2020-07-02 16:09

1 Aurkezpena

Hurrengo lerroetan Auzoetatik Piztu Bilbok herri eta auzo botereari buruz dugun ikuspegia azaleratuko dugu. Horretarako gure ibilbideari buruzko gako batzuk azalduko ditugu, nondik gatozen eta norantza goazen azalduz. Ondoren herri boterearen dimentsioaz arituko gara, lokala eta globalaren arteko dialektikan oinarrituz. Honetarako auzoa kontzeptuan sakonduko dugu, auzoa kategoria politiko moduan ulertuz. Kokapen orokorra egin ostean, klase borroka territorializatzearen beharraz arituko gara eta, amaitzeko, gaur egun gure auzotik auzo-defentsa antolatzeko eta auzo boterea eraikitzeko topatu dugun arrakala aztertuko dugu: etxebizitza. Horretarako etxebizitzaren problematika politizatzearen beharraz aritu eta honen aldeko borroka erradikala aktibatzearen beharra mahaigaineratuko dugu, auzoan sortutako Etxebizitza Sindikatuaren aldeko apustuan sakonduz.

 

2 Auzoetatik Piztu Bilbo: nondik eta norantza

Auzo eta Herri Botereaz zer ulertzen dugun azaltzeko, interesgarria da gure kolektiboaren historiari begiratzea. Piztu Bilbo 2018an sortu zen, helburu zehatz batekin: Bilbora iristen ari zen MTV makro-ekitaldiari aurre egitea. Hasiera batean, beraz, MTVren aurkako eta, oro har, makro-ekitaldien Bilboren eta hiri-erakusleiho ereduaren aurkako mobilizazio-kanpaina bat antolatzea zuen helburu. Ibilbide horretan, ordea, hausnarketa kolektiboei esker, kolektiboaren helburuak zabaltzen hasi ziren. Konturatu ginen MTV eta makro-ekitaldien eredua arazo handiago baten sintoma besterik ez zela: hiria metaketa kapitalistaren espazio bihurtu izanaren sintoma, hain zuzen. Zentzu horretan, MTVren aurka borrokatzean auzoetatik egitea beharrezkoa zela ulertu genuen, hiri kapitalista, patriarkal eta koloniala arrakalatzeko helburuarekin.

 

Hori dela eta, behin MTVa pasatuta, Auzoetatik Piztu Bilbok arazo horiek guztiak lurreratzen saiatu zen eta horretarako antagonismo hau jarri zuen erdigunean: Metropolia vs auzo herrikoiak; hiru ardatz ezberdinei zentralitatea emanez: turistifikazioa, gentrifikazioa eta espazio publikoaren pribatizazioa. Kasu honetan sentsibilizazioa, diskurtsoaren sorrera, kontzientziazioa eta gai horien inguruan mobilizazioa piztea ezarri genuen helburutzat. Gainera, Bilbo osoko problematikak barne hartzen dituen planteamendu diskurtsibo bat izaten jarraitu arren, borroka hori bizi eta lan egiten dugun auzoan planteatzen hasi ginen, gaur egun metaketa kapitalista eta erresistentzia komunitarioaren arteko borrokan dagoen auzoa: Bilboko Alde Zaharra.

 

Uste dugu Herri Botereari buruz dugun ikuskera ulertzeko, gure borroka Alde Zaharrean territorializatu izana funtsezko gakoa dela. Ez dugu uste herri-boterea botere kapitalistari modu simetrikoan eraiki dakiokeenik; hau da, "Bilbo kapitalistaren” aurrean, ezin da "Bilbo desberdin" bat aurrez aurre jarri. Bilbo, bai bere alderdi hiper-kapitalistan, bai bere alderdi "alternatiboan", abstrakzio bat dela kontuan hartzea beharrezkoa dela uste dugu, eta abstrakzioen alorrean Kapitalak beti irabaziko du. Hortaz, auzo-mailan herri-botere eta kontra-boterea eraikitzeko gure apustua hurrengo hausnarketatik abiatzen da: herri-boterea, botere kapitalistarekiko antagoniko eta asimetrikoa da, eta, beraz, soilik lokaletik eta hurbiletik eraiki ahal izango da, komunitate izaera, auzokideen arteko harremanak eta auzoetatik abiatutako klase kontzientzia berreskuratuz.

 

Hortaz, gaur egun auzoetatik herri-boterea eraikitzea klase borroka territorializatzea dela esan dezakegu. Bizi garen metropoli kapitalistan, kapitala vs lana antagonismoa (gizartearen oinarrizko antagonismoa) Metropolia vs auzo herrikoiak antagonismoan islatzen da. Beraz, auzoaren auto-antolaketatik, auzodefentsatik eta beste bizimodu batzuen eraikuntzatik abiatuta soilik arrakalatu ahal izango dugu Kapitalaren Bilbo, eta beste botere modu batzuk eraiki, dominazio eta zapalkuntza modu hegemonikoak errepikatzen ez dituztenak.

