Goiener kooperatiban ere, ikasturte amaiera balantzea egiteko garai aproposa izaten da. Mundu-mailako gatazkek eta prezioen gorabeherek bere horretan dirauten arren, 2024.a ere emaitza positiboen urtea izan da Goienerrentzat. Kooperatibak gora egiten jarraitzen du; besteak beste, 18.000 bazkideren langa gainditu dugu lehen aldiz, eta bazkideei 100 GWh energia baino gehiago merkaturatu dizkiegu.
2024 ekitaldiari dagozkion berritasunen atalean, azpimarratzekoak dira zenbait datu: aurten CAE edo EAZ energia aurrezpen ziurtagiriak kudeatzen hasi gara; herriak energia komunitatez betetzen jarraitzen dugu, aurrez sortzen lagundutako 28 komunitateez gain, beste 5 ditugu eratzen prozesuan; eta, lehengoez gain, proiektu europar berri bat jarri dugu martxan, RENOCOOP izenekoa.
Arlo sozialean ere, datuak ez dira makalak: 2024an, han eta hemen, 100 hitzaldi inguru eman ditugu; elkarlanerako 35 lankidetza-hitzarmen sinatu ditugu beste entitate eta eragile sozialekin; eta, etxe barrura begira, Plan Estrategikoa eta Berdintasun Planak berritzeko zereginak burutu ditugu.
Batzar Orokorra 2025
Aipatu berri ditugun datuak eskuartean, pasa den larunbatean, ekainak 14, Gasteizko Arriaga Gizarte Etxean egin genuen Goiener S. Coop.eko Batzar Orokorra, bazkide andana bertan zela.
Xehetasun osoz jorratu genituen 2024 ekitaldiko memoria soziala eta urteko kontuak, 2025.erako kudeaketa-planak eta aurrekontuak bezalaxe. Larunbatean azaldu moduan, dibertsifikazioa helburu hartuta, Goienerrek eskaintzen dituen zerbitzu berriak egonkortu eta sorkuntza proiektuak indartzea dugu ekitaldi berrirako helburu.
Galde-eskeen tartean, bazkideek beren zalantzak, iradokizunak eta kexak helarazteko tartea ere izan zuten.
Bozen emaitzak
Bazkideek adostasun zabalez onartu zituzten Batzarrean proposatutako puntu guztiak. Horrela egin nahi duenak, esteka honetan egiaztatu ditzake emandako bozen emaitzak.
Goiener kooperatibako kideok eskerrak eman nahi dizkiegu Batzar Orokorrean parte hartu zuten bazkide guztiei. Baita laguntzaile izan ditugun Gasteizko zein Araizko udalei, eta EHNE sindikatuari ere.