Honezkero ez du inor ustekabean harrapatuko. Argindar enpresa handiek berriro ere egin dute: egunotan iragarriko dituzte 6.000 milioi eurotik gorako irabaziak. Lehenengoa, Iberdrola izan da. Herritarren erdiak aire girotua ezin pizturik, arnasestuka, eta haizemaileari eraginez urtzen ari diren bitartean, bere bezero propioei tontoak deitu zien presidentearen konpainiak 3.562 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu 2025eko lehen seihilekoan.
Akziodunen batzarretan xanpain kopekin topa egiten ari ziren bitartean, 2023an, etxebizitzen % 20,8 (Europako batez bestekoaren bikoitza) pobrezia energetikoan bizi zen: ezin beren etxebizitza tenperatura egokian mantendu neguan edo udan, edo beren diru-sarreren ehuneko izugarri bat bideratu behar argindarra ordaintzera. Hau da, batzuentzat errentagarritasuna dena, beste batzuentzat hotza, beroa, iluntasuna eta prekarietatea da.
Berriro ere mahai gainean dagoen eztabaida nagusia zergena da. Konpainia elektrikoek gehiago ordaindu beharko lukete? Bai. Bai, argi eta garbi. Izan ere, sistemak horrelako desberdintasuna sortzen duenean, ezin da beste aldera begiratzen jarraitu. Zergak igotzea “arrakasta zigortzea da” argudiatzen dutenei, erantzun behar zaie horiek oinarrizko zerbitzu baten salerosketatik lortu direla, askea eta gardena izatetik oso urrun dagoen sistema baten bitartez. Legezkoa izan arren, sistema benetan manipulatua da; hemen ere, kasinoan bezala, bankuak irabazten du beti.
Desberdintasun latz hauen aurrean, Estatuari dagokio (eta administrazio publikoaren egituraren zati bati), legez, ondasunak hobeto banatzea, besteak beste, zergak tresna modura erabiliz. Akats asko egiten dira, bai; eztabaida genezake baliabide horiek nola, nork eta zertarako erabiltzen dituen ere; baina ados gaude honetan: zerga gehiago ez ordaintzeko gizarte-lana egiteak edo mediku-tresneria oparitzeak (denok ezagutzen dugun adibide bat jartzearren) eredu iparramerikarrera garamatza, ezinbestean. Eredu horretan, zeren mende dago biztanleriaren zati handi baten ongizatea? Ba, pastel osoa jaten ari den botere ekonomikoaren apur ziztrinen mende.
Konpainia elektrikoek gehiago ordaintzea, kasu honetan, ez da ideologia kontua: erantzukizun demokratikoa eta soziala, baizik.
Kutsadura masiboa eta klima-aldaketa
Enpresa horietako batzuk dira guztien artean kutsatzaileenak. Endesa, Repsol, Naturgy, EDP eta Iberdrola daude zerrendako lehen 10 postuetan; Espainiako CO₂ isuri guztien % 18-22aren erantzuleak dira. Endesak, berak bakarrik, isuri horien ia % 9‑10aren ardura du. Horrek biderkatu egiten du larrialdi klimatikoaren arazoa, eta ez dutenez erantzukizunik hartu nahi, guztiok sufritzen eta ordaintzen dugu krisi klimatikoa.
Ondorio latzak
Zer ondorio eragiten ditu desberdintasun energetiko horrek? Gaixotasunak eta heriotzak, bereziki ahultasun-egoeran dauden adinekoen artean. Soilik 2025eko maiatzaren 16tik uztailaren 13ra bitartean, muturreko beroagatik 1.180 heriotza erregistratu dira Espainiar estatu osoan, hau da, 2024ko aldi berarekin alderatuta % 1.300 gehiago. Biktima horien % 95ek 65 urte baino gehiago zituen, eta % 59 emakumeak ziren.
Faktura bi bider ordaintzen dugu: norberak bere sufrimenduarekin eta saihestu zitezkeen gaixotasunek kolapsatu duten osasun-sistemarekin.
Gobernuei xantaia eta lobby legegilea
Hamarkadaz-hamarkada errepikatzen dena: konpainia erraldoi hauek beren megairabaziak arma politiko gisa erabiltzen dituzte. Beste behin ere, hau ez da iritzi pertsonala edo mitoa: José Manuel Soria ministro ohiaren arabera, konpainia handiek presio egiten zuten erreforma elektrikoak baldintzatzeko eta murrizketa fiskalak edo arautzaileak saihesteko, euren bulegoetatik lege-aldaketak proposatuz.
Merkatuan erabateko pribilegio-posizioa dute; sorkuntzaren eta banaketaren zati handi baten jabeak dira; eta Estatu osoan horniduren ehuneko oso handia kudeatzen dute. Horrek guztiak aukera ematen die gobernuak mehatxatzeko (desinbertsioak, instalazioak ixtea…).
Gakoa ez dago zergetan, irabazietan baizik
Akatsa litzateke eztabaida zerga gehiago ordaindu behar dituzten ala ez erabakitzera mugatzea.
Funtsezkoena zera da: oinarrizko ondasun bat, energia, kudeatu egin behar litzatekeela, eta inoiz ez negozio-iturri bilakatu. Beraz, ez litzateke onargarria energia-enpresa batek 3.500 milioi euroko etekinak jasotzea. Agian eztabaida genezake ea norbaitek pilatu beharko lituzkeen ere. Baina hori ez da artikulu honen xedea.
Berriro eskatzen dugu, behingoz, energia oinarrizko ondasun izan dadila. Premiazkoa da sistemaren erreforma sakon bat, publikoari eta komunitarioari merezi duen balioa eman eta logika merkantilistetatik ihes egingo duena. Ez da onargarria egoera zaurgarrian dauden herritar horiek, mespretxatzen dituzten enpresen bezero eta gatibu bihurtzea; bitartean, benetan lagundu ahal eta nahi diegunok, ez dugu aski tresna eta baliabiderik.
Azken batean, lotsaz masailak gorritzen dizkiguten irabaziak, sistemak eta egoerak; egun hauetan astintzen gaituen beroak baino askoz gehiago.
Erika Martínez Lizarraga, Goienerreko lehendakariaren iritzi-artikulua