 

3 Auzoa kategoria politiko gisa, auzodefentsa eta auzo boterea: herri boterearako apustua.

 

3.1 Herri boterearen dimentsioak: lokal-global dialektika.

Horrek ez du esan nahi gure apustua lokalista denik. Herri boterea auzoetatik abiatuta eraiki behar dela esaten dugunean, ez du esan nahi bertako lanera mugatzen denik: ez dugu "sozialismoa auzo bakar batean" eraikiko. Gure apustua auzo herrikoien arteko artikulazioaren aldekoa da, saretu eta hedatu behar dena, baina beti herri boterearen oinarri material eta sinbolikoa gure hurbileko testuinguruak direla ulertuta.

 

Iraultzaren paradigma zaharrean iraultzaren irudia "botereari asaltoa" bazen (Neguko Jauregia hartzea), gaur egun iruditegia zabaltzea beharrezkoa dela uste dugu, boterea eskuratzea "setioaren" metaforaren bidez birpentsatuz, zeinetan elkarren artean saretuta dauden kontrabotere guneak eta territorio askeak botere kapitalista setiatuko duten (plano material zein etikoan).

 

3.2 Auzoa kategoria politiko gisa

Baina, zer esan nahi dugu auzoa herri boterearen subjektua dela esaten dugunean? Nori buruz ari gara? Nori zuzentzen gara? Auzoa, Herria bezala, kategoria politiko gisa ulertzea beharrezkoa dela uste dugu. Beraz, herri botereaz eta auzo botereaz ari garenean, ez gara ari entitate geografiko edo demografikoez, elementu politikoez baizik.

 

Fidelek zioen moduan, Kubako herriaz hitz egiten zuenean: "Herriaz hitz egiten dugunean, ez dugu halakotzat ulertzen nazioaren sektore eroso eta kontserbadoreak. Herriaz ari garenean, borrokaz ari gara, masa handi matxinatuaz, duintasun irrikaz mugituta dagoen masa, bidegabekeria jasan izanagatik antzinako justizia irrikaz mugatuta egotea". Guztiz bat gatoz definizio honekin: uste dugu herria ez dela neutrala, ez dagoela herri BAT, herriaren bi ikuskera antagoniko baizik: alde batetik, liberala (nazionalismo burgesarena) eta, bestetik, langile klasearena, zapalduon herria (nazio askapen mugimendu iraultzaileena). Gure herria bigarrena da, subjektu subalterno eta zapalduon herria, bizi(irau)teko lan egin behar dugunon herria, pertsona arrazalizatuena, emakume proletarioena, etxeko langileena, etxegabeena, paperik gabeena, etab.

 

Zentzu horretan, auzoaz hitz egiten dugunean ere, antagonismoan eta etsaitasunean oinarrituta dagoen ikuspegi bera erabiltzea planteatzen dugu. Beraz, Metropolia vs auzo herrikoiak antogonismoa planteatzen dugunean, ez gara ari auzoaz subjektu neutro gisa, ezta auzoaz osotasun gisa ere; auzoa ez delako objektiboa, subjektiboa baizik, ez delako osotasun homogeneo bat, baizik eta osotasun burgesaren aurkako partzialitatea.

 

Beraz, Auzoari buruz eta bertan borroka territorializatzeari buruz hitz egiten dugunean, klase borrokari buruz ari gara. Izan ere, auzoa hainbat antagonismo, kontraesan eta klase-interes zeharkatzen dute, eta, horregatik, ezinezkoa da auzoaz bere osotasunean hitz egitea. Horregatik, gure bizitza eta etxebizitzekin espekulatzen duten inmobiliariak ez dira gure auzoa, gure miserietatik etekinak ateratzen dituzten bankuak ez dira gure auzoa, saltoki txikiak suntsitzen dituzten multinazionalak ez dira gure auzoa, Batzokia, oligarkia vasco-espainolaren etxea gure auzoa ez den moduan.

 

Beraz, defendatu behar dugun auzoa (herria bezala) kategoria politikoa da, ez geografikoa; klase borroka eguneratzeko lekua, desjabetuen rekonposizio politikorako prozesuak aktibatzeko eta herri-boterearen hazia landatzeko territorioa.

