2023-05-13 19:04

Iazko azaroan jarri zuten martxan Energiaren Udal Bulegoa Hernanin; ordutik hona, etenik gabe aritu dira herritarrei eta enpresei energiaren gaineko zalantzak argitzen eta aukerak azaltzeko aholkularitza-zerbitzua eskaintzen; beti ere, kontsumoaren murrizketa eta efizientzia energetikoa sustatzeko helburuz. 

Goienerrentzat ere berezia da Hernaniko Energia Bulegoa, Eider Iribar kooperatibako kideak azaldu duenez: «Lehendabiziko aholkularitza-zerbitzua da, Goienerrek abian jartzen lagundu duen Energia Berriztagarrien Komunitate baten ekimenez martxan jarri dena». Hernaniko Udal-zerbitzua kudeatzeaz arduratzen dira Enherkom komunitate energetikoko kideak. Horietako bat da Fermin Arruabarrena, eta bere hitzetan «sekulako harrera» izan du ekimenak herritarren partetik. 

2022ko azaroan jarri zuten abian Hernaniko Udal Bulegoa; bestela esanda: argindarraren prezioak goia jo eta fakturak maximo historikoetan zebiltzan garaian. Testuinguru horretan ireki zituen ateak Enherkomen aholkularitza-zerbitzuak, eta 5 hilabete hauetan, laguntza handia eskaini die herritarrei. Hori bera adierazten dute datuek ere: guztira, 450 pertsona baino gehiago artatu dituzte Energia Bulegoan; gehienak (%97) fakturekin lotutako kontsultak izan dira. 

Erabiltzailearen perfila marraztu behar balitz, batez ere, 45 urtetik gorakoak eta emakumezkoak izan dira kontsulta egitera joan direnak. Arruabarrenaren hitzetan, «batez ere, ulertu nahi izaten dute kontratu energetikoa zertan datzan; alegia, askok ez dakite zer duten kontratatuta, ezta baldintzak zein diren ere. Behin ulertzen dutenean, errazagoa zaie neurriak hartzea». Onura nabarmenak dira: alor sozialean, herritarrak informatu eta ahalduntzea lortu da; alderdi ekonomikoan, aldiz, fakturak nabarmen murriztea.

Energia Bulego baten zeregina ez da mugatzen, ordea, fakturen inguruko zalantza eta kontsultak argitzera. Zerbitzu horrek hainbat informazio eskaini dezake, honako gai hauei buruz: Komunitate energetikoak, dirulaguntzak, eraikinen birgaitze eta eraginkortasun energetikoa, teknologia berriztagarriak edo energia-pobrezia.

Goienerrek, Hernanin egin bezala, jarraituko du hala tokian tokiko energia berriztagarrien komunitateak sustatzen, nola Energia Bulegoak eta aholkularitza-zerbitzuak bultzatzen ere. Iribarrek azpimarratu duen moduan, izateko arrazoi beretsua dute aholkularitza-zerbitzuek eta Goienerrek: «Herritarrak ahaldundu eta energia eredu berri bat bultzatzeko sortu zen Goiener ere; aurrerantzean jarraituko dugu horrelako ekimenak sustatzen».

Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba