2024-05-06 16:00

Biolur laborantza ekologikoko elkarteak sustatzen du Amillubi Lurra Taupaka proiektua, hainbat herritar eta eragilek osatutako sarearen laguntzarekin. Goiener Taldea ere sare horren parte da, eta babes ekonomikoa eman asmoz, diru-bilketa berezia egin du etxe barruan. Kooperatiba mailako ekarpen ekonomiko zuzena egiteaz gain, bertako bazkide-langile eta boluntarioek ere egin dituzte banakako ekarpenak, eta guztira 3.630 euro bideratu ditu Goienerrek Amillubi proiektura

 

Zer da Amillubi proiektua?

Iazko abenduan eman zuen ezagutzera Amillubi proiektua nekazaritza eta abeltzantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak. Ekimen berezi honekin, Zestoako Iraeta auzoan kokaturik dagoen Amillubi baserria eta inguruko lur emankorrak erostea du helburu Biolurrek, mugimendu agroekologikoa babesteko. Modu honetara, nekazariei lurrak eta eskualdeko herritarrei elikagaiak bermatu nahi dizkie, eta elikadura burujabetzara bidean urrats handi bat eman. 

Goienerren ustez, bata bestearen osagarri dira elikaudura eta energia burujabetzak. Horregatik erakutsi dio hasieratik bere babesa Amillubi proiektuari; oraingo honetan, diru-ekarpena eginez. Goienerrek eskerrak eman nahi dizkie ekimenean parte hartu duten guztiei, eta ekarpena egitera animatu nahi ditu nola kooperatibako bazkide kontsumitzaileak, hala herritar guztiak ere, lotura honen bitartez.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba