2021-05-14 12:53

Bilboko Areatzara etorri gara, uztailaren 3an hemen bertan egingo dugun mobilizazio batera dei egitera. Ekintza honi buruzko xehetasunetan sartu aurretik, ordea, hau antolatzera eraman gaituzten arrazoiak azaldu nahiko genituzke.

Nekez, neke handiz, baina pandemiari aurre egiten ari gara, eta dagoeneko, taldeko inmunitatea lortu ondorengo eszenatokian jarria dugu gure burua. Badirudi ez dagoela oso urrun, baina egoera horretara noiz iritsiko garen jakitea baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu guri nola iritsiko garen erabakitzea.

Krisi honetatik nola irtengo garen erabakitzea gure esku dagoela uste dugu; krisiek ez baitituzte berez aukerak zabaltzen, baina gure erabaki burujabeek, bai. Horregatik, indarrak batzen ari gara, egoera honetatik burujabeago irten gaitezen.

Azken 14 hilabeteotan bizi izandakoaren ondoren, are argiago daukagu burujabetzan sakontzea hil ala biziko kontua izan daitekeela. Hego Euskal Herrian Alarma Egoeraren amaierarekin gertatu dena aipatuko dugu, paradigmatikoa baita: ‘autogobernu’ esaten dioten horrek ez digu bizi dugun osasun krisiari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko gaitasunik eman. Autogobernua hau bada, onar dezagun zintzotasunez ez dela nahikoa.

Erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura; krisia kudeatzeko eta krisi honetatik nola irtengo garen erabakitzeko. Begirada altxatzen hasteko unea da, unean-uneko urjentziek zerikusi handia baitute etorkizuneko erronkekin. Pandemia honek gure gizartearen arrakalak are gehiago handitu ez ditzan eta denok etorkizun duinagoa eta bizigarriagoa izan dezagun, gure bizitzen jabe izan behar dugu, erabakimena behar dugu.

Erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura. Edozein gai edo auziri buruzko erabakiak hartzeko gai izan behar dugu, baita gure lurraldearen etorkizun politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez hautatzeko ere. Horregatik, indarrak batzen ari gara erreferendum bidez erabakitzea posible egiteko.

Burujabetzarako bidea castell bat eraikitzea bezalakoa da. Halaxe irudikatu dugu gaur bertan zabalduko dugun animazio bideoan: prozesua sostengatzeko prest egongo den oinarri zabal bat behar du; zenbat eta sendoagoa izan oinarria, orduan eta errazago eutsiko zaio orekari, eta orduan eta altuago iritsiko da taldea. Oinarria da arrakastaren bermea.

Euskal Herriko alor anitzetako hainbat eragile erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat sustatzen ari gara. Herritarron gehiengoak erabaki nahi duela ikustarazi, eta gehiengo hori burujabetzarako prozesuan inplikatzea da gure helburua: castell-aren oinarria jartzera goaz.

Horregatik, bildutako sinadurak eskutan, euskal erakundeak interpelatuko ditugu erreferendumak egiteko ahalmen osoa beren gain hartu, arautu eta garatu dezaten. Instituzioen egitekoa da herritarron borondatea arautzea eta bide ematea. Horregatik, sinadura bilketa honek babes masiboa lortzen badu, tamainako erantzuna eman beharko dute erakundeek.

Edonola ere, guk beti erantzukizunez jokatuko dugu, eta edozein dela erakundeen erantzuna, burujabetzarako bidean aurrera egingo dugu. Prozesu honetan aktibo izan nahi duten herritarrei bere konpromisoa adierazteko hiru keinu, hiru ekintza egitea proposatzen diegu:

1: www.hamaikagara.eus webgunean sartu eta erreferendumaren aldeko manifestua sinatzea, eta horrekin batera, kanpainaren eskumuturrekoa eskuratu eta janztea, beren konpromisoa publikoki adieraziz ekimenari ikusgaitasuna emateko eta finantzatzen laguntzeko.

2: 11 sinaduren erronkari eutsi, eta inguruko 11 lagunek, gutxienez, manifestua sinatu eta erronkarekin bat egin dezaten saiatzea. Dagoeneko gainditu ditugu 11.000 sinadura. Zenbat lortuko genituzke gutako bakoitzak beste 11 lortuko balitu? Sinadura bilketa hau masibo bilakatzea gure esku dago!

Eta 3: Eraikitzen ari garen oinarri sendo hori ikustarazteko, uztailaren 3an, Bilboko Areatzan egingo dugun mobilizaziora joatea.

Gaurdanik, ‘konpromiso txartela’ eskuratu daiteke 5 euroren truke. Zenbat izango garen jakinda, osasun neurriak egokitu ahalko ditugu, eta mobilizazioaren gastuei denon artean aurre egin.

Ekintza 17:30etan egingo dugu, Udaletxeko zubiaren eta Areatzakoaren artean, ibaiaren bi aldeetara. Ibaia eszenatoki bilakatuko dugu; jende esanguratsua bilduko duen ekitaldi politiko eta kultural bat egingo dugu bertan. Bestalde, sareetan zabaltzen ari den Hamaika Gara abestiaren dantzaren erronka Bilbora ekarriko dugu, eta milaka lagunek batera dantzatuko dugu.

Batera dantzatzeko, eta batez ere, batera jokatzeko unea da. Indarrak batzeko garaia da! Norabide horretan, hitzordu garrantzitsuak izango ditugu hurrengo larunbatean, maiatzak 22an, herri eta eskualdeetan.

The post Hamaika Gara ekimenaren sustatzaileek uztailak 3an Bilboko Areatzan mobilizatzera deitu dute first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.