2019-09-24 12:25

Garai nahasiak datozela ematen du gure Euskal Herri txiki honen baitan are txikiagoa den ezker mugimenduarentzat. Nahasiak izateagatik interesgarriak ere izan daitezkeela pentsatu beharko dugu. Hein handi batean ulergarria da ziklo politiko berriaren taupadek, hasierakoek behintzat, barne gatazkaren zalaparta sortzea; epe luzera jo dezakeen ziklo berri baten irekieran gaude eta orain ezartzen ditugun oinarriek hurrengo hamarkadetako jardun politikoa baldintzatu dezakete. Asko dago jokoan, beraz, Euskal Herriaren askatasun osoaren alde borrokan jarraituko dugunontzat. Zer galdu ere badugu; azken 50 urteetan metatutako indar politikoa, herri borrokalari bezala bizirautea bermatu duena, barne guden ondorioz behin betiko galtzeko arriskua. Alegia, Europan zehar ohikoegiak diren ezker mugimendu erabat atomizatu eta sozialki hutsal horietako bat bezala amaitzeko arriskua.

Arriskuak arrisku, ukatzerik ez dago abagune historiko batean murgilduta gaudela. Halakoetan, “zer egin?” galderari erantzun egokiena ematea ezinbestekoa da; estrategia marrazterako orduan hurrengo urteetako gakoak modu zorrotzenean asmatzea. Zentzu horretan, panorama argitze aldera, guzti honen abiapuntua identifikatzea komenigarria litzateke. Zer esanik ez dago, 50 urte oparo iraun zituen aurreko zikloari dena zor diogula; guk, orain eta hemen, herri honen alde borrokatzen jarraitzeko aukera, bidean dena eman izan duzuenoi eta diharduzuenoi esker baino ez da posible izan. Zuek utzitako arrasto iraultzailea bilatzen gauden honetan, zuen oroimenak argituko digu bidea.

Non galdu dugu, baina, iraultzaren arrasto hori? Argi dago, momentu zehatz batean, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua estrategikoki agortu egin zela eta bere burua berrasmatzeko gaitasunik gabe noraeza nagusitu zela bere baitan. Hurrengo batean sakonduko dugu porrotaren nondik norakoen azterketan (noiz hasten den, nola ematen den, zergatik ematen den...), baina zalantzarik gabe esan dezakegu 2000. urteko lehen hamarkadan jada ENAM-ek bere azken momentuak bizi izan zituela. Porrotaren ondotik, desartikulatzea etorri zen eta hemen egon liteke egungo egoera ulertzeko gakoetako bat: ez zen bakarrik borroka armatuaren desmantelazioa eman; prozesu iraultzailearen ondorengotza bermatu zezakeen egitura organizatibo eta teorikoa ere desmantelatu zen erabat. Horrela, sozialdemokraziak kontrol politikoa hartu eta Ezker Abertzalearen egitura guztiak erreformaren koordenadetan kokatu zituen. Honek ondorio argi bat ekarri zuen; estrategia iraultzailearen alboratzea.

Baina euskal jendartean badago oraindik iraultzan sinesten duenik. Hori ukatzerik ez dago. Nostalgikoak ote? Utopikoak agian? Ameslariak? Gure ustez, iraultzaileak, besterik gabe. Hitz horrek duen pisu eta ardura historiko guztiarekin. Eta iraultzale orok, ezer baino lehen, bere buruarekin topo egin beharko du. Esaterako, ENAM-en porrotari dagokionez, erreformismoaren jokaldia analizatu baino, sozialismo abertzale iraultzailearen huts egitea ulertu beharko genuke, hor baitago porrot historikoaren gakoa. Hein handi batean, proiektu iraultzaileak bere helburuak betetzeko gaitasun ezak eragin zuen ENAM-en desegitea; erreformismoak abagunea behar bezala probesten baino ez zuen jakin izan, besterik ez. Zeintzuk dira, beraz, sozialismo abertzale iraultzailearen huts egiteak? Zeintzuk kolapso estrategikoaren arrazoiak?

Gehiegitan, ordea, kontrako bidea hartzen dugu eta besteen gabeziak zerrendatzen hasten gara. Norberaren ahulezien tamainakoa da besteen akatsetan ikusmira jartzeko joera. Horregatik, egun “ofizial” bezala izendatzen den Ezker Abertzaleari gure azken erreferentzia: gure bideak, momentuz behintzat, banatuta doaz, egungo testuinguruan ezinezkoa delako ildo estrategiko bateratua garatzea. Ikuspegi ezberdinetatik egingo diogu aurre Euskal Herriaren aldeko borrokari eta askotan talkak sortu litezke gure artean, baina horrek ez du esan nahi etsai bezala identifikatzen ditugunik, inondik inora. Etsai nahikoa ditu dagoeneko Euskal Herriak. Horregatik, errespetuzko harremana da elkarri zor dioguna; bakoitzak bere bideari ekin, joko zikinak alde batera utzi eta ahal den neurrian gure arteko zubiak hautsi gabe mantendu beharko genituzke. Zentzu horretan, ulertu beharko genuke iraultzailea ez den antolakunde edo mugimendu bati ezin diogula iraultzailea izatea exijitu; iraultzaileon programa politikoa beteko dutela edo bete “beharko” luketeela pentsatzea frustrazio iturri baino ez da izango.

