2020-11-23 15:14

Beste behin ere, pandemiaren harira ezarri dizkiguten salbuespen politikak salatzeko mobilizatu gara Euskal Herriko eskualde askotan. Salbuespen politika polizialen zentzua Europako estatu ugarik bizi duten gainbehera prozesuaren baitan ulertzen dugu; izan ere, COVID-19aren bigarren olatuak Europako zenbait estatutan izan duen inpaktua ezin da ulertu estatu horien pisu ekonomikoa ulertu gabe. Dakigun bezala, mapa eta harreman geopolitikoak aldatzen ari dira eta Europako estatu askok potentzia ekonomiko zentral izateari utzi diote edota uzten ari dira. Espainiako estatu burgesa, besteak beste, horren adibide da. Horrek eragin zuzena dauka pandemiaren gaineko kudeaketan. Izan ere, logika eta arau kapitalisten baitan, osasun-sistema indartsua edukitzeko gaitasuna eta estatu baten egoera ekonomikoa korrelatiboak dira. Pandemiari aurre egiteko beharrezkoa da gizartea epidemiologikoki babestu eta osasun baliabideak indartzea; hau da, birusa detektatzeko sistemak aurreratuak eta tresna epidemiologikoak eskuratzea, tratamendurako eta zainketa intentsiborako instalazioak handitzea, norbere babeserako ekipamenduak lortzea, gaixoen tratamendurako eta isolamendurako azpiegitura handiak eraikitzea, medikuak eta beharrezko langileak formatzea eta kontratatzea, eta abar luze bat. Mendebaldeko estatu burgesek ez dute hori indartzeko apusturik egin eta esanguratsua da polizia zein militarren gastuak handitzeko aurrekontuak onartzea. Horrez gain, martxotik hona zerbait argi geratu baldin bada, hori oligarkia finantzarioak osasun sistema indartzeko erakutsi duten borondate eta interes falta izan da. Zergatik? Kapitalisten ikuspuntutik inproduktiboa delako esparru horretan inbertitzea! Soilik milioka euro irabaztea ahalbidetuko dien inbertsioak egiten dituzte: adibidez, koronabirusaren kontrako txertoaren komertzializazioan.

 

Bien bitartean, gainbeheran dauden mendebaldeko estatu burgesen aterabidea salbuespen politikak eta estatu poliziala ezartzea izan dira. Zer da aterabide polizial honek ezkutatzen duena? Ba, alde batetik, estatu poliziala pandemiari aurre egiteko neurri eraginkor eta nahitaezko bezala mozorrotzen dute, osasun-sistema unibertsal eta indartsu baten eraikuntzaren beharra ezkutatuz eta, beste alde batetik, estatu polizialak sortu duen salbuespen egoera aprobetxatuz, korporazio finantzario handien mesederako aldaketa estrategikoak egiten ari dira. Zentzu horretan, politika ekonomiko agresiboak ezartzen ari dira, zaharkitutako ekoizpen eremuak ezabatuko dituzte, egitura produktiboa robotizatuko dute langile asko beraien lanpostuetatik kanporatuz eta abar. Horrek guztiak kale mailan utziko dituen ondorioak denon begi bistan daude: jende askoren pobrezia areagotzen ari da, eskubide zibil ugari suspenditu dituzte, antolakunde proletarioen antolakuntza politikorako baldintzak ezabatu dizkigute, gazteriaren eta sektore proletarizatuen kriminalizazio sistematikoa egiten dute, etab.

 

Aterabide poliziala, beraz, aterabide faltsua da, eta hori salatzeko mobilizatu gara beste behin ere. Ezarri dutena totalitarimo berri bat da; hau da, boterearen arbitariotasunaren erregimena. Gainera, alderdi politiko instituzional guztiek onartu egin dituzte salbuespen politikak. Masa zabalen antolakuntza komunista indartsua izango da gure segurtasunaren, askatasun politikoaren eta ongizatearen berme erreal bakarra. Norabide horretan lanean jarraituko dugu eskualdez-eskualde, salbuespen politikak salatuz eta antolakuntza komunista sustatuz.

 

Gazte Koordinadora Sozialista Euskal Herriko gazte langileen antolakunde sozialista da. Euskal Estatu Sozialista dugu helburu estrategiko gisa eta gazte problematika klase ikuspegitik lantzen dihardugu.