2021-01-26 15:50

Koronabirusaren hedapenaren sorreratik urtebete inguru pasa den honetan, mendebaldeko estatuek pandemiari aurre egiteko duten estrategiaren hutsuneak nabarmenak dira. Frantziako nahiz Espainiako estatu kapitalistek eta politikari profesionalek ez dute gaitasunik izan pandemia kontrolpean edukitzeko eta ondorio kaltegarriak (kutsaketak, heriotzak...) areagotzen ari diraazkenaldian. Osasun-arazo bati osasun-baliabideen horniduraz baino ezin zaiola aurre egin uste dugu; izan ere, pandemiari aurre egiteko oinarrizko baldintza biztanleriak birusetik babesteko bitarteko eraginkorrak edukitzea da. Alabaina, orain dela urtebete baino egoera epidemiologiko okerragoa bizi dugu orain: osasun-hondamendia, hain zuzen ere. Sortzen ari den osasun-larrialdi testuinguruan arduraz jokatzeko asmoa berresten dugu eta kezkaz bizi dugu horrek milioika pertsonengan izan dezakeen osasun bilakaera kaltegarria.

Horrekin batera, krisialdi ekonomikoak gogor kaltetu ditu langileria xumearen bizitzak eta gizartekogeruza zabalen proletarizazioa gogortuz doa. Gizartearen zatiketa ekonomikoa are eta nabarmenagoa da: alde batean bankari, enpresari handi eta politikari profesionalak daude, zeinen negozio ekonomikoak lehenetsi diren uneoro, eta beste aldean langileria xumea dago, zeinaren pobrezia eta askatasun eza handitzen ari den gizarte kapitalistaren fase honetan.

Bankari eta enpresari handiek negozioa egin dezaketen heinean soilik inbertitzen dute osasun esparruan (txertoaren komertzializazioan, adibidez), baina gizartea epidemiologikoki babestu eta osasun baliabideak indartzeko beharrezkoa den gasturako (adibidez, birusa detektatzeko sistemak,tratamendurako eta isolamendurako azpiegituren eraikuntza...) ez dute inolako interesik ezta ekarpenik egingo ere, irabazi kapitalistarik sortzen ez duen gastua delako. Oligarkiak eremu estrategikoetan inbertitzen du eta, irabazik sortzen ez dion gasturik egitekotan, nahiago du puntako armagintza handitzea eta polizia-baliabideak indartzea. Neurri horiekin, gizartea birusetik babestu baino, badirudi enpresariek beren ordena soziala proletariotzaren balizko erantzunetik babestu nahi dutela.

Osasun-baliabide nahikorik lortzen ez duten bitartean, azken hilabeteetan askatasun zibil eta politikoak ezabatu dizkigute politikariek, aurrekari politiko eta juridiko arriskutsuak direnak ikuspuntu askatzaile batetik. Estatu kapitalistek, uneoro, gutxiengoa diren bankari eta enpresari handien irabazi ekonomikoak lehenetsi dituzte. Frantziako Gobernuak, Espainiakoak eta EAJk EAEn, gainontzeko alderdien konplizitatearekin, oinarrizko giza eskubideak (biltzeko askatasuna, mugikortasun askerako eskubidea...) ezabatzen ari zaizkigu, salbuespen egoera politikoa mantentzen duten bitartean. Beraien estrategia gero eta argiago ageri zaigu: kriminalizazioaren,errepresioaren eta askatasunen ezabapenen bitartez egin nahi diote aurre pandemiari.

Osasun-hondamendiaren eta askatasunen ezabapenen aurrean, mobilizazioak antolatuko ditugu Euskal Herriko toki ugaritan, urtarrialaren 30ean, otsailaren 6an eta otsailaren 13an. Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzara bideratutako antolakuntza politikoa defendatzen jarraituko dugu; izan ere, biztanleriaren osasuna lehentasun bezala ezarri eta oinarrizko eskubide zein askatasunak bermatuko dituen eszenatoki posible bakarra langileriaren kontrolpeko estatu sozialista da. Antolakuntza komunista da datorren basakeria kapitalista gelditu dezakeen indar bakarra.

Gazte Koordinadora Sozialista Euskal Herriko gazte langileen antolakunde sozialista da. Euskal Estatu Sozialista dugu helburu estrategiko gisa eta gazte problematika klase ikuspegitik lantzen dihardugu.