2020-06-16 01:00

Esku artean dugun artikulu honetarako Gilberto Valdés Gutiérrez Kubako Filosofia Institutuko ikerlariaren “Globalización Imperialista y Sistema de Dominación Multiple” lana hartu dugu oinarri. Hain zuzen ere, La Habanan “XIII Taller Paradigmas Emancipatorias”-en arira idatzitako artikulua hartu dugu ardatz.

https://culturayresistenciablog.wordpress.com/2019/01/17/globalizacion-imperialista-y-sistema-de-dominacion-multiple-por-gilberto-valdes-gutierrez/


 

Gilberto Valdés Gutiérrez Filosofia zientzietan doktorea da 2002. urtetik. Bereziki, mugimendu sozial eta politikoak, egun Latinoamerikan dauden paradigma emantzipatzaileak eta filosofia politiko eta soziala aztertzen ditu. Filosofia Institutuko Galfisa taldearen (Grupo América Latina, Filosofía Social y Axiología) jarduerak koordinatzen ditu.


 

Bere lanean hauxe azpimarratzen du Váldes-ek: Kapitalak zuzendutako munduari alternatiba errealak bilatzeko garaian historikoki beronek aurrera eramandako dominazioak aztertu behar direla. Analisirako begirada zehatz hori jartzeaz gain dominazio hauei aurre egin eta akulumulazio politiko berri bat artikulatzeko hainbat klabe ere jartzen dizkigu mahai gainean.

 

DOMINAZIO ANITZEKO SISTEMA: analisia eta praktikak

 

Valdés-en iritziz kapitalak gidatutako sistema modu egokian analizatzeko eta alternatibak eraikitzeko klabeetan kokatzeko bere dimentsio ekonomiko, politiko, sozial, hezitzaile, kultural eta sinbolikoak aintzat hartu behar dira. Arlo ekonomiko eta soziala kapital sinbolikoarekin sendotzen da: lehen familia, erlijioa, etnia, nazioa, tradizioak,...ziren sinbolismo horren produkzio makinak; orain aldiz komunikazioa, espektakulua, aisi eta entretenimendu kulturala,... eta orokorrean esperientzia eta bizitzaren errepresentazioaren industria guztiak osatzen duten “industria konstelazioa”.

 

DAS-ren bitartez pentsamendu kritikoarentzat inbisibilizatuta egon diren hainbat dominazio multzo bisualizatzen dira. Honek hainbat aldarrikapen eta praktika askatzaileren arteko hurbilpenean lagundu dezake, orain arteko kontraposizio eta haien arteko artikulazio ezak gainditzen lagunduz. Hona hemen, Valdésen hitzetan DAS-ak darabiltzan bost praktikak:

 

Esplotazio ekonomikoa eta gizarte bazterketa

Mundu mailako ekoizpeneko enpresa transnazionalen esplotazio modu berriak agertzen dira. Aldi berean, esplotazio ekonomikoko praktika tradizionalak sakontzen dira. Guzti honi gizarte bazterkeria gehitzen zaio, esplotazio hauek indartuz.

 

Zapalkuntza politikoa demokrazia formalaren esparruan

Politika ikuskizun neoliberala. Kutsadura bisuala eta "pornografia" politikoa, herritarren botoaren erabaki garrantzirik eza, demokrazia errepresentatiboaren hustutzea, ustelkeria orokortua, klientelismo politikoa eta botere eliteek estatua bahitzea.

 

Diskriminazio soziokulturala

Etnikoa, arrazazkoa, generokoa, adinekoa, aukera sexualetakoa, erregioen araberakoa, ... besteak beste.

 

Besterentze mediatiko-kulturala

Hedabideen kontzentrazio handia kapitalaren jendartearekiko dominazio forma gisa. Baita erabaki politikoak hartzeko gune bihurtzea. Bere hegemoniaren arriskuan jartzen duten alternatiben eta erresistentzia herritarren kontrainsurgentzia bezala..

 

Harrapakaritza ekologikoa

Giza espeziea "erantzule" gisa jarrita eta ez “jabe” bezala. Zor ekologikoa sortu da, ekosistemak deuseztatu dituen naturaren erabilpen utilitaristak zabaltzea ekiditea lortu ez delako.

 

  •  

 

SISTEMA UNIBERTSALARI AURRE EGITEA

 

Dominazio Anitzeko Sistemaren nozioaren esanahi historiko eta epistemologikoa erredukzionismoa gainditzean datza, eta, ondorioz, kapitalaren botere politikoaren aurkako borrokak kapitalistaren ordezko ordena politiko-instituzional berri bat sortzeari ez ezik, haren zibilizazioaren eta kultura hegemonikoaren gainditze historikoari estuki lotuta daudela ulertzea.

 

Baina, nola gainditu erredukzionismo hori? Nola eraiki ordena politiko-instituzional berri bat? Nola gainditu bere hegemonia? Hainbat erreferentziari aipamenak eginez hona hemen Valdés-ek mahaigaineratzen dituen klabe batzuk:

 

    • Unibertsalismo berriak: modu unibertsalari (gure garapenaren logikari, zientziari, teknologiari, patriarkatuari, militarizazioari, nuklearizazioari, gerrari) aurre egingo diotenak. Gizarteen aniztasuna, filosofia, ideologia, tradizioak eta kulturak errespetatzen dituzten unibertsalismoak behar dira.

       

    • "Osotasuna" gai politiko gailena: borrokak zeren eta noren izenean planteatzen diren erabakitzea eskatzen du. Galderak sortzen dira: nola adierazten da osotasuna zati bakoitzean? Zein izango litzateke egoera bakoitzaren eta osotasunaren arteko lokarria? Eta horrelako lokarririk ez badago, zertan datza "osotasuna"? Aniztasun hutsean? Egitura piramidala saihestuz, botere loturen arteko tentsioa sare egituren bidez eraikiz konpontzen da hemen.

       

    • Aniztasuna: ikusarazi eta kontzientziatu ahal izateko jardunbideak nola sustatu pentsatu behar da. Aldi berean, errekonozimendu horren gainean, eragileen arteko artikulazioaren etika, integrazio taktiko eta estrategikoaren printzipioa eta batasun soziopolitiko adostua indartu behar dira, beharrezkoa baita emantzipazio sozialaren eta duintasun pertsonalaren proiekturako, munduko ordena neoliberalari aurre egiteko.

       

    • Autoestimua: norbere burua maitatzen ikastean datza, beste batzuei eskaintzeko. Autoestimua ez da nartzisismoarekin lotzen, ezta berekoikeriarekin ere. Nork bere burua zaintzea, integratzea, nork bere burua maitatzea, nork bere burua ekintzailetza kolektibo baten parte gisa hartzen ikastea da. Autoestimu gabe ez dago inolako hurbilketa sozial edo humanorik. Horrek balio du bai harreman pertsonaletarako, bai nekazarien mugimendurako, bai erakunde demokratikoen bidezko herritarren mugimendurako.

       

    • Sareen artikulazioa: sarea ez da soilik hariaren bidez lotzen, baizik eta hariak elkarrekin lotzen diren korapiloak osatzen ditu. Hau da, lotura erlazionatzen duenaren izaera berekoa da. Orduan, arazoa sarea osatzen duen baldintzara itzultzen da. Eta hura arrantzaleak erabiltzen duena izan ez dadin, sarea osatzen duten nodoen artean eta horien barruan zirkulatu behar du botereak.

       

    • Apurketa graduala: "Emantzipazioa loturen ekoizpen gisa" ulertzea. Beraz, zaharrarekiko haustura maila desberdinak leudeke. Emantzipazioa eta mundu berri baten sorrera eragiten duten alderdi elkarrekin garatzea. Boterea hartu ondoren, gauetik goizera, ingurumenaren arazoa (emakumearena, herri indigenena, auzoena eta abar) konponduko direla dioten ikuspegiaren kritika. Nahi dugun gizarteak, jakina, zerikusi handia baitu horretara iristeko egiten dugun bidearekin, helburuak eta bitartekoak ez bereiztearekin eta eredu zaharrak ez erreproduzitzeko edo menderatze modu berriak ez sortzeko gaitasunarekin ere.