 

3.3 Klase borroka territorializatzea: auzo-defentsa eta auzo boterea.

Lehen esan dugun bezala, auzoaz eta herri-botereaz hitz egiten dugunean klase borrokaz ari gara. Uste dugu klaseen arteko borroka testuinguru eta egoera berrira egokituz birpentsatzea beharrezkoa dela. Dominazio egiturari dagokionez, kapitalismoaren ekoizpen-modua nola garatu den aztertzea funtsezkoa dela uste dugu, baita metatzeko eta balorizatzeko dituen "fronte" berriak ikertzea ere. Ildo horretan, kapitala-lana kontraesanak eboluzionatu egin duela ikusten dugu. Gaur egun, ekoizpenaren eremuak zirkulazioaren eremua subsumitu duenez, hiri-eremua akumulazio kapitalistaren territorio hegemonikoetako bat bihurtu dela argi daukagu ("kapitalaren bigarren mailako zirkuitua" deitu izan dena).

 

Hortaz, Kapitalaren ofentsiba global itzela ematen ari da lurralde ezberdinetan, Bilbon hiri neo-liberal edo eta erakusleiho-hiriaren forma hartzen duena, kapital finantzarioaren neurrira eraikia. Ofentsiba horretan, auzo herrikoiak merkatu globalean saldu beharreko merkantzia bihurtzen dira, gentrifikazioa eta turistifikazioa bezalako prozesuen bidez. Prozesu horietan, merkantilizazioa maila guztietan gertatzen da, eta erabatekoa da: ez dira gure auzoak soilik merkantzia bihurtzen ari direnak, gu geu, gure kultura eta gure bizimodua baizik. Ofentsiba kapitalista horren aurrean, langileria antolatzea ezinbestekoa da; klaseen arteko borroka territorializatuz, Metropolien eta auzo herrikoien arteko kontraesana azaleratuz eta auzoetan kontrabotere guneak eraikiz, metropoli kapitalista suntsitzeko.

 

Horregatik, herri-boterea sortzeko beharrezkoak eta aldi berean banaezinak diren bi ardatz planteatzen ditugu: auzodefentsa eta auzo-boterea. Auzoa (aurretik azaldutako ikuskera politikotik definitua) herri boterearen hazia dagoen lekua dela uste dugulako, lokal-global dialektika artikulatzeko abiapuntua.

 

Zentzu horretan, auzodefentsa ofentsiba kapitalistari erantzun sektorialak eta integralak emateko tresna bezala ulertzen dugu. Sektoriala, kapitalaren ofentsibari aurre egiteko perspektiba desberdinetatik eta behar desberdinei emanez egin behar delako (etxebizitza, lan-arloa, turistifikazioa...). Baina integrala, ezin ditugulako arazoak isolatu, baizik eta kausazko eta osotasunaren azterketa batean integratu. Beraz, auzodefentsa herri boterearen erantzunaren arlo “negatiboa” izango balitz, auzo-boterea haren alderdi positiboa/produktiboa izango litzateke. Izan ere, ezin diogu ofentsiba kapitalistari aurre egin, ez badugu boterearen gaia planteatzen. Horretarako dominazio kapitalistak gure bizitzetan (eta gure auzoetan) nola jokatzen duen aztertzea ezinbestekoa da eta aldi berean botere eredu kontrajarri eta antagoniko bat eraiki (herri boterea). Zentzu horretan, herri boterea mundu berria prefiguratuko duen arloa litzateke, hau da, komunitatearen eraikuntza, bizimodu ezberdinen sorrera edo eta etika kolektiboa bezalako gaiak planteatuko dituena.

 

Horretarako, badakigu lehenengo urratsa ofentsiba kapitalista berriaren aurrean auzodefentsa kolektiboa antolatzea dela, auzokide guztien behar materialei erantzunez. Hori dela eta, guk gaur egun identifikatu dugun beharrizana, auzodefentsa integralerako abiapuntua izateko, etxebizitzaren problematika da.

 

 

4 Etxebizitzaren arazoa politizatzea: AZETen apustua.

 

Hortaz, une honetan etxebizitzaren arazoa politizatzea ezinbestekoa dela ulertu dugu, gure auzoetatik etxebizitzaren aldeko borroka erradikala aktibatuz. Horregatik, auzoko beste militante eta auzokideekin batera AZET, Bilbo Zaharreko Etxebizitza Sindikatua, eratzearen aldeko apustua egin dugu.

 

4.1 Zergatik etxebizitza eta zergatik orain?

Gaur egungo gizarte kapitalistan langileok gero eta esplotatuago eta prekarizatuago bizi(irauten) gara eta prekarietate horretan etxebizitzaren gaia premiazkoenetako eta kezkagarrienetako bat dela uste dugu. Kapitalismoak bizitza erabat merkantilizatzen duen testuinguru honetan, etxebizitza, eskubidea izatetik, negozio izatera igaro da; hau da, merkatu globaleko beste merkantzia bat, oinarrizko premia izatetik ia luxuzko ondasun bihurtu dena.

 

Gure auzoan COVID-19arekin areagotu den larrialdi egoera (sistema kapitalistaren kontraesanak berriz ere mahi-gainean jarri dituenak) aspaldi bizi dugun larrialdi estrukturalari gehitu zaio, azken urteetan gentrifikazio eta turistifikazioarekin azaleratu izan dena. Hortaz, argi ikusten dugu krisiak irekitako "aukerak" baliatuko dituztenak, gure auzoa aspaldi saltzen ari ziren berdinak izango direla; hau da, enpresari handiak, espekulatzaileak, inmobiliariak, turismo-enpresak, multinazionalak eta guzti hauei alfonbra gorria jartzen dieten instituzioak. Ondorioak ordaintzen jarraituko dugunok, berriz, gu geu izango gara: langile-klaseko auzokideak, errenta ordaindu ezin dugulako auzotik alde egin behar izango dugunok.

 

Horregatik argi ikusi dugu etxebizitzaren aldeko borroka erradikala martxan jartzeko unea dela eta horretarako etxebizitzaren problematika logika asistentzialistak gaindituz eta gaur egungo instituzionalismoarekin hausten duen antolakuntza ereduei jarraituz egin behar dela. Testuinguru honetan, beraz, AZET Etxebizitza Sindikatua jaio da, non klase elkartasuna hauspotzea eta auzo-boterea eraikitzea oinarri izanda etxebizitzarekin lotutako beharrei erantzun kolektiboak ematen dizkiegun.

 

4.2 AZETen lana eta helburuak

Lehen aipatu dugun moduan, etxebizitza arrakala moduan erabili behar dugula uste dugu, borroka integral baten barruan kokatuz. AZETen planteamenduaren helburua, beraz, lehen aipatutako logika dialektikoak (lokaletik-globalera, konkretutik-abstraktura...) auzoko errealitatera eramatea da: hau da, kaltetuen behar material konkretuei kolektiboki erantzuteko antolatzen hasi, auto-antolakuntza, klase elkartasuna eta borrokan oinarritutako auzo eta komunitate baten eraikuntza bultzatuz.

 

AZETen oinarrizko bi printzipioak, beraz, hurrengoak dira: gure auzokideen beharrei erantzutea eta modu kolektiboan egitea. Eta honetarako hainbat maila eta arlotan egiten dugu lan, aholkularitza juridikoa eskainiz eta jabeen jazarpenen aurrean erantzun kolektiboak emanez. Horretarako sindikatura heltzen diren kasu guztiak asteroko asanbladan planteatzen dira, non guztion artean arazoei irtenbideak bilatzen dizkiegun, kasuaren arabera erantzun ezberdinak diseinatuz. Arazoei irtenbidea emateko martxan jarri ditugun baliabideak anitzak dira (kasuak ere anitzak diren moduan): jabeekin mediazioak, kaleko presio soziala, salaketa publikoak edo eta kaleratzeen oztopatzea (bai tresna juridikoen bitartez, bai mobilizazioa eta elkar-babesaren bitartez), besteak beste.

 

Hori dela eta, lehen aipatu ditugun gure bi lan-ardatz garatzea planteatzen dugu, auzodefentsa eta auzo-boterea, etxebizitzarengatik abiatuta; ez borroka hori sektorializatzeko, baizik eta etxebizitzaren arazoari borroka integralago baten abiapuntu gisa erantzuteko eta beste auzo bat eraikitzeko, zeinetan harreman kapitalistak, arrazistak eta patriarkalak lekurik ez duten, marrazo kapitalisten interesek lekurik ez duten moduan. Hau da, auzo aske bat, langile eta desjabetuon auzoa, auzotarrok eta auzotarrontzako eraikia, (err)existitzen duen auzo solidario bat.

 

Hortaz, jakin badakigu, etxebizitzaren problematika lantzea auzodefentsa eta auzo-boterea eraikitzeko lehen urratsa baino ez dela eta bide horretan beste tresna batzuk garatu beharko ditugula, gure auzokide proletarizatuen beharrizanei erantzun irmoa emanez. Izan ere, argi daukagu auzodefentsarako tresna hauek dominazio kapitalistari benetako alternatiba kontrajartzeko abiapuntu izan behar direla: proposamen integral bat, normaltasun kapitalistarekin bateraezina eta antagonikoa dena, auzoetatik eraikitakoa eta Euskal Herriko herri boterearen sua hauspotuko duen txinparta izango dena.

 

 

Auzoetatik Piztu Bilbo

Espazio hau “HERRI BOTEREA eta Euskal Herria”ren inguruko gogoeta dinamika kolektiboa bultzatzeko da, pertsona eta kolektiboen iritziak, hausnarketak eta ekarpenak jasotzeko eta zabaltzeko. Hamabostean behin, Euskal Herriko txoko desberdinetako kolektiboen zein pertsonen ekarpenak plazaratuko dira, guztion artean puzzle kolektibo aberasgarria eta anitza osatze bidean.