2019-08-30 09:52

Uda honetan, Sorkuntza proiektu berriak prestatzen egon garen bitartean (laster hauen berri jakingo duzue, lasai!), Fagollagako Zentral Hidroelektrikoan gure Nafarkoopeko bazkideen bisitak jasotzen egon gara. Hortaz, bederatzi bisita txanda eskaini ditugu ekaina eta abuztua bitartean 83 lagunentzat.

Bisita hauetan parte hartu duten bazkideek zentralaren funtzionamendua ikusteko aukera izan dute. Horretarako zentralera sartzen den urak daraman bidea jarraitu dugu eta bisitari hasiera emateko ?hondartza? bezala bataiatu dugun ingurua erakutsi diegu. Bertan, presa, arrainen eskala, kanalera sartzeko uhateak, zabor organikoak iragazteko nabarra eta kanala beraren funtzionamendua ulertzeko aukera izan dute, baita egin ditugun eta egingo ditugun hobekuntzak ere komentatu dizkiegu.

Behin lehenengo parte hau ikusita eta zentral barrura sartu aurretik, ganbera kargaren funtzionamendua erakutsi diegu. Izan ere, orain hutsik egonda zentralaren ur faltagatik geldirik dagoelako, turbina bikoitzera sartzen den uraren erregulazio sistema primeran ikusteko aukera dago.

Ondoren zentralera sartzean, generadorearen, protekzioen eta transformadorearen funtzionamendua azaldu diegu, uraren energia, energia elektrikoa nola bihurtzen den uler dezaten. Eta argi indarraren bidea jarraitzeko, hau neurtzen duen neurgailua ikusi dute zentralaren kanpoaldean, baita erdi-tentsioko sarera konektatzeko zentral ondoan dagoen dorrea.

Bisitari amaiera emateko zentralaren ondoan dagoen eraikinaren hondakinak erakutsi dizkiegu. Garai batean burdinola bat eta ondoren zementera bat izan zela eraikin hori azaldu diegu. Modu horretan, Fagollagako Zentral Hidroelektrikoa eta bere funtzionamendua ikusteaz gain, hau inguratzen duen paraje eder guztia ikusteko aukera izan dute gure bazkideek.

Amaitzeko, eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen. Alde batetik, txandak oso denbora gutxian bete zenituztelako eta bestetik, erakutsi duzuen interes handiagatik eta zuen parte hartzeagatik. Mila esker!

Jakin badakigu, bazkide batzuk tokirik gabe geratu zinetela eta kontutan daukagu. Horregatik, bisita gehiago antolatzen saiatuko gara, Fagollaga ezagutzeko aukerarik gabe geratu zinetenak, zentrala ikusteko aukera izateko.

  •  
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba