2020-05-01 14:17

Testu hau osatzeko, Miguel Mazzeo idazle eta pentsalari argentinarraren El sueño de una cosa (Introducción al poder popular) liburuko bigarren kapitulua hartu dugu oinarri.

Mazzeok idazten duenaren arabera, herri boterearen kontzeptuak esanahi anitzak izan ditu historian zehar. Zenbaitetan esanahi osagarriak izan dira eta, beste zenbaitetan, kontraesankorrak. Berez, kontzeptu hauek gaur egun berreraikitzen ari dira han eta hemen loratzen ari diren esperientziekin.

Beste aldetik ere, herri boterearen kontzeptua bera erabilera zehatz batzuk zalantzan jartzetik ari da eraikitzen: batetik, herri boterea botere bikoitzaren bertsio klasikoarekin erlazionatutako erabilerak, edo, are gehiago, boterea hartzeari lotutako ideia. Bestetik, erabilera berriagoak, oro har jarrera postmodernoetatik edo ia postmodernoetatik sortuak, antiboterea (John Holloway) edo kontraboterea (Antonio Negri) ideietatik eratorriak esate baterako.

Herri boterearen kontzepturako hiru (lau akaso) ikuskera, esanahi eta erabilera orokor proposatzen ditu Mazzeok:

 

  1. Boterea maitasunik gabe: herri boterea estatuko boterea eskuratzeko bitartekoa da, tranpolina, aldez aurretik zehaztutako helburura hurbiltzen duen tresna. Ikuskera instrumentalista klasikoa litzateke, bestea subjektu-objektu harremanean objektu bilakatzeko tendentziari lotutako kultur ilustratuaren herederoa. Politika iraultzailea berariazko jakintzatzat hartzen du, egia zientifikotzat hartzen duen jakintza, eta alderdia jakintza-egia horren gordetzailea. Helburuaren tirania da, derrigorrezko urratsak era unibertsalean irakasten dituena (lehenik sozialismoaren eraikuntza, ondoren ekonomiaren garapena, eta geroago aurrerapen materiala). Erabilera hau ezker tradizionalari egozten ahal zaio, partidozentrikoari, kanpoko abangoardia ideiari, menpeko klaseen zentralitatea abangoardiako alderdiagatik ordezkatzeari eta marxismo- leninismoa sistema bateratzaile eta objetibista bezala.

XX. mendeko 60. eta 70. hamarkadetako ezkerrak berreskuratu zuen herri boterearen kontzeptua, botere bikoitzari (bertsio klasikoa edo boltxebikea) eta Errusiako, Txinako eta Kubako esperientzia iraultzaileei erreferentzi zuzena egiten zuen botere hartzeari lotuta.

Oro har, erabilera horrek bi forma hartu zituen: batek probetxuari erreferentzia egiten zion, testuinguru iraultzaile batean abangoardiako antolakunde baten eskutik ematen zen masen organoen konkista baten bidetik; eta beste bat eremu liberatuko nozioari lotua, herri guda formaren baten garapenetik abiatuta.

Prozesu iraultzaileen hastapenetan alderdiek eta antolakunde politikoek forma hauek elikatzen dituzte baina prozesuak aurrera egiten duen heinean (behar historikoa, Estatu arrazoia argudiatzen denean eta zentralizatzeko exijentzia inposatzen denean) alderdiek instrumentalizatzen eta baldintzatzen dituzte.

Sobietekin, adibidez, horrela gertatu zen. Alderdiaren eta herri boterearen instantzien arteko tentsio egoerak zein alderdiaren bertikaltasunaren eta herri boterearen instantzien demokraziaren beharraren arteko tentsioa alderdiaren alde konpondu zen beti, herri boterearen instantzien eta militante profesionalez osatutako egitura piramidalaren arteko ezinezko bizikidetza agerian utziz.

Sobietak 1917an sortu ziren, testuinguru aurreiraultzaile batean. Nikolas II tsarraren abdikazioa eman zenean, behin behineko gobernua eratu zen eta botere bikoitzeko egoera eman zen: behin behineko gobernuarekin batera, sobietak zeuden boterea metatuz.

1918an baina, behar historikoa eta Estatu arrazoia aldarrikatuz, boltxebikeek diziplina gogorra ezarri zuten fabriketan produkzioaren langile-kontrola desagertuz.

Bestelako sobietak egon ziren beste toki eta garai batzuetan, izaera artifizialago batekin. Azpimarratzekoa da sobietak ez zirela sorkuntza alderdikoia izan, nahiz eta iruditegi iraultzaile klasikoan eta ezkerraren errezetetan alderdiaren zeregintzat hartu zen herri botererako organoak sortzea. Zeregin hura organo haietan eragitea edo organo haiek gidatzea edo irabaztea izan zitekeen, edo alderdiaren presentzia bermatzea gatazka sozialetan.

Eremu liberatuko formari dagokionez, Txinako iraultzak eman zuen eredurik bukatuena. Herri ejertzito bat, alderdi iraultzaile batek gidatuta, herri guda baten testuinguruan boterea hartzera hurbiltzen zen heinean, eremuak askatuz zihoan bertan neurri iraultzaileak ezarriz eta erretagoardia bat sendotzen. Tokiko gobernuak eratu ziren, lurrak desjabetu (eta banatu) ziren, legeak egin ziren, moneta egin zen eta armategiak eratu ziren.

Kubako prozesu iraultzailea izugarri originala izan zen eta puntu txiki batzuetan baino ezin da Txinarekin alderatu. Kubako prozesua ez zuen alderdi klasiko batek gidatu eta hori izan zen ezberdintasun garrantzitsuetako bat. Nolanahi ere, botere alternatiboak lurralderen bat hartzen zuen bi kasuetan eta botere bikoitzeko egoera sortzen zen, non bi autoritateak borrokatzen ziren gailentzeko. Botere alternatiboa aldi baterako zen bi kasuetan, boterea hartu arte. Herri boterea tresna zen bi kasuetan. Behin boterea hartuta, herri boterearen instantziak Estatuaren egituretan uztartu ziren.

Herri boterea ulertzeko modu horretan, boterea objektu gisa ulertzen da: erasotzen, hartzen, kentzen, lortzen edota konkistatzen ahal dena. Boterea hartzea helburua bazen, alderdi politiko iraultzailea zen horretarako tresna, zuzendaritza funtzioarekin. Herri boterearen instrumentalizaziorekin, klaseen interesak bigarren mailakotzat izan zitezkeen kontsideratuak alderdiagatik.

Ezker partidozentrikoarentzat herri boterea tresna huts bat da, baina, aldi berean, alderdia ere tresna bat da. Berezitasuna litzateke alderdia ez dela mugimendu errealaren produktu bat, baizik eta aurretiko baldintza.

Beste batzuetan, eta pentsatzen denaren kontra, antolakunde anarkista zenbaitzuek bere egin zuten herri boterearen erabilera instrumentalista, eta sozialimo errealaren kausak erreproduzitu zituzten. Gremioetako borroka idealaren aldeko propaganda egiteko tresna zela aldarrikatu zutelarik, adibidez. Azken helburuaren fetitxismoak borroka bakoitza (handia nahiz txikia) azken bataila bilakatzera eraman zituen.

Herri boterearen instantziak instrumentalizatzeko beste bide bat soilik haren alde administratiboak garatzea izan daiteke, herri boterea estatuko gestio deszentralizatu baten osagarritzat ulertuta, alegia. Hornidura gabezia borrokatzeko gaitasuna aitortzen zaio, esate baterako, baina eginkizun politikoa jokatzeko aukera ukatzen zaio.

 

 

  1. Maitasuna botererik gabe: erabilera honek helbururik gabeko bidea aldarrikatuko luke eta helburu oro mugimendu errealari inposatua dela ideiatik dator. Herri boterearen nozio alternatiboekin erlaziona daiteke, antiboterearekin, esate baterako, edo kontraboterearekin. Helburu ororen xedea ukatzeak herri botere eratzailearen instantzia errealen erregionalizaziora eramaten du, eta bere proiekzioak oztopatzen ditu. Utopia libertario absolutuak bere lekua uzten dio tokiko utopiari. Eragiteko gaitasunik gabe, maitasunak zapaltzaileen boterean abandonatzen ditu zapalduak.

Helbururik gabeko herri boterean kontzeptu alternatiboak daude, eta ihesan edo boterearen disoluzioan daude inspiratuak, oposizio borrokan (John Hollowayren antiboterea) eta kontraboterean (Antoni Negri nagusiki, baita Michael Hardt ere).

Nolanahi ere, antiboterea eta kontraboterea kontzeptu ezberdinak dira beren artean eta antiboterearen kontzeptuak kontraboterearena errefusatzen du, konfrontazio simetrikoaren ideiagatik nagusiki.

Hollowayren planteamendua ezezkoaren kategorian oinarritzen da, baina antiboterearen ezezkotasunak ezerezera eramaten du ezezkora baino gehiago. Holloway une eszeptikoan gelditzen da eta ez du estutasunetik sortutako zeregina bukatzen.

Negri, kontrabotereaz solastatzen denean, hiru gauzez solastatzen da: botere zaharraren kontrako erresistentziaz, matxinadaz, eta botere berri baten indar eratzaileaz. Hiru gako horiek kontraboterearen esentzia irudikatzen dute.

Negrirentzat kontraboterea eratzailea da, eta, Mazzeorentzat, aldiz, herri boterearen eratzailea da kontraboterea.

Egiazki, Mazzeok pentsatzen du kontraboterea botere bikoitza entzutetsua baino ez dela, denboran hedatua eta boterea hartzeko unerik gabe.

Posizio hauen desio nagusia kapitalismoa gainditzea da, baina inposizio eta abolizio momenturik gabe, gatazka zuzenik gabe, dramarik gabe.

Antiboterearen eta kontraboterearen beste muga bat izan daiteke agintaritzarik eta estrategiarik gabeko formak garatu gabe bizitza berria antolatu eta garatu daitekeela pentsatzea. Antiboteretik utopismo bakun, bihozbera eta liberala marraztu daiteke. Kontrabotererako bideak ez du helbururik eduki behar, izan ere, sistema autosuntsitu egiten omen da.

Antibotereak eta kontrabotereak, ekintzen printzipio nagusien inspirazio iturria izan zirenean, herri antolakundeen kalteberatasuna ahalbidetu zuten, herri antolakundeak estatalizazio arriskutsuaren aurrean, elite politikoen esku- hartzearen aurrean eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen aurrean utziz.

 

 

  1. Maitasuna boterearekin: herri boterea bitarteko eta helburu moduan aldi berean ulertuta. Erabilera hau jarrera ez instrumentalistekin dago erlazionatua, eta boterea hartzea erabateko adostasuneko jendarte berriari heltzeko ez dela aski ideiarekin. Herri boterea jendarte berri baten espazio prefiguratibo eta inaugurala da. Orainaldi utopikoa da, subjektuaren eta objektuaren arteko distantziak laburtzeko. Helburua ez dago egina eta ez du helburua lortzera itxaroten, eraiki egiten du. Ez dago aurrez zehaztutako helmugarik, emaitzarik, edo ezinbesteko baldintzarik, beraz, eten gabeko apustu politikora jotzera behartzen du.

Herri boterearen eraikuntza giza harreman berrien eraikuntza da nagusiki, kapitalaren erregimenak inposatzen dituen harremanen alternatiba. Behetik garatutako instituzionalitate berri batekin erlazionatzen da, espazio eta antolakunde autonomoen eraikuntzarekin, eta, aldi berean, hauek artikulatzeko asmoarekin. Herri boterearen ikuskera honetan masak gauzatzaileak eta jasotzaileak dira.

Antolakundeen gogoa estruktura konplexu baten espazio autonomo izatea da, zirkunstantzien arabera alda daitekeena, aurretik ezarritako mugarik gabe.

Herri boterea jendarte berri baterako baldintza baino gehiago da: jendarte berria inauguratu egiten du nolabait. Erabateko askapenerako proiektua artikulatzen du, utopia absolutua irudikatzen duen praktika baten bitartez.

Kontrahegemoniaren eraikuntzaren estrategiak etengabeko tentsio eta gatazka egoera proposatzen du, baina ez ezberdindutako blokeen artean bereziki; dualtasun bat baldin badago, hau jendarte zibilaren instituzio eta arlo ezberdinen markoan emanen diren kontraesanen baitan eraikiko da.

Herri boterea ulertzeko modu hau errezeten eta eskuliburuen benetako desagerpena da.

Estatuaren boterearen afera estatu mota berri baten eraikuntzarekin konpontzen da, zapaldutako klaseen esperientzia asoziatiboan oinarritutakoa. Esperientzia asoziatibo honek errepresentazio sistema berria eta instituzionalitate berria proposatzen ditu.

Zalantzarik gabe, herri boterea ulertzeko modu honen adibide historikorik nagusiena Pariseko Komunarena da, 1871ean. Pariseko Komunak bozka unibertsalez aukeratutako kontseilu sistema sortu zuen hiriko distrituetan. Administrazio-, epai- eta edukazio-karguak ere bozka unibertsalez bete ziren. Funtzionarioen soldatak langileenekin berdindu ziren. Soldaduska, ejertzitoa eta polizia bertan behera utzi ziren. Komunako gobernuak Estatua eta Eliza bereizi zituen, eta azkeneko hau desjabetu egin zuen. Errepublika mundialaren bandera egin zuen bere.

Pariseko Komuna Estatuaren kontrako Estatua izan zen. Leninen hitzetan, makina burokratikoa eta militarra deuseztatzeko saiakera, ez beste eskuetara pasatzekoa. Komuna antolaketa nazional bat marraztera ailegatu zen baina erori egin zen lehenago, eta ez zuen sozialismoaren eta Nazio ideiaren arteko kontraesana gainditzea lortu. Desjabetzaileak desjabetzen ez zuen nahiko aurreratu. Frantziako Bankua, esate baterako, ez zuen ukitu.

Beste alde batetik, historiako leku eta garai ezberdinetan, langile botereko formak garatu ziren Fabrikako Kontseiluen bidez. Langile borroken gorakadak langile kontseiluen eraketa ahalbidetu zuen, langileen autogobernuko organo bezala eratuak zehazki. Fabriken zuzendaritzarako organo bilakaturik, industriako ordena hegemonikoa hautsi zuten eta enpresen zuzendaritza lehiatu zioten patronalari. Beraz, disputa irekia sortu zioten kapitalari, aurrez aurre.

Kontseiluak, beraz, langileen emantzipazio zutabeak izan ziren eta kontrahegemonia eremu bezala funtzionatu zuten. Hasiera batean kontseiluen eredua sobietak izan baziren ere, kontseiluek ez zuten botere bikoitzeko esperientziak erreproduzitu. Kontseiluen mugei dagokionez, fabriketan sartuak gelditu ziren, eta ez zuten neurtu Nazioa langile klasearen eremu sozial eta politikoa zela. Ez zuten estatuko botere politikoaren auziari irtenbide iraultzailerik aurkitu.

 

 

  1. (akaso) Helburu absolutua: erabilera honek helburuak lortu nahi ditu baina bitartekoak erabili gabe. Amestutako ideala hain da sublimea ezen gauzatze oro errefusatzen duen. Paradisuaren gutizia da, bertan sartzeko itzalik gabeko biderik gabe. Ikuskera hau fanatismoaren eta abentura suizidaren artean dago, eta dialektika probidentziagatik, goiko magiagatik edo katastrofeagatik aldatzen du. Inpazientziaren teoriari egozten ahal zaio, eta subjekturik gabeko ezkerrari.

 

Garazi B. (Gogoeta*taldeko kidea)

Espazio hau “HERRI BOTEREA eta Euskal Herria”ren inguruko gogoeta dinamika kolektiboa bultzatzeko da, pertsona eta kolektiboen iritziak, hausnarketak eta ekarpenak jasotzeko eta zabaltzeko. Hamabostean behin, Euskal Herriko txoko desberdinetako kolektiboen zein pertsonen ekarpenak plazaratuko dira, guztion artean puzzle kolektibo aberasgarria eta anitza osatze bidean.