 7 eta 8an Baionan antolatzen duen bitxikeriaz betetako “ekitaldi haundiari” beste bat egiten diogu hemen.
Bitxikeria bai, ekitaldi horretan BIZIk hautetsiei, barka, hautetsi haundiei, barka, frantses hautetsi haundiei, emaiten dien garrantzia, demokrazia errepresentatibo eta parte hartzaile giroan, hau da demokrazia faltsuan: ezagutarazitako lehen 10 gomitatuetan, Grenoble-eko auzapeza, Frantziako legebiltzarreko diputatu frantses bat eta bi europarlamentari frantses baziren; euskal herritar bakarra bazen.
Bitxikeria ere bai, BIZI mugimendu ekologistak Grenobleko auzapezaren ekintza indartzea. Ekologismoaz beste ikuspegia duten Grenoble-eko PMO-koek, hiri hori berdetze tekno-kapitalistaren puntan den laborategia dela diote. Gai honi buruz beren idazkiak irakurtzea aholkatzen dugu (www.piecesetmaindoeuvre.com).
Urriaren 6an, 18:30etan, Ortzaizeko Menta liburudendan, “Trantsizio energetiko eta numerikoari” buruz Matthieu Amiech entzutea eta ondotik egiazko eztabaida egitea, Grenoble-eko auzapeza entzutea baino interesgarriagoa izango dela pentsatzen dugu. Ongi etorri orori.
“Ekitaldi haundiko” lehen 10 gomitatuen artean ez zen euskaldunik. Hizkuntza bitxitasuna da ere bai antolatutako 40 hitzaldiak: guttiengo ttikia euskaraz izanen da frantsesezko bat-bateko itzulpenarekin, eta gehiengo haundia frantsesez izanen da euskarazko bat-bateko itzulpenik gabe. Goaitatutako 10000 lagunen artean, BIZIk ez du Hego Euskal Herriko lagunik goaitatzen? “Ekitaldi haundiko” 36 orrialdeko egitarauan eta bereziki karrikako animazio, hitz hartze eta tailer kopuru haundian, euskararen tokia hutsaren hurrengoa da. Euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatzea gelditzera gomitatzen dugu BIZI, eta serioski galdera honi buruz gogoetatzera: “Hizkuntza(k): zer lehenetsi nahi dugu?”.
Bitxiki, BIZIk, ez duela “nehundik ere alderdi politiko baten eta oraindik guttiago podere publikoen menpe egon nahi” azpimarratzen du, sindikatuak aipatu gabe (https://bizimugi.eu/eu/nor-gira). BIZIk, ELA sindikatuak sortutako Manu Robles-Arangiz Institutua fundazioaren egoitza erabiltzen du (https://mrafundazioa.eus/eu/fundazioa/helburuak). Manu Robles-Arangiz ELAren sortzailea izan zen. Urriaren 7 eta 8ko konferentzien hainbat hizlari fundazio honen kide direla ikus dezakegu (https://mrafundazioa.eus/eu/fundazioa/lan-taldea?set_language=eu). Ohargarri dira ere, berriki ELAko sindikalista kopuru haundiak BIZIren propagandari laguntza ekarri izana (https://bizimugi.eu/eu/euskal-herria-burujabe-2023-ekainean-ekitaldiak-bata-bestearen-ondotik), urriko konferentzien hizlari guzien artean bakarrik langile sindikalista bat iragarria izaitea, ELA-ko idazkari orokor ordea, eta ELAko kide den baina hola aurkeztua ez den hizlari bat izaitea (https://et-si.alternatiba.eu/metamorphoser/). BIZI ez da independentista, baina independentea ote da? LAB sindikatuko Iparraldeko bozeramailea, egingo duen karrikako hitz hartzearekin pozik gelditu beharko da.
Bere propagandarentzat, beste kolaboratzaile batzu baditu ere BIZIk, adibidez Enbata. Hortaz dudatzen dutenentzat, aski da iraileko alearen azala begiratzea. Eta beste behin, izenburuan euskara eskas dela ohartuko gira ere. Guri min egiten digu horrek. Tartaro ez da garrantzitsuenaz harritzen!
BIZIk zenbakiak ere bitxitzen ditu: 2023ko urtarrilean, “Ipar Euskal Herriko metamorfosirako” urriko “ekitaldi handia” iragarri zuelarik, goaitatutako milaka pertsonentzat 1000 laguntzaile behar zituela zion. Baina ekainean, goaitatutako milaka pertsonentzat 500 laguntzaile behar dituela zion. Metamorfosiaren barne da hori? Laguntzaileek hastapen batean aurreikusia zena baino bi aldiz lan gehiago egin beharko dute? Baina tira, hala ere segurki merezi du, zeren 10000 pertsona goaitatuak badira, gauza hori oso “garrantzitsua” eta “saihestezina” izan behar da, BIZIk dion bezala. Hain “saihestezina” nun gure buruari galdegiten diogun zergatik BIZIk prezio libreko kontzertuak antolatzen dituen. Baina bai, zer inuzenteak gu, pentsatzen ginuen konferentziek zituztela 10000 pertsonak erakarriko.
BIZI ez ote da bitxi?
Genion bezala, urriaren 7 eta 8an ez gira BIZIk Baionan antolatzen duen “Euskal Herria Burujabe” ekitaldira joanen, ez ez dugulako BIZIren “Euskal Herria Burujabe” egitasmoarekin bat egiten, baizik eta egun horietan Billabonan izanen girelako, bertan Euskal Herrian Euskarazek ekitaldia antolatzen duelako, lema honekin: independentzia.
P.S. Ortzaizen Amiech-en hitzaldirako 12000 pertsona goaitatuak direnez, 600 laguntzaile behar ditugu. Milesker zuen izenak helbide honetan emaiteagatik: hobekantitate@kalitateabaino.eus
herriBiltzaren Euskal Herria Burujabe : Independentzia batzordea
2023.10.03