2018-04-01 16:15

Martxoak 8: gure maiatzak 1, gure aberri
eguna.
Martxoaren 8a datorren honetan, Galernaren ale hau genero auzian
sakontzera bideratu nahi dugu. Urte oparoak izan dira mugimendu
feministarentzat; esparru militante askok borroka hau bere egiten hasi
direlako; ahaldundu egin gara eta mugimendu aberatsago bat garatu
dugu, feminismoaren ideien sozializazioa handia izan delarik. Burgesiak
ordea indar honen norantza bere interesen mesedetara egokitzen dabil
ere hasieratik, asimilazio politikoa du helburu, kasu honetan
feminismoaren eduki politikotik iraultzaren beharra ezabatuz.
Ez da, baina, batere berria fenomeno hau; deskolonizazio prozesuetatik,
ekologismora, aldarrikapen sozial oinarrizkoenetatik igaroz, jarrera
antzekoa hartu izan baitu burgesiak historian zehar. Baina XX. mendean
zehar etsaiak gauza asko ikasi bazituen ere, guk ere ikasi ditugu, eta
mugimendu iraultzaileak orokorrean, emakume langileok konkretuki, ez
diegu erraza jarriko.
110 urte pasa dira, New Yorken 130 emakume langilek beren
lanpostuetako hobekuntzak eskatuz, grebarako deia egin eta enpresako
jabeek fabrikako ateak itxiz langileak sutan erail zituztenetik. Bi urte
beranduago, emakume sozialisten Kopenageko bilkuran, Clara Zetkinek
Martxoaren 8a Emakume Langileen Nazioarteko Eguna izendatzea
proposatu zuen.
Zetkinek bezela, garaiko mugimendu komunistako emakumeek argi
aldarrikatu zuten, emakumearen auzia eta langile auzia bereizi ezinezko
borrokak zirela. Bi zentzutan bereiz ezinak: Lehenik eta behin, argi
ikusita ezin direla gizartean ematen diren zapalkuntza desberdinak,
egitura soziala sostengatzen duen produkzio eredutik abstraitu. Hau da,
ezin uler daitekeela patriarkatua modu ahistorikoan, baizik eta jabego
pribatuak eta lanaren banaketa sozialak historian zehar erreproduzitu
duen balore sozial bezela.
Ideia honen garapen logikoaz, ulertzen da hierarkizazio sozialak sortzen
dituzten produkzio ereduak suntsitu beharrekoak direla, eta noski
emakume burgesak ezin direla izan Feminismo iraultzailearen
subjektua, borroka honek bere botere soziala babesten duen egiturak
kolpatzen dituelako.
Bigarrenik, Komunismoa esplotazio eta zapalkuntza ororen
deuseztatzean bakarrik eraiki daitekeela, emakumearen auzia ere lehen
lerrora ekarri beharreko borroka dela aldarrikatuz. Horrela, produkzio
eredua aldatzerakoan, mekanikoki balore matxistak desagertuko
direlaren ideia alde batera uzten da. Eskema sasi iraultzaile horren
izenean emakume langileak pairatutako zapalkuntza asko garrantzirik
gabe eta landu gabe uzten baitira. Genero auzia lehen lerroan jartzearen
adibide praktiko bat, Sobietar Iraultzaren lehenengo urteetan aurkitu
dezakegu.
Alexandra Kollontai, Nadezhda Krupskaya edota Inessa Armand
besteak beste, iraultzak errusiar emakumeari zuzen zuzenean eragin
ziezaion burubelarri aritu ziren. Emakumearen errealitatean eragin
zuzena eduki zuten hainbat aurrerapen ezarriz: Dibortziorako
eskubidea, abortu aske eta doakoa, hezkuntza sistemaren eraldaketa
subjektu kritikoen sorrerarako eta emakumeen alfabetizaziorako
kanpainak, etxeko lanen zamak arintzeko azpiegitura publikoak,
prostituzioa ezabatzeko lanketak edota familia nuklearraren,
maitasunaren eta etxeko arkitekuraren inguruko hamarnaka gogoeta.
Lanketa eredugarri hautariko asko Jenotdel bezela ezaguna zen
militante boltxebikeen emakume sailak eraman zituen aurrera, nahiz eta
urte batzuk geroago iraultzaren atzerakadak hauetariko neurri asko
bertan behera utzi zituen.
Militante hauei zor diegu, beraz, hein handi batean Feminismo
iraultzailearen indartzea. Programa komunistarekin sinbiosi osoan joan
beharreko borrokatzat kokatuz. Azken finean, txanpon beraren bi
aldetzat ulertuz langile eta emakume borroka, eta osotasuna iraultzeko,
borroken partzialismoak balio ez duela erakutsiz. Horrela, perspektiba
iraultzaile batetik ezin onar dezakegu, askapen borroka baten izenean,
beste askapen borroka bat hipotekatzen duen planteamendurik.
Borrokaren kontzepzio isolatu eta etapista hauek, errealitatearen
irakurketa okerretatik datozela oso argi ikusten da.
Komunistok ezin dugu onartu langileriaren askapenaren izenean, genero
zapalkuntza indartzen duen planteamendurik. Historian zehar
hainbestetan gertatu den bezela, genero auziari garrantzia kendu,
emakumearen problematika konkretuei bizkarra eman, emakumearen
gaitasunak gutxietsi, sexu aniztasuna deabrutzat hartu edota eraso
matxistekin beste alde batera begiratzen duen militantziarik.
Alderantziz, argi azpimarratu beharko dugu estrategia horiek kontra
iraultzaileak eta onartezinak direla, eta postura horiek defenditu
ditzakeenaren parean jarriko gara.
Era berean, komunistok ezin dugu onartu emakumearen askapenaren
izenean, botere burgesa indartzen duen planteamendurik. Izan klase
zapalkuntza indartzen duten subjektu interklasistak sustatzen,
"ekonomia feminista" deitutakoaren bitartez soldatapeko lana eta
merkantzia naturalizatuz, "estatugintza feminista" ren bidez estatu
burgesa kudeatu beharreko forma politiko neutraltzat salduz,
enpresetako zuzendaritzetan emakume gehiago egon daitezela eskatuz,
baina enpresen funtzioa zalantzan ez jarriz, merkaturako lan indarra
formatzeaz arduratzen den Unibertsitate publikoa goraipatuz dekanoa
emakumea izateagatik, edota erdigune inperialistako eta estratu
altuetako emakumeen eskubideak hobetzearen alde egitea, emakume
langileon esplotazioa handitzeari esker. Kasu hauetan ere, estrategia
horiek ez dituzte iraultzarako baldintzarik sortzen.
Bi postura hauen kontrara, guk Feminismo iraultzailea aldarrikatzen
dugu. Genero rolen eta matxismoaren kontra egin, eta hauek
sostengatzen dituen osotasun kapitalistari atsedenik emango ez diona.
Borroka Feministak aurrera emandako urrats bakoitza, esplotazio eta
zapalkuntzarik gabeko gizarte baten aldeko urratsa izango dena
(berehalako interesak eta estrategikoak uztartuko dituena). Finean,
emakume langileok benetako askatasuna lortzera begira dagoen
Feminismo iraultzailea aldarrikatzen dugu, gaurdanik komunismoa
eraikiz.
Hautu honetan berresten gara Martxoaren 8an, eta urteko gainentzeko
egun guztietan
 

Langile klasearen autonomiaren beharraz hausnartzeko aldizkari Donostiarra.