       

 

Erronka hauei aurre egiteko beraz, artikulazioaren etika bat eraiki beharra dagoela azpimarratzen du bere lanean Valdés-ek: bestearekiko errespetu sakonean, elkarrekin eraikitzeko prestasunean, jakintza, kosmologia eta metaketa- eta konfrontazio-esperientzia desberdinetatik abiatuta, identitateak eta subjektibotasunak bultzatuz.

 

 

ONDORIOAK

 

Artikuluak azpimarratzen du kontua ez dela mugimendu herritarren alderdi desberdinek botere hegemonikoei aurre egiteko gaur egun dituzten moduak konfrontatzea. Ezta haien arteko tradizio ezberdinen (marxisten, sozialisten, komunisten, erlijiosoen, indigenen, feministen, sindikalen, girozaleen, komunitaristen eta abar) artean dauden desadostasunak ukatzea. Alderantziz, garrantzitsuena barrura begira ez isolatzea dela dio Valdés-ek. Korporatibotibismotik urrundu eta aniztasunak aintzat hartuz identitate sozial-kolektiboak eraikitzea da kontua, horretarako irekitzean, emantzipatzeko konpromisoan, bizitzaren defentsan eta elkartasunean oinarrituz.

 

Eta bizitzako dimentsio ezberdinetan borrokatu beharko dira alternatibak. Kapitalaren sistema ez delako soilik mekanismo ekonomikoen multzo bat, guztia hartzen duen eta bizitzaren alderdi bakoitza sakonki ukitzen duen erreprodukzio metaboliko sozialaren modu multifazetiko bat baizik. Material eta ekonomikotik hasi eta harreman kulturaletaraino hedatzen den sistema bat da. Beraz dimentsio guzti horietan artikulatu eta eraiki beharko dugu herri boterea.

 

Bide horretan akumulazio politiko berritu batean sakontzeko hiru lerro hauetan lan egitea proposatzen du Valdés-k:

 

    • Subjektu edo gizarte-eragile bakoitzaren kultura-espezifikotasuna eta gaitasun sinboliko eta komunikatiboa aitortzea. Maila horizontaleko komunikazio-ekintzak egitenez, eskari espezifikoak aztertzeko aukera emanez, beste sektore batzuetakoak modu solidarioan integratuz, klasea, generoa, etnia eta arraza menderatzeko formekiko konfrontazio teorikoan eta praktikoan oinarrituz.

       

    • Herri mugimenduaren barruan tradizio politiko bakoitzak berezkoa duen akumulatzeko eta konfornatzeko moduen aniztasuna onartzea.

       

    • Mugimendu sozialak, alderdiak eta gizarte zibileko beste indar sozial eta politiko batzuk antolatzeko modu horizontalaren beharra.

 

Hona hemen Gilberto Valdés Gutiérrez ikerlari Kubatarraren artikulutik Herri boterearen inguruko hausnarketara ekarritako klabeak. Etorkizuneko aliantzak indartzeko gaurdanik gure inguruko eragileen arteko saretze anitz eta prefiguratiboan lan egiteko badugu nondik hasi.

 

Kukula (Gogoeta Taldeko kidea)

Espazio hau “HERRI BOTEREA eta Euskal Herria”ren inguruko gogoeta dinamika kolektiboa bultzatzeko da, pertsona eta kolektiboen iritziak, hausnarketak eta ekarpenak jasotzeko eta zabaltzeko. Hamabostean behin, Euskal Herriko txoko desberdinetako kolektiboen zein pertsonen ekarpenak plazaratuko dira, guztion artean puzzle kolektibo aberasgarria eta anitza osatze bidean.