Gaur bete da hilabetea Iberiar Penintsula osoan itzalaldi handia gertatu zela. Efemeride ilun hori baliatu genuen atzo, Bilbon, IZARKOMekin batera, ‘Itzali sistema, piztu alternatibak’ manifestu kolektiboa ―eta izen bereko webgunea― aurkeztu, eta Euskal Herriko norbanako eta eragile guztiei dei egiteko, manifestu kolektiboarekin bat egin dezaten.
Kazetarien artean ikusmin handia sortu zuen prentsa-agerraldian, “hausnarketa sakona egin beharra” aldarrikatu genuen, batez ere, energiaren eta telekomunikazio ereduen ingurukoa. Argi adierazi genuen oinarrizko zerbitzuek ezin dutela gutxi batzuen eskuetan jarraitu, eta eskatu, hala sektore horietan, nola herri mailan, proiektu komunitarioek eta herritarrek hitza eta erabakia izan behar dutela. Alternatibak egon bagaude, eta, itzalaldien aurrean, horiek pizteko garaia da.
Manifestu kolektiboa aurkeztu eta sinatzeaz Erika Martinez Goienerreko lehendakaria eta Iker Garaialde IZARKOMeko zuzendaria arduratu ziren. Biek, bai energia alorrean, bai telekomunikaziokoetan, azpiegitura zentralizatuak bultzatzea baino, tokiko sare autonomoak sortzearen beharra azpimarratu zuten, eredu iraunkor, demokratiko eta parte hartzaileagoak sustatzeko.
Nahi duen orok, manifestu kolektiboa irakurri eta atxikimendua eman diezaioke piztualternatibak.eus orrian.
Goiener eta Izarkom: Lankidetza are sendoagoa
Horretaz gain, atzo, lankidetza hitzarmen berri bat sinatu genuen IZARKOM telekomunikazio operadore kooperatiboarekin, elkarlanean urrats are sendoagoak emateko. Elkarren beharra dugu eraldaketa ekosozialaren bidean, eta aukerak aztertzen ari gara etorkizunean baliabideak elkarbanatzeko, besteak beste.
Erika Martinez, GOIENEReko lehendakariak “bidelagun onak aurkitu eta zaintzeak” duen garrantzia azpimarratu zuen. Martinezek, energia eta telekomunikazioen sistema erresilienteago bat eraiki beharraz hitz egin zuen, eta herritarrei ohartarazi, ezinbestekoa dela gure kontsumo ohiturak aldatzetik hastea.
Hitzaldia ekainaren 19an, Bilbon
Agerraldia amaitzeko, Martinezek eta Garaialdek ekainaren 19an bi kooperatibek eskainiko duten hitzaldiaren berri eman zuten. Hitzaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da GOIENERen Bilboko egoitzan.
Azaleko argazkia: Oskar Matxin (FOKU agentziak utzia)