2025-05-13 11:17

Gernika Memoriaren Lekuko plataformak bonbardaketaren 88.urteurreneko egitarauaren balorazio bilera egin zuen maiatzaren 6an, eta, ondorio nagusi batzuk atera genituen gogoeta kolektibotik:

Lehenengo eta behin pozik gaude memoria bizia eraikitzeko dugun elkarlanerako gogoagatik. Izan plataformako elkarteengatik, izan apirileko egitarauari gehitzen diren eragileengatik, edo-eta izan senidetze-elkarlanean ehuntzen dugun sareagatik (aurten Markinaldea, Lleida, Larrabetzu, Mungia-Laukiz, Palestina, deportatuak, eskultoreak…).

Bigarrenik, eta kontuan harturik aste santua tartean izan dugula, bi astek hartu zuten, gehien bat, gure egitarauaren baitan protagonismo nagusiena, eta, datetara, egoerara eta aukeretara doitutako egitarau aberatsa (edukietan eta formetan) gauzatu genuela esan genezake (erakusketak, aurkezpenak, aldarrikapenak, arte-disziplina anitzen ekarpenak…).

Apirilaren 26a, egun seinalatua halabeharrez, bi unerekin azpimarratu genuen: sirena hotsen aktibazioak, eta antzerkia+kandelen manifestazioarekin. Tamalez eguraldiak ez zigun lagundu baina herritarren parte-hartzea, protagonismoa, elkarlana eta gure herriaren memoriarekiko atxikimendua azaldu genuen, beste behin ere, eta oso pozgarria da.

Tamalez, kritikoak gara udaletik, nagusiki, indartu den nazioarteko ebentoarekin. Izan ere, apirilaren 26a bera desitxuratu zuen, egun horretako ohikoak diren ekimenak egunez aldatu, Gernikako bonbardaketarekin loturarik ez duten diskurtsoak gailenduz, herritarren parte-hartze eskasarekin, eta ahaztuta egun horretan Gernikako herriak hartu behar duela zentralitatea, eta ez beste inork.

1937ko bonbardaketaren Italiar faxisten papera-inplikazioa-aitortza plazaratu zuen alkateak, eta oso ondo deritzogu. Agian, gure ustetan,egitasmoa horretan Gernika eta bere memoria lantzen dugun eragile guztion elkarlana sustatzea askoz emankorragoa litzateke, eskaera-aldarrikapen horrek babes herritarra duela adierazteko.

Gu prest gaude, beti bezala. Memoria dugulako.

Gernika-Lumon, 2025ko maiatzaren 13an

The post Gernikako bonbardaketaren 88.urteurreneko egitarauaren balorazioa appeared first on Guernica Gernikara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
2017. urtean, Gernika-Lumoko Memoria, Kultura eta Giza Eskubideen alorretan dihardugun zenbait eragile eta elkarte batu ginen Gernikako Bonbardaketaren Urteurrenerako herriko taldeen jardueretan gutxieneko koordinazio bat lortzeko, elkarrekin lagundu eta ekimen komunak bultzatzeko.