2023-02-06 16:14

Gure Eskuk agerraldi bat egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun Batzordean, eta erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko, “adierazpenetatik harago, proposamenak egiteko, zirrikituak bilatzeko, alternatibak lantzeko eta indarrak biltzeko” dei egin die legebiltzarkideei.

Josu Etxaburu bozeramailearen hitzartzea prentsaurrean:

Gure Eskuk askotan esan duenez, euskal gizartearen gehiengoaren borondatea argia da: erabakitzeko eskubidea erabili nahi du. Borondate horri bide emateko erabakitzeko eskubidea lege bihurtu behar dela aldarrikatu du Gure Eskuk.

Norabide horretan, eskaera batekin etorri ginen Eusko Legebiltzarrera joan den 2022ko ekainaren 22an, eta eskura eman genion Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriari. Gaur, 2023ko otsailaren 6an, Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun batzordearen aurrean, eskaeraren zentzua eta xehetasunak azaldu ditugu, eta horiekin batera, eskaera bideratzeko Legebiltzarrari eskatzen dizkiogun konpromisoak ere. Konpromisoak eskatzen ditugu hitzetatik harago ekintzak nagusitu daitezen eta herri honek merezi duen etorkizuna anbizio handienarekin landu dezagun.

Begi-bistakoa denez, legealdiz legealdi gure estatus politikoaren inguruko eztabaida eta bide hori jorratzeko urratsak atzeratzen ari dira, behin eta berriro. Gehiegi. Bada garaia zezenari adarretatik heltzeko. Erabakitzeko eskubideak herri eztabaida serioa eta sakona behar du, eguneko titularretatik harago. Gu horretan gaude.

Ehun pertsona erreferentek 2021eko abenduan sinatutako Arantzazuko Adierazpenean nabarmendu zuten bezala, euskal herritarrok gure erakunde politikoak, gure estatus politikoa eta autogobernu maila, eta gure lurraldeen arteko harremanak zuzenean, mugarik gabe eta libre erabakitzeko eskubidea dugu” eta zentzu horretan, “gure etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra” aldarrikatzen dugu.

Burujabetzarako bidean jauzi bat egitea gure esku dago. Gu guztion esku dago. Sinetsi dezagun. Esku guztiak norabide berean jartzeko unea da; eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea, denok baitugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete baitezake berea.

Esan bezala, ekainean aurkeztu genuen eskaera azaltzera etorri gara gaur. Hauxe da, Eusko Legebiltzarrari zuzenduta, 21.389 herritarrek sinatutako eskaera:

Erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura eta Eusko Legebiltzarrari proposatu eta eskatzen diogu gure etorkizun politikoaren inguruko eztabaida sustatzea, herritarron parte hartze eraginkorra bermatuz, eta erreferendumak egiteko ahalmen osoa bere gain hartu, arautu eta garatzea”

Eskaera bideratzeko, honako hiru konpromiso hartzeko eskatu diogu Eusko Legebiltzarrari:

  • Gure etorkizun politikoa erabakitzeko prozesu bat eraiki eta urratsak zehaztuko dituen eztabaida irekitzea.
  • Eztabaida gardena eta irekia izatea eta bertan herritarron hitza entzun eta aintzat hartzea.
  • Eraikiko den erabakitzeko prozesua herritarron parte hartzean oinarritzea, eta horretarako mekanismoak eta tresnak aurreikustea, EAEko herritarron borondatea berresteko galdeketa bat barne.

Esatetik egitera” pasatzeko garaietan gaude, “zirt edo zart” egiteko unean, euskal gizartearen etorkizunari begira, herri eraikuntzan jauzi berri eta esanguratsu bat eskaintzeko garaietan.

Erabakitzeko prozesua irudikatzeko zilegitasun demokratikoa duten plazak sortu eta eskain ditzaten eskatu diegu, horretarako behar diren adostasunak josiz. Aldi berean eta duen konplexutasun osoa aintzat hartuta, prozesu horretan herritarron parte hartzea bideratuz. Libreki erabakitzea posible egingo duen prozesua abian jartzea behar du herri honek. Gure ustez, erronka hau kolektiboa da, herritarrona, eragile eta ordezkari politikoena eta eragile sozialena. Bakoitzak bere egitekoa du. Horregatik dei egin diegu Eusko Legebiltzarreko ordezkari politikoei dagozkien ardurak eta konpromisoak haien gain har ditzaten.

Azken batean, lanerako dei bat egin diegu legebiltzarkideei. Adierazpenetatik harago joateko, lan sendo bat egiteko, proposamenak egiteko, zirrikituak bilatzeko, alternatibak lantzeko, indarrak biltzeko. Egiteko dagoen eztabaida kolektiboa zentratzeko, bi galdekizun nagusi jarri ditugu mahai gainean: 

Batetik, gaur egun euskal herritarrok dugun erabakitzeko ahalmenak balio al du egungo eta etorkizuneko erronkei behar bezala erantzuteko?

Bestetik, euskal herritarrok gustura al gaude geure artean eta euskal lurraldeen artean ditugun harremanekin? Harreman eta lotura horiek sendotu eta beste maila batera pasatzea ez al da izango onuragarria guztiontzat?

Etorkizunaren jabe izan nahi badugu, premiazkoa da gogoeta zintzo baten ondoren, neurriak zehaztea eta hartzea. Herri baten garapenean, gizarte aktibo eta ahaldundu bat ordainezinezko aktiboa da eta herritarron aktibazio eta konpromisoa da garapen kolektiborako bermea. Argi dugu herritarrok ere bagarela burujabetza prozesuaren motore eta honetarako Gure Esku bere ekarpena egiteko prest dago, ohikoak diren lan ildo mobilizatzaileei eta ahalduntzaileei eutsiz.

Erabakitzeko eskubideak herri eztabaida serio bat merezi du. Prozesua irudikatu beharko dugu eta baita estrategia zehaztu ere. Burujabe izateko norabidea marraztu behar dugu, itsasargi kolektibo bat eraiki behar dugu portu onera iristeko. Herritarrok eta gizarte osoak eskertuko du. Etorkizunaren lema hartzeko garaia da!

The post “Etorkizunaren lema hartzeko garaia da” first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.