2025-09-22 12:30
  • Hiru lurralde horietako norbanakoak, erakundeak eta administrazio publikoak batu daitezke.
  • Katalunian 1.891 pertsona aktibatu dira dagoeneko 447 energia komunitate berri martxan jartzeko, eta helburua da hiri, herri eta auzo bakoitzean komunitate berri bana sortzea.
  • Laster zabalduko da kanpaina Valentzia, Andaluzia eta Extremadurara.

Espainiar estatu mailan sortu den kooperatiben aliantzak energia komunitateak sustatzeko kanpaina bat abiarazi du Euskal Herrian, Madrilen eta Gaztela eta Leonen; helburua ahalik eta pertsona, erakunde eta administrazio publiko gehien ekimen hontara batzea da, Ekonomia Sozialeko 800 energia komunitate berri sortu ditzaten.

Ekimen hau estatu mailako plan zabal baten barruan kokatzen da eta Espainiar estatu osoan 1.800 energia komunitate baino gehiago martxan jartzea du xedea, Katalunian egin berri duten "Súmate" kanpaina arrakastatsuari jarraipena emanez. Kanpaina horretan 447 komunitate berri aktibatu ari dira, herritarren parte-hartzeari esker.

Honako kooperatiba hauek osatzen dute aliantza: Goiener, Ecooo, Energética, Som Energia, Som Mobilitat, Tandem Social, ePlural, AeioLuz, Cooperase eta EnVerde. Eragile hauek indarrak batu dituzte ekonomia sozial eta solidarioan oinarritutako energia komunitateen eredua lurralde ezberdinetan zabaltzeko.

Euskal Herria: 343 energia komunitate berri helburu

Euskal Herrian, 343 komunitate berri aktibatzea da erronka, bertan erreferentea den Goiener kooperatibaren esperientzia baliatuz. Kanpainarekin bat egin nahi duen orok bere udalerria Euskal Herriko mapa interaktiboan kokatu besterik ez du egin behar, eta hurbilen duen komunitate energetikoan izena eman behar du martxan jartzeko. Nahi dituen energia-zerbitzuak eta parte-hartze maila aukeratu ahal izango ditu, hala nola, sorkuntza berriztagarria, mugikortasun jasangarria edo efizientzia energetikoa, beste askoren artean.

Madril: 184 energia komunitate berri helburu

Madrilgo Erkidegoan eta Gaztela-Mantxako zati batean, 184 energia komunitate berri aktibatzea da erronka, Ecooo kooperatibaren eskarmentua kontuan hartuta. Batu nahi duenak Madrilgo mapa interaktiboan bere udalerria aurkitu eta hurbilen duen komunitatean izena eman behar du martxan jartzeko. Modu horretan, nahi dituen parte-hartze maila eta energia-zerbitzuak aukeratu ahal izango ditu; hala nola, sorkuntza berriztagarrikoak, mugikortasun jasangarrikoak edo energia-eraginkortasunekoak, beste askoren artean.

Gaztela eta Leon: 324 energia komunitate berri helburu

Gaztela eta Leonen, erronka 324 energia komunitate berri aktibatzea da, erkidegoan erreferente den Energética kooperatibaren esperientziaz baliatuta. Bat egin nahi duenak Gaztela eta Leongo mapa interaktiboan bere udalerria aurkitu eta hurbilen duen komunitatean izena eman behar du martxan jartzeko. Modu horretan, nahi dituen parte-hartze maila eta energia-zerbitzuak aukeratu ahal izango ditu; hala nola, sorkuntza berriztagarrikoak, mugikortasun jasangarrikoak edo energia-eraginkortasunekoak, beste askoren artean.

Katalunia: 1.000 energia komunitate berri helburu

Aldi berean, Katalunian 2023tik martxan dago "Súmate" izeneko kanpaina, 1.000 energia komunitate berri baino gehiago sortzea helburua duena, udalerri eta auzo bakoitzean bana. Ordutik hona, 1.891 pertsonak bat egin dute kanpainarekin eta 447 energia-komunitate berri sortzeari ekin, argi utziz pertsona asko elkartuta energia geldiezina sor daitekeela.

