2023-03-27 10:17

Iragan larunbatean ―martxoak 25―, Nafarkoop kooperatibako bazkideen 2023ko Ohiko Batzar Orokorra egin genuen Berako Kultur Etxean (Bortziriak, Nafarroa). Martxoko giro eguzkitsua lagun, bazkide andanak erantzun zion biltzarra bertatik bertara jarraitzeko gonbidapenari; aurreko ekitaldietan bezala, hala ere, eskaini genuen biltzarra telematikoki jarraitzeko aukera ere.

Pasa den urtearen balantzea egin eta aurtengo ekitaldirako proiektu zein aurrekontuak aurkeztu ostean, onartu ziren Kontseilu Errektoreak Batzarrari egindako proposamen guztiak. Esteka honetan kontsultatu daitezke hala emandako bozkak, nola emaitzak ere.


Batzar Orokorraren nondik norakoak

Miren Olaetxea lehendakariak hartu zuen ekitaldiari hasiera emateko ardura. Olaetxeak azpimarratu zuen «energia-krisiak egoera zaildu arren, Nafarkoop kooperatibak aurrerapen ikaragarria izan duela azken ekitaldian», hein handi batean, «bazkideen ekarpenari eta kooperatibismoari esker». Lehendakariak Goienerren «hasierako ametsari» egin zion erreferentzia, azpimarratuz energiaren sokuntzan «geroz eta pauso handiagoak» ematen ari garela. 

Batzar orokorreko puntua nagusiak bozkatzen hasi aurretik, Koldo Garciak (Sorkuntza Taldea) 2022 ekitaldiaren Memoria aurkeztu zuen, eta Jon Ruiz de Loizagak (Administrazio eta Finantza Taldea) xehetu zituen iazko ekitaldiko datu ekonomikoak eta emaitzak. 

Bigarren blokean, Epe motzerako estrategiak azaldu zituen Santi Ochoa de Eribek; 2023ko Kudeaketa plana Alazne Arrutik; eta aurtengo ekitaldirako aurrekontuak Loizagak. 

Batzarraren azken zatian, Naroa Elortzak (Barne Prozesuak Taldea) honako puntuak ekarri zituen: Estatutuen aldaketa proposamena, Barne araudiaren eguneratzea eta Errekurtso Batzordea osatzeko hautagaien zerrenda. 

Bozketen emaitzak

Azalpen tarte bakoitzaren ondoren, tartea hartu zen aurrez jasotako zein zuzenean egindako galderei erantzuteko. Zalantzak ondo argitu ondoren, ekin zitzaion Nafarkoopen Batzarreko puntu nagusien bozketari, telematikoki Demokratian bozka-sistema erabilita eta bertaratu ziren zenbaitzuk paperean era bozkatu zuten. Hauek dira, bozkatu eta onartu ziren puntuak:

  1. Ongietorria eta irekiera.
  2. 2022ko ekintzen memoria
  3. 2022ko ekitaldi ekonomikoko kontuak eta emaitza banatzeko proposamena egitea.
  4. 2022ko borondatezko ekarpenetarako % 2ko interesa berrestea.
  5. Testuinguru berritik eratorritako epe motzeko estrategia.
  6. 2023 kudeaketa plana onartzea (zer egingo dugu?)
  7. 2023ko aurrekontua onartzea.
  8. 2023an proiektu berriak garatzeko 2 milioi euroko inbertsio-politikak onartzea.
  9. 2023an borondatezko ekarpenetarako %2ko interesaren proposamena onartzea.
  10. Estatutuen aldaketa onartzea.
  11. Barne Araudia eguneratzea.
  12. Errekurtsoen Batzordeko kideak hautatzea.
  13. Galde-eskeak.
  14. Batzarreko bozketa emaitzen irakurketa.
  15. Agurra eta batzarraren amaiera.

Nafarkoop 2023: «taldea eta proiektuak sendotzeko urtea»

Nafarkoop kooperatibatik, eskerrik beroena helarazi nahi diegu gure bazkideei, larunbatean emandako erantzunagatik eta baita Batzarrean izan zuten parte-hartzeagatik ere. Babes eta indar handia ematen diote emaitza hauek Goiener Taldeari orokorrean, eta Nafarkoopi bereziki, sorkuntza-helburuak finkatu, eskuartean ditugun proiektu berriei hauspoa eman eta sendoagoak izateko elkarlanean. 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba