2023-10-27 16:44

Atzo goizean Gure Eskuk prentsaurrekoa egin zuen Bilbon gaur egun nabarmentzen ari den burujabetza faltaren inguruan iritzia emateko asmoz, baita hurrengo hilabeteetako erronken inguruan aritzeko ere.

 

Gure Eskuko bozeramaile den Josu Etxaburuk azpimarratu zuen herri batek beharrezkoa duela subiranotasuna: “Burujabe ez den herria, herri zapaldua izango da beti”.

 

Hamar urteko ibilbideari aipamena egin ostean, gehitu zuen ekimen guztietan helburutzat izan dutela burujabetza mahai gainean jarri eta erdigunera eramaten saiatzea. Azken hilabeteetan Frantziako Tourra eta La Vueltaren bitartez ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapenak egin dituztela esan zuen.

 

“Azken aldian gertatzen ari diren mobilizazioek adierazten dute Euskal Herri bat izango bada, burujabetza handiagoarekin izango dela”, esan zuen bozeramaileak. Gainera, azaldu zuen Gure Eskuren ustez, abagune politiko interesgarria bizi dela subiranotasunaren auziari konponbideak bilatzeko. Gaia agenda politikoan dagoela lurralde eremu ezberdinetan, eta duen garrantzia eman behar zaiola: “Espainiako Gobernua osatzeko prozesuan presente dago gaia, Nafarroako Foru Hobekuntza berritzeko prozesuan ere, baita Euskal Elkargoaren etorkizuna definitzeko prozesuan ere”.

 

Bestalde, aipatu zuen lurraldetasunak garrantzia izango duela datozen hilabeteetan, Euskal Herria nazioa dela, nazio gisa bere garapena izateko eskubidea duela, eta gehitu du, beraz, gaia mahai gainean dagoen honetan, eragiteko garai egokia dela uste dutela.

 

“Gure ustez burujabetza prozesu bat eztabaidatu eta adosteko garaia da. Herritarrak inplikatuz, eragile politiko, sozial, eta kulturalak elkartzeko unea da; sinergiak sortu eta herri gisa ekiteko momentua”, azaldu zuen Etxaburuk. Beraz, Gure Eskuk, datozen hilabeteetan ahaleginak egingo ditu harremanak estutu eta burujabetzaren prozesuan bidea egiteko eta dei egiten du herri erronkatzat hartzera, prozesuan parte hartzera.

 

Gainera, Gure Esku datozen urteetarako plangintza aztertzen ari dela ere esan zuen, eta bertan ezinbestean hartuko dituela bere baitan ohikoak diren bi bideak: ildo ahalduntzailea eta ildo mobilizatzailea. “Erabakitzeko eskubidearen pedagogia egiten jarraituko dugu, denon beharra baita”.

 

“Euskal Herriak, herri gisa beharrezkoa du burujabetza, beraz, har dezagun etorkizunaren lema, elkar gaitezen eta egin dezagun bidea”.

 

Hurrengo mobilizazioen aurrean zer?

 

Burujabe izatearen beharra azpimarratzeaz gain, datozen bi data eta horien inguruan Gure Eskuk esateko duena ere aipatu zuen Etxaburuk.

 

“Gure Herria, Euskal Herria ez da herria euskararik gabe, eta honekiko oldarraldiak onartezinak dira. Euskararen etorkizuna bermatzeko hizkuntz politika erabakitzea dagokigu euskal herritarrei. Gure hizkuntza eskubideak ezin dira egon euskal gizartearen borondatearekin bat ez datorren sistema judizial baten menpe”, esan zuen. Gainera, euskararen aurkako eraso, mespretxu edo irainak salatu zituen. Euskarak batu egiten gaituela, herri egiten gaituela, eta horregatik azaroaren 4ean Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioarekin bat egingo dutela zioen.

 

Bestalde, azaroaren 30ean Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako Greba Feminista Orokorrarekin ere bat egingo zutela azaldu zuen bozeramaileak. “Burujabetza faltak Euskal Herriarentzat aurrera eraman nahi dugun zaintza eredua sortzea oztopatzen digu. Zaintza gure esku nahi eta izan behar dugulako eta bizitzak erdigunean jarri behar direlako, egingo dugu bat”.

 

The post Burujabetza handiagoaren beharra azpimarratu du Gure Eskuk first appeared on Gure Esku.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri mugimendua. Burujabetzaren aldeko eta euskal herritarrok gure etorkizun politikoa libreki erabakitzeko lan egiten duen dinamika anitz eta parte-hartzailea. Jende zoriontsua herri libre batean.