Estatu mailako "Bat egin" kanpainak badu iragarki bat (Ardit eta RetinaStudioArt agentziek sortua) propio sare sosialetarako eta telebistarako bertsioarekin, lau haizetara zabaldu dadin.

Tresnak partekatu eta energia demokratizatzeko estatu mailako aliantza

Aliantza honetako erakundeek helburu bat daukate: energia demokratizatzea. Horretarako, Som Comunitats-ek kode libreko tresna digital bat garatu du, energia komunitateen aktibazioa, kudeaketa eta jasangarritasuna errazteko. Plataforma honek administratzaileentzako kudeaketa-arlo bat, bazkideentzako app mugikorra, mapa interaktiboa, foroa eta web-gune pertsonalizatua ditu.

"Proiektu berri hau aurrerapauso handia da, erakusteko energia komunitateak irtenbide erreala izan daitezkeela estatu osoan. Herritarren esku egongo den bidezko eredu energetiko demokratiko baten aldeko apustua egiten dugu", adierazi dute erakunde sustatzaileek.

Estatu mailako 10 erakunde sustatzaileei buruz

Aliantza hau (erabateko hedatze fasean dagoena) honako kooperatibek osatzen dute:

  • Goiener: Irabazi asmorik gabeko energia-kooperatiba herritarra da. % 100 berriztagarria den energia elektrikoa saltzen die bazkide diren pertsona eta erakundeei, eta bere energia berriztagarria sortzen du. Hego Euskal Herri osoko energia-komunitateen kudeaketan eta administrazio-laguntzan espezializatuta dago.
  • Ecooo: Autokontsumoa, inbertsioak, aholkularitza, berrikuntza eta herritarrek energia berriztagarrietan parte hartzeko proiektuak bultzatzen dituen lan-kooperatiba. Madrilgo eta Gaztela-Mantxako energia-komunitateei laguntza eskaintzen espezializatuta dago.
  • Energética: Irabazi asmorik gabeko energia berriztagarriak kontsumitzeko eta ekoizteko kooperatiba, demokratikoa, gardena eta horizontala. Gaztela eta Leonen du egoitza, eta esperientzia handia autokontsumoan eta energia komunitateetan.
  • Som Energia: Irabazi-asmorik gabeko energia berdearen kontsumo-kooperatiba, jatorri berriztagarriko energia merkaturatzen eta ekoizten duena, egungo eredu energetikoa aldatzeko eta % 100 berriztagarria lortzeko.
  • Som Mobilitat: Irabazi asmorik gabeko kontsumo-kooperatiba, mugikortasun jasangarriagorako trantsizioa bizkortzeko mugikortasun-zerbitzuak eta -produktuak eskaintzen dituena.
  • ePlural: Trantsizio energetikoa lortzeko lan egiten duen bigarren mailako kooperatiba da. Energiaren sektorean, mugikortasun iraunkorrean eta ekonomia sozial eta solidarioaren garapenean adituak diren 5 kooperatibak osatzen dute.
  • Tandem Social: Berrikuntzan, hainbat erakundetako langileen lan-baldintzak hobetzen eta ekonomia sozial eta solidarioaren hazkunderako estrategian esperientzia duen lan-kooperatiba.
  • Aeioluz: Valentziako lan-kooperatiba, energia-aldaketa errazten duena. Euren lanari esker, udalek, enpresek edo hezkuntza-komunitateek energiaren erabilera kontzienteagoa, iraunkorragoa eta arduratsuagoa egitea lortzen dute.
  • Cooperase: Granadako lan-kooperatiba da, 2017az geroztik energia aurreztearekin, energia berriztagarriekin, ingurumenarekin, hirigintza jasangarriarekin eta trantsizio energetikoarekin lotutako aholkularitza, ingeniaritza eta arkitektura proiektuak egiten dituena.
  • Enverde: Extremaduran bizi eta beste eredu energetiko bat posible dela sinetsita dauden pertsonek osaturiko kontsumo-kooperatiba da: eredu partekatua, horizontala eta pertsonen esku dagoena.

 

Energia berriztagarriak sortzeko eta kontsumitzeko asmoarekin eratutako irabazi asmorik gabeko kooperatiba