2025-07-17 06:00

Hiru urteko ibilbidearen ondoren, ekainaren 30ean eman genuen amaitutzat SmartLivingEPC europar proiektua. Egitasmoaren emaitzak Leitzan antolatutako tailerrean partekatu genituen alkatetzarekin, administrazioko kideekin eta proba pilotuan parte hartu duten etxebizitzen jabeekin.

Proiektuari esker, tresna digital bat garatu da Energia Eraginkortasunaren Ziurtagiri berri bat plazaratzeko (EPC ingelesezko sigletan). Ziurtagiri digital berri horrek BIM (Building Information Model) modeloetatik kalkuluak egiteko behar den informazioa jasotzen du. Kalifikazio-eskala berri bat eskaintzen du, eraikinaren eraikuntza-ezaugarrietan ez ezik (aktiboetan oinarritutako metodologia), baita eragiketan eta eraikinaren kontsumo errealean ere (eragiketa-metodologia). Proiektu honen emaitzak oinarri ona izango dira Europako etorkizuneko arauak garatzeko. Era berean, proposatutako ziurtagiri berritzaile honek auzo-eskalako ziurtagiri energetikoa barne hartzen du.

Leitza, proba pilotua

Ziurtagiri berritzaile hau garatzeko, Leitza (Nafarroa) izan da komunitate pilotua, auzo-eskalan, erabilera ezberdinetako eraikinak baliatuz: etxebizitza pribatuak, denda txikiak eta eraikin publikoak, hala nola eskola bat, kirol-zentro bat eta udala. Proiektuan zehar, energia-kontsumoak, energia elektrikoaren ekoizpena eta konfort termikoa neurtzen duten aldagaiak monitorizatu dira. Horretarako, datuak neurtzeko eta biltzeko sistema berritzaile bat egin da, eta horrek erakutsi du zailtasunak daudela proiektuan proposatutako metodologiak ingurune erreal batean aplikatzeko.

Proiektuaren emaitzek baliagarriak izango dira gure etxebizitzen energia-ziurtagiri berriak arautzeko, Europako Batzordeak energia-ziurtagiriaren esparruan finantzatutako gainerako proiektuen emaitzekin batera.

Goienerrek energia-kontsumoa murriztearen aldeko apustu irmoarekin jarraitzen du, eta Eraginkortasun Energetikoa eta Birgaitzea gai estrategikoak dira guretzat. RENPOWER, RenoCOOP eta RenoVisor proiektuek etxebizitza birgaitzea helburu duen BiBiZi gure zerbitzua garatzen lagunduko digute.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba