2020-01-19 10:30

Orain dala 21 urte Lemoako lehen gaztetxea izandakoa erre zan eta ordutik hona, data honitan, belaunaldi barriek bertan elkartuten dire atzineko istorioak elkarbanatuteko. Inoiz Toti Martinez de Lezeak be akelarre honitan parte hartu dauenaren kostantzia dekogu, istorio horrik inspiraziotzat hartuz. Hala ere, aste honetan plazaratutako filtrazioek agerian itzi daurie elkartze horien benetako asmoa.

Jakin barri dogunez, Karabie Zaharrean elkartzearen arrazoia erreketaren erruduna aurkitzea da, izan ere misterioa argitu barik jarraitzen dau. Antza denez urteetan zehar edariak sortutako zintzotasunagaz eta txitxiburduntziak emandako berotasunagaz lotutako sugestio teknika konplexuak erabili dauriez, baina alperrik.

Filtrazioaren aurrean lemoako gaztetxeroak prentsaurreko bat ematera behartuta ikusi dira eta zurrumurruak baieztatu dauriez. “Belaunaldi barriek justizia eskatzen dogu eta egia zor jakule uste dogu. Urteak daroaguz anekdotetatik pistak ataraten, baina zeozer eskapetan ari jaku. Horregaitik, hemendik, deialdi bat in gure dogu misteriozale guztiak domekako hamaiketakora gonbidatuz. Eta Totirekin momentu onak pasa arren, ulertuko duzuen bezala, aukeran nahiago genuke Jessica Fletcher etorriko balitz.” argitu dau taldeko bozeramaileak.

Lemoako herria koloreztatzeko (edo behintzat saiatzeko) helburuarekin hazi, hezi eta bizi dan gazte asanblada gara.