2021-03-13 10:41

Datorren astean Gasteizko campusean egingo den Herri Unibertsitate Nazionalaren harira, hainbat auzi salatzeko beharra ikusi dugu. EHUren arautegiak eta baldintzak jarraituz, behar beste kudeaketa egin ditugu Herri Unibertsitatearen antolakuntzatik ekimen hau aurrera atera ahal izateko: 15 egun baino lehenago abisua ematea, ekimenaren inguruko informazioa helaraztea eta baita egungo egoeran errektoreordetzak idatzitako terminoak jasotzen dituen konpromiso dokumentua sinatzea ere. Horrez gain, Dekanotzekin eta Errektoreordetzarekin hainbat alditan bildu gara, baita Errektoretzarekin kontaktuan jarri ere.

Borondate eta ahalegin guzti hau erakutsi arren, EHUk ez ditu beharrezko instalazioak eman jardunaldi hauek egiteko. 200 pertsonatik gora bildu ditzakeen ekimen baterako 18 pertsonako aforoa duten gelak ematea iraingarria dela iruditzen zaigu. Ahalegin handia egin da unibertsitatera maila handiko hizlarien ponentziak ekartzeko, eta unibertsitatearen borondate falta honek ez du bat egiten EHUk horrenbeste goraipatzen dituen bere kritikotasun eta eztabaidarako aukeraren baloreekin. Are gehiago, gaur egun bizi dugun testuinguruan horrenbeste jende mugitu dezakeen hitzaldietarako horren espazio eskasa ematea arduragabekeria bat da, arriskuan jarriko baitu segurtasun neurrien betearazpena; hitzaldietatik kanpo inguruetan bilduko den jende mordoagatik, gelak campusean zehar sakabanatuak egoteagatik… Gaur egun bizi dugun egoera gogorrean, segurtasuna bermatzeko nahikoa baldintza ez bermatzea arriskutsua eta axolagabea iruditzen zaigu.

Erabat kargu egiten gara geletako aforoak murriztu izanaz, higienea bereziki zaintzeko beharraz eta bestelako aldaketez. Hain zuzen ere, horretarako mekanismoak prestatu ditugu; baina errektoreordetzak «ez dago espazio gehiago» aitzakia jartzen duenean, sinesgaitza egiten zaigu: campuseko 7 fakultateetatik hirutan bakarrik utzi dizkigute gelak, eta fakultate horietan ere gela bat edo bi baino ez (atzo arratsaldean bertan, Letren Fakultatean 11 gela zeuden hutsik, eta dekanotzak dio bat bera ere ezin dezakeela utzi). Auzia, beraz, ez da segurtasuna; ezin baita Arabako campusean 7000 ikasletik gora klaseetara itzultzeko arriskua hartu, baina pandemiaren aitzakiapean eztabaida eta hausnarketa bultzatzeko jardunaldi batzuk debekatu. Unibertsitatean azken urteotan jasandako askatasun politikoen murrizketaren baitan ulertzen dugu kasu hau, eta irmoki salatzen dugu.

Horiek horrela, beste behin ere ikus dezakegu jardunbide profesionala eta instituzionala izan ezean, langileok ez dugula eskubiderik gure antolakuntza zein interesak elikatzeko. EHUren ekintzek eta hautuek, berriro ere, bere hitzen mezu aurrerakoia gezurtatzen dute, EHUren izaera burgesa eta antidemokratikoa azaleratzearekin batera. Herri Unibertsitatearen antolakuntza taldetik, ez dugu ikasle mugimenduaren eta antolakuntza propioaren aurkako jarrera autoritariorik onartuko. Datorren asteko jardunaldiak ahalik eta baldintza onenetan egitearen alde borrokatzen jarraituko dugu.

Hezkuntza sistema kapitalistaren aurrean, desjabetuon interesei erantzungo dien unibertsitate baten alde!