2019-07-23 11:31

Herritar kopuruak goranzko joeran darrai laugarren urtez, eta honezkero, Euskal Herriak 3.152.200 biztanle ditu. Azken urtean hazkunde demografikoa positiboa izan da, berriz ere, atzerriko biztanleria etorkinari esker. Bizkaian, esaterako, etorkin berriak medio herrialdeak biztanleria galtzeari utzi dio azken biurtekoan. Zuberoa da, bere aspaldiko joeraren baitan, 2018 urtean herritarrak galtzen jarraitu duen herrialde bakarra. Baina lurraldeari bestelako begiradarekin behatuz gero, Zuberoaren despopulazioa ez da arreta merezi duen fenomeno bakarra.

Euskal Herria DEGURBA sailkapenaren arabera aztertuta, hiru lurralde tipologiek irabazi dute biztanleria (hirigunea, landa-eremua eta bitarteko hirigunea), bai azken urtean zein hamarkada bateko perspektiban. Euskal Herriak hazkunde demografikoari eusten dio, eta egun, 3.152.000 biztanle ditu (%17,4a soilik landa eremuan). Joera orokor horren atzean, ordea, ñabardura desberdinak ezkutatzen dira: Euskal Herrian 200 biztanle baino gutxiago dituzten 150 udalerri daude, horietatik, 55k ehun biztanle baino gutxiago dituzte. Demografikoki geografia bereziki sentikorra da Estellerrian, Zuberoan, Erronkari-Zaraitzun, Auñamendin edo Garazi Baigorri bezalako eremuetan.

Espainiar estatuko despopulazioak enplegua eta zerbitzuak barnebiltzen dituzten tamaina ertaineko hirien osasunaren garrantziaz ohartarazten digu. Euskal Herriko errealitatera ekarrita, funtzionalki eskualdeburuak dira lurralde orekari eusten dioten sujetoak.

Azken urteko joera

Bizkaiko eta Zuberoako landa eremuek galdu dute biztanleria (Zuberoan dena landa-eremua da). Zuberoako galera larria eta aspaldikoa da. Lehen mundu gerraz geroztik datorren joera pean dago, hau da, mende oso bateko biztanleria galera nozitzen ari da. Bitartean, Bizkaiko hiriguneak 2011az geroztik nozitzen zuen biztanleria galera eten egin da, baina krisi hasieran baino 13.700 biztanle gutxiago ditu oraindik.

Azken urtean Irunberrialdea, Auñamendi, Erronkari-Zaraitzu, Arabako Mendialdea edo Zangozerria eskualdeetan biztanleria galera esanguratsua eman da. Eskualde horien artean, gehienek biztanleria galera garrantzitsua nozitu dute azken hamarkadan. Hortaz, kasu gehienetan errotutako despopulazio joera bati erantzuten dio.

Euskal Herria osatzen duten 686 udalerrietatik, azken urtean 339 udalerrik biztanleria galdu egin dute. Horietatik, 291 udalerri landa-eremuan kokatzen dira. Biztanleria galera izan duten udalerri kopuru handi bat Nafarroa Garaian kokatzen da, batik bat, Estellerriko Ekialdean, Estellerriko Mendebaldean, Erronkari-Zaraitzun edo Auñamendin. Baina Gernika-Bermeon, Errioxa Arabarran, Garazi Baigorrin edo Goierrin ere modu batean ala bestean herritarrak galdu dituzten udalerrien kopurua aintzat hartzeko modukoa da.

Euskal Herriko biztanleriaren bilakaera 2008-2018

Azken hamarkadako joera

Zuberoako landa eremua izan da biztanleria gehien galdu duen eremua: Zuberoako 28 udalerrik biztanleria galdu dute, eta soilik 15 bereari eutsi edo irabazi dute. Eremu honen gainzahartzea handia da (%15,8), gainera. Bitartean, Lapurdi zein Nafarroa Behereko landa eremuen hazkunde demografikoa garrantzitsua izan da (+%17,8 eta +%6,5, hurrenez hurren), batez ere, Lapurdiren kasuan. Hau da, hirigintzaren susperraldiaren karietara "lotarako herrien" paradigma eta mugikortasuna gero eta indar handiagoa du barnealdean, baina horrek ez dio Zuberoari eragiten.

Nafarroa Garaiko landa eremuak ere biztanleria galdu egin du azken hamarkadan (-%0,8), hiriguneak ez bezala (+%5,4). Egoera bereziki larria da Erronkari-Zaraitzun, non herritarren %14a galdu da hamarkada batean eta gainzahartze maila oso handia da (%20). Erronkari-Zaraitzu eskualdeak dituen 18 herrien artean, azken hamar urteotan 12 herrik biztanleriaren %10tik gora galdu dute. Praktikan, eskualdean ez dago biztanleria galera izan ez duen udalerririk.

Nafarroa Garaian bertan, Zangozerrian, Baztanaldean, Tafallaldean, Ebro Garaiko Erriberan edota Arga-Aragoiko Erriberan ere biztanleria galera aintzat hartzekoa da, izatez dentsitate apaleko eremuak dira eta gainzahartze maila EHko bataz bestekoaren gainetik dute. Edonola ere, ez dira azken hamarkadan biztanleria galdu duten Nafarroako eskualde bakarrak. Bitarte horretan Iruñerriako biztanleria %6,8a hazi egin da. Lurralde desoreka nabarmenen aspaldiko joerak dira hauek, eta itxura batean, azken urteotan desoreka hauek lausotzen hasiak dira baina oraindik oso errotuta daude herrialdeko errealitatean.

Hego Euskal Herrian bertan ere badira beste zenbait eremuk biztanleriari eusteko egiturazko arazoak dituztenak. Nabarmentzekoak dira Arabako Mendialdea, Trebiñu edota Lea Artibai.

Egin klik azpiko irudian eta ikus euskal udalerri bakoitzak 2008-2018 epealdian izan duen biztanleriaren bilakaera Gaindegiak horretarako propio sortu duen mapa interaktiboan:
Euskal Herriko biztanleriaren bilakaera, udalerrika, 2008 eta 2018 artean

 

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da. 2004 urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte gisara, eragile ekonomiko eta sozialek osatuta dago, eta bere helburu nagusia herri ikuspegiz Euskal Herriari buruzko ezagumendua sortu eta eskaintzea da. Izan ere, Euskal Herrian bizi arren, gure Herria zertan den ezezaguna zaigu gehienoi; halaber, ez dugu elkar ezagutzen eta ondorioz ezin dugu Euskal Herriko eremu ekonomiko eta sozial bat egituratu. Euskal Herriaren baitan daude, ordea, aurrean ditugun erronken erantzunak. Gaindegia, beraz, eragile ekonomiko eta sozialei gure herriari buruzko ezagumendua eskaintzera datorren behategia da.