2020-10-27 10:27

Lehendakariaz gain albokoa ere emakume bat izango da: Arantza Sáenz de Ugartek beteko du lehendakariorde postua

Joan den urriaren 21eko Aparteko Batzar Orokorrean egin zen Goienerreko Kontseilu Errektorea berritzeko bozketa eta urriaren 22an, Kontseilu Errektore berriak, Erika Martínez aukeratu zuen Goiener S. Coop-eko lehendakari. Hala, lanpostu hori emakume batek betetzen duen lehen aldia da. Izan ere, aurrez Joanes Maiza izan baita kooperatibako buru sorreraz geroztik.

Erika Martinez 2015ean hasi zen energia %100 berriztagarria merkaturatzen duen euskal kooperatiba honetan. Publizitatean eta Harreman Publikoetan lizentziaduna da (Euskal Herriko Unibertsitatean), marketinean eta komunikazio korporatiboan espezializatu zen eta, gaur egun, ekonomiako karrera ateratzen ari da. Komunikazio taldea koordinatzeaz gain, Harreman Instituzionaletako eta Berdintasuneko Taldeko kide da. Lehendakari hautatua izan bezain pronto, eskerrak eman nahi izan dizkie aurreko lehendakariari eta Kontseilu Errektoreko kide izandakoei egindako lan eskergagatik. Ilusioz beterik agertu da eta Kontseilu berriaren barruko parekidetasunaz pozik eta sinetsita dago gainerako lankideekin batera kooperatibak aurrean dituen erronkei aurre egingo dietela, eta energia-trantsizio zuzen, demokratiko eta parte-hartzailearen alde lanean jarraituko dutela.

Lehendakaritzaz gain, lehendakariorde kargua ere emakume batek beteko du agintaldi honetan; zehazki, Arantza Saenz de Ugartek, zeinak aurreko Kontseilu Errektorean postu bera betetzen baitzuen. Idazkaritza aldiz Alfonso Garciaren esku egongo da, eta batzordekideen postuak beteko dituzte Maitane Berasategi, Chris Merveille, Inés Castiella, Alejandro López Morgado, Nora Erdozia eta Jorge Martínez bazkideez gain bazkide-laguntzaile izaten jarraituko duen CIFP Usurbil LHII zentruak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba