2023-11-17 09:00

Korrikaren 23. ekitaldia ate joka dator, eta gaur goizean aurkeztu dute euskararen alde egiten den ekimenik handienaren edizio berria. Beste behin ere, ehunka milaka lagunek Euskal Herri osoa zeharkatuko dute euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko eta euskaltegien alde dirua biltzeko helburuz. Adin guztietako herritarren artean, 2000 kilometro osatuko ditu Korrikak, euskaltzaleen artean ekimenik kuttunenetakoa dela erakutsiz.


Gaur Donostiako San Telmon egindako aurkezpenean, antolatzaileek 23. Korrikaren inguruko xehetasun guztiak eman dituzte: “Harro Herri” lemapean, Irunen hasiko da datorren urteko martxoaren 14an eta Baionan bukatuko da hamar egun geroago, martxoaren 24an. Era berean, ekitaldian aurkeztu dute korrikalariek soinean eramango duten petoa ere.

Goiener, Korrikaren babesle

Aurreko ekitaldietan egindako apustuari eutsiz, aurten ere Goiener Taldea izango gara Korrikaren babesle ofizialetako bat. Modu honetan, gure ekarpena egingo diogu euskararen aldeko ekinbide erraldoiari, eta 11 egunez ohorezko lekua izango dugu korrikalarien petoan. 


Berriztagarriak sortu eta kontsumitzea sustatzeaz gain, energia alorra euskalduntzea dugu Goienerren helburu nagusietako bat, eta 10 urteko ibilian, euskararen alde gure alea jartzen saiatu gara eremu ezberdinetan. Bide horretan urrats sendoak ematen jarraitzeko, bazkide guztiak gonbidatu nahi ditugu 23. Korrikan parte hartzera. 

Korrika, aztarna ekologikoa murrizten

Antolatzaileek aurkezpenean adierazi dutenez, berritasunekin etorriko da Korrika. Besteak beste, inguruari ahalik eta kalte txikiena egin asmoz, 23. ekitaldiak sortuko duen aztarna ekologikoa neurtuko da, AEKren eta Goienerren arteko lankidetza eta akordioari esker.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba