2020-08-26 17:11

Euskal herritarrek eta katalanek “Freedom” hitza -askatasuna- irudikatuko dute argiez irailaren 5eko ilunabarrean Soudet gainean (Ereta, Bearno). Frantziako Tourraren 9. etapa (Pau-Laruns) bertatik igaroko da biharamunean, eta lasterketak eragin ohi duen mundu mailako arreta baliatuta, Gure Esku, ANC Kataluniako Asanblada Nazionala eta Llum i Llibertat deitzaileek mezu argi bat bidali nahi diote nazioarteko komunitateari: Katalunian zein Euskal Herrian auzia bat eta bera da; herritarrek beren etorkizuna libre erabaki nahi dute, eta behin eta berriz eragotzi egiten zaie.

Espainiako estatuak autodeterminazio eskubidea ukatu eta errepresio neurriak erabili arren, hala nola, Kataluniako presoei espetxe eskubideak ukatzea edo abian diren epaiketak, euskal eta kataluniar herritarren askatasun nahiek sendoak izaten jarraitzen dute. Gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu, eta horrek autogobernu maila erabakitzeko eskubidea dakar, eta baita, hala badagokio, estatu independente bat osatzea erabakitzeko eskubidea ere.

Aldarrikapen horiek zabaltzeko hitzordua ilunabarreko 20:30etan izango da. Segurtasun neurriak bermatze aldera, izen ematea egongo da (https://labur.eus/FREEDOM), eta nork bere maskara eraman beharko du, linterna edo frontalarekin batera. Antolatzaileek adieraziko diete parte hartzaileei non kokatu behar duten denen artean mosaiko erraldoia osatzeko.

Argia eta askatasuna

Llum i Llibertat ekimena da egitasmo berri honen sorburua. 2019ko irailaren 30eko ilunabarrean (urriaren 1aren bezperan) Montserrat mendiguneko 131 orratz argitu zituzten, Kataluniako Generalitateko 131 lehendakariak gogoan, eta Kataluniako herriaren askatasuna aldarrikatuz. Proiektua Kataluniako Errepublikako Artistek, Manresako ANCk eta Kataluniako Mendizaleen Erakundeen Federazioak sustatu eta Ã'mnium Culturalek lagundu zuen. Ekimen ikusgarri hark munduari bira eman zion, eta euskal herritar asko hunkitu zuen. Berehala etorri ziren Aiako Harria, Iturrigorri, Txindoki, Uzturre, Gaztelugatxe, Anboto, Karakate, Urgull, Larrun,.. Gure Eskuko kideek eta ehundaka herritarrek Euskal Herriko hamaika mendi argiztatu zituzten. Argi Dugu Bidea ekimenak helburu bikoitza izan zuen: Kataluniako herritarrei eta preso politikoei elkartasuna adieraztea, eta Euskal Herriaren burujabetzarako bidea argiztatzea.

Bi esperientzia haien uzta da Freedom ekimena, eta euskal herritarren eta katalanen arteko elkarlanean mugarri izan nahi du, aurrerantzean elkarrekin egin nahi dituzten urratsen aurrekari. Izan ere, elkarrekin gailur handiak egiteko garaia da.

The post Euskal herritarrek eta katalanek beren herrien askatasuna aldarrikatuko dute Tourrean first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.