Eta hemen hasten da iraultzaile orok bete beharko lukeen benetako lehenengo ariketa; ohikoa daukagun begiradaren noranzkoa aldatu eta besteek egiten dutena epaitzetik, gure barrura begira jartzea. Proiektu iraultzailea maila sozialean gauzagarria dela erakutsi beharko dugu, eta hori, oztopoak oztopo, gure ardura baino ez da izango. Ez hori bakarrik; gauzatu ere, gauzatu beharko dugu. Edo, gutxienez, horretarako asmo irmoa erakutsi. Bide iraultzailean sinestu eta horri bizitza eskaini beharko diogu, iraultzailearena ere baita fedezko hautua; arrazionalitate positibistatik haratago, ezin garelako baldintza objetiboak noiz etorriko zain egon. Bizi hautua da, hortaz, iraultzaileak egiten duena; ez da honetan edo bestean militatzeko erabaki partziala, eta, horregatik, bere baitan darama ukazioaren onarpena. Borondatezko ukazioa da, baina; sistema ustel batean hutsik sentitzen dugun bizitza ezaren ukazioa, alegia. Eta honek ate bat irekitzen du; hutsik dagoena esanahi askatzailez betetzeko aukera. Guzti honengatik, barnera jarri beharreko begirada hori ez da bakarrik kolektiboki egitekoa, norbanakoak ere egin beharreko ariketa da. Norbanakoa kolektiboan txertatuz gauzatzen delako iraultza soziala, norbanakoaren egoa disolbatuz eta gu guztion gogoa kolektiboaren mesedetara jarriz. Honekin, iraultzak izan behar duen zentzu sozial orokorra ere marrazten da; sistema kapitalista eta patriarkalaren erroan dagoen jabetza pribatuaren abolizioa, hain zuzen ere. Guk komunismoa deitzen diogu horri.

Sistema kapitalista, dominazio sistema historiko bezala, jabetza pribatuaren gainean eraikitako sintesi sozial bezala ulertzen dugu. Bere baitan, jabetza forma horren arabera eraikitako sistema juridiko, politiko, ekonomiko eta ideologikoak funtzio nagusi eta zehatz bat betetzen du: burgesiak, kapitalaren jabetza duenak (sozialki esanguratsua den jabetza), gainontzekoen lana bereganatu eta botere soziala etenik gabe metatu ahal izatea. “Gainontzeko” horiek langileak gara, desjabetuon klasea, merkantzien zirkulaziora gure lan indar biluzia aurkeztu baino ezin dugunak egin. Inposatua zaigun posizio sozial horretan harrapaturik, burutzen dugun lanaren zati bat baino ez zaigu ordaintzen, soldata bezala aurkezten zaiguna. Ekoizten dugun aberastasun sozialaren gainontzekoa burgesiak bereganatzen du gainbalioaren apropiazioaren bitartez. Askotan begibistakoa ez den arren, lapurreta modu normalizatu eta “legalean” ematen baita, burgesak sistematikoki apropiatzen du langileok ekoiztutako aberastasun soziala. Finean, kapitalaren jendartean, langileok kolektiboki sortutakoa, legalitate burgesak jabetza pribatu kapitalista bilakatzen du. Hori da kapitalismoak bere baitan gordetzen duen kontraesan nagusia, gainditu ezingo duen esplotaziozko harremana, egiturazko biolentzia. Jaio zenetik gaur egunera arte horrela izan da, eta sistema sozial bezala erabat deuseztatzen ez den arte, horrela izaten jarraituko du.

Baina egungo kapitalismoan bestelako zapalkuntzak ere ematen dira, eta horien artean patriarkatuak emakumeokiko eragiten duena azpimarratu nahi dugu. Esplotazio sistema honek jatorri aurrekapitalista badu ere, ondo baino hobeto jakin du modernitate kapitalistara egokitzen eta mugimendu feministen hamarkadetako borrokei esker, inoiz baino argiago geratzen da egungo jendartea goitik behera zeharkatzen jarraitzen duela patriarkatuak. Funtsean, jabetza pribatuarekin ere badu zerikusia; oinarrian, emakumea gizonaren jabetzaren mugen baitan ulertzen baitu. Apropiazio patriarkal hori emakumeen lanaren gainean eman daiteke, baita haien gorputzetan ere, eta hamaika adibideren bitartez adierazten da: enpresari batek emakumeari lan bera egiteagatik gutxiago ordaintzen dionean edo emakumeak lan indarra lanpostu feminizatu eta prekarioagoetan saltzera behartuta daudenean. Baita gizon langileak bere emazteak etxean egindako lan erreproduktiboaren ordainketa (soldata), indibidualki jasotzen duenean ere. Eta nola ez, emakume guztiak, jendarte patriarkal batean emakume bezala sozializatuak izateagatik, etengabe pairatzen duten biolentzia fisiko eta psikologikoa; bortxaketak, erailketak, mespretxuak, gutxiespena...

Puntu honetara helduta, nola eutsi jendarte kapitalista eta patriarkalaren abolizioari? Zein da gure programa iraultzailea? Hasieran esan badugu iraultzaile ororen lana barrura begiratzea dela, kanpora begiratzeaz ere ezin gara ahaztu. Horretarako, begirada ortzimugan kokatzeko gai izan beharko ginake, iraultza ez delako egun batetik bestera emango den eztanda soziala. Eztanda sozial bezala ulertzea ere, zeinaren ondoren sintesi sozial berria “logikoki” argitzen den, iraultzaren ikuspegi erredukzionista eta determinista onartzea litzateke. Iraultza prozesu bezala ulertzen dugu, momenturen batean maila sozialean gauzatu daitekeena, baina gaurdanik egikaritzen hasi behar duguna. Hots, bide iraultzaileak bere baitan helburua barnebildu beharko du; irudikatzen dugun etorkizunezko bizitza aske horren edukiak gaurdanik gorpuzten hasi beharko gara. Horregatik, berebiziko garrantzia dute egunero emango ditugun pausu txikiek, horiek ere prozesu iraultzailearen osagai esentzialak direlako. Honenbestez, iraultza ibilkera bat da, eta, nola ez, norabide bat, ikuspegi estrategiko bat; egun ematen ditugun pausu txikiak norabide egokian ematen ditugula ziurtatuko digun estrategia hain zuzen ere. Hau da jardun iraultzailea ulertzeko daukagun begirada.

Hortaz, jomuga identifikatua dugu: inolako zapalkuntza eta klase sozialik gabeko sistema soziala; jendartea osatzen dugun kideon bizitza askatasun errealean garatuko dela bermatuko duen sintesi sozial berria. Gurean, ortzimugako helburu estrategiko hori Euskal Komuna Sozialisten Errepublikaren eraikuntzan kokatzen dugu.

Bide horretan, epe laburrean gauzatu daitezkeen bi helburu aurreikus daitezke; borrokaren jarraikortasuna eta mugimenduaren despatriarkalizazioa. Lehenengoari dagokionez, agerikoa da borroka tradizioa galtzeko arrisku nabarmena dakarrela egungo testuinguruak. Historiaren taupadak eta hari gorria galtzeak noraeza ekarri dezake eta horregatik ezinbesteko abiapuntu bezala ikusten dugu belaunaldien arteko haustura gainditzea. Borroka komunitatea berreraiki, belaunaldien arteko loturak mantendu, izan garena irakatsi eta egindako akatsak onartzeko prestutasuna erakustea da gure egitekoa. Iraganik gabeko orainak etorkizunik ez duelako. Bigarren helburuari dagokionez, patriarkatua maila sozialean existitzen den zapalkuntza forma izanik, ulertzekoa da gutariko bakoitzak patriarkatuaren isla izatea gure baitan. Beraz, arazo soziala den heinean, mugimendu iraultzaileak berak duen arazoa ere bada. Esaterako, asmo iraultzailerik zintzoena duen gizonak ere, bere izaeraren parte ditu jarrera patriarkal eta matxistak; errealitate hori inolako konplexurik gabe onartzeko gai izan beharko gara. Ziurrenik, gure pertsonalitatearen zutabeak kolokan jarriko ditu despatriarkalizazio lanetan hasteak, baina ez dugu zertan beldurrik izan. Prozesu iraultzailearen baitan eginiko lanketa, norabide egokian egiten bada (norbanakotik kolektibora doan norabidean), ezinbestean emaitza emankorrak izango ditu. 

Honenbestez, ezer gutxi daukagu gehitzeko gaurkoan. Hurrengo hilabeteetan aipatu gai ezberdinetan sakontzeko aukera izango badugu ere, abiapuntu bezala argi dugu egiturazko biolentzia, zapalkuntza eta dominazioan oinarritutako sistema batean bizi garela; 2019. urtean, oraindik ere, sistema kapitalista eta patriarkalaren biolentziapean bizi gara. Gure kasuan, gainera, biolentzia hori ez da edozein lekutan ematen: espainiar eta frantziar estatuek zapaldutako Euskal Herrian ematen da. Hamarkada luzez borrokatu izan den Euskal Herrian; odol eta malkoz bustitako lurrean. Bada, bere seme-alaben odol eta malkoak isurtzen ikusi dituen herri honek ezin dio askatasunaren bideari uko egin, ezin die historiaren taupada hotsei muzin egin. Guzti honengatik, guk, hemen eta orain, iraultzarako konpromisoa berresten dugu. Sozialismo abertzale iraultzailearen lekukoa hartu eta independentzia sozialistarantz ekiteko determinazio osoaren beharra dugu.

Askatasuna helburu, iraultza hauspotu.

Hauspoa talde politikoaren irakurketak sareratuko ditugu hemendik.