2019-12-16 15:22

Argitalpenean erabiltzaileak eskura ditu eskualde bakoitzari buruzko oinarrizko informazioa, datuak, atlas interaktibo bat eta eskualde bakoitzari buruzko erreportaje bana. Argitalpena digitala da, helbide honetan kontsulta daiteke:


Ikusi mapa handiagoa

ORIENTAZIOA

Argitalpen honen orientazioak bi osagai ditu : ezaugarri sozioekonomikoen berri ematen du eta interaktiboa da. Beraz, ikuspuntu sozioekonomikoa dakar. Eskualde bakoitzaren ezaugarri soziodemografikoak zein ekonomikoak zertan diren ezagutzera ematen du. Halaber, izaera dibulgatzailea du. Urrats bizkorren bitartez eskualde bakoitza zertan den ezagutzeko ikuspuntu konparatiboa eskaintzen du.

 

ARGITALPENA

Argitalpena interaktiboa da eta bistaratzaile geografiko baten gainean kontsultatzen da. Lehen bistan lurralde egituraren mapa ageri eta atlas moduko formatuaz, lau sailetan antolatutako hainbat adierazlek lurraldean duten intentsitatea ikus daiteke (lurraldea, ekonomia, kohesio soziala, demografia).

Eskualde jakin baten gainean klik eginez oinarrizko informazioa eskaintzen duen leihoa zabaltzen da  eta inguruko  ikono jakin batzuk sakatuz, arloz arloko adierazleak kontsulta daitezke, Euskal Herriko indizeekin alderatuz une oro.

Lehen leiho horrek, halaber, eskualdeari buruzko erreportaje zabalago bat deskargatzeko aukera eskaintzen du. Eremu berean, fitxa teknikoak eta datuak ere deskarga daitezke. Erreportaje bakoitzak eskualdearen ezaugarri sozioekonomikoak azaltzeaz gain, Euskal Herriko gainerako eskualdeekin konparaketa bilatzen du.

 

HELBURUA

Helburu nagusia euskal herritarrek bere herriaren eskualde mailako dimentsio sozioekonomikoa kontsultatzeko baliabide bat eskaintzea da. Baina horrekin batera beste zenbait helburu ere ase nahi ditu. Hala nola, eskualde mailako argazki sozioekonomiko homogeneoak eskaintzea; kontsulta aukera malguak iizatea eta ororen esku egotea.

Horregatik, hain zuzen, bistaratzaile geografiko batean hainbat aukera uztartu ditugu eta Interneten jarri dugu eskuragarri. Horrela erabiltzaileak, indize nagusiak tauletan zein berotasun mapetan ikus ditzake, eskualdearen oinarrizko zertzeladak bertan kontsultatu eta sakondu nahi izatera, erreportajea zein datuak deskargatu.

 

EGINDAKO LANAK UTZITAKO EMAITZA ZENBAIT

Emaitza ugari eta askotarikoak utzi ditu baliatu dugun datu baseak. Lehena, lurralde desoreka da, biztanleak galtzen eta biztanleak hartzen ari diren lurraldeak, aldi berean jarduera ekonomikoetan hazten edo ahultzen ari dira. Horren alboan, hiriguneak metropolizatzen ari dira. Hortxe dago makro-eskualdeen mapa berria, zeinak hiriburuez gain, inguruko gero eta lurralde eremu zabalagoa hartzen duen (2020an jorratu asmo dugun gaia). Aldiz, eskualde buruak gero eta ahulagoak dira eta iraganean bete izandako funtzio ugari betetzeko zailtasunak izango dituzte etorkizunean.

HISTORIA

Eskualde kontzeptua funtzionala da, bailara kontzeptua fisikoa den bitartean. Izaera funtzional horren eraginez giza jarduera desberdinek lurraldea eskualde egitura desberdinetan egituratzen dute. Horrela, ez dira berdinak osasun zerbitzuetako eskualde egiturak eta hezkuntzakoak, esaterako. Baina “eskualde” kontzeptuak izaera administratiboaz gain, badu izaera praktiko bat ere.

Euskal herritar gehienak bere eskualdearen baitan gauzatzen dute eguneroko bizitza eta eskualdean bilatu ohi da norberaren auzoak edo herriak eskaintzen ez duten  hori, izan zerbitzuak edo jendarte zabalagoa. Eskualde mailan gorpuztu dira, halaber, herri ukatu honek bere etorkizunari eman dizkion proiektuak izan euskal eskolak, hedabideak, kultur elkarteak edo tokiko garapenerako egiturak.

Hala, bigarren mundu gerraz geroztik bizi izandako bilakaeran eskualde buruek garrantzia izan dute euskal lurraldea egituratzeko orduan. Eskualde buruak berebiziko eginkizuna bete izan du bai eskualdea trinkotzen, bai Euskal lurraldea egituratzen. Euskal Herria lurralde polinuklearra dela maiz esan izan da, nahiz eta azken urteotan metropolizazio garai gogorra bizi dugun, harik eta, eskualde buruak ahuldu eta lurraldea desorekatzeraino.

Berria egunkariak 2004-2005 aldian Euskal Egitura gehigarrian eskualdetako hainbat erreportaje argitaratu zituen. Erreportaje horiek liburu moduan eman zituen Gaindegiak, gaztelera eta frantsesera itzulita, Ipar Hegoa Fundazioaren babesarekin (Gaindegia (2006), Euskal Herria eskualdeka, egoera sozio-ekonomikoaren argazkiak). Lan honek proiektu aitzindari haren bidetik urrats berri bat izan nahi du.

LURRALDE EGITURA

Eskualdeak era desberdinetan kataloga daitezke eman nahi zaien funtzionaltasunaren arabera. Gure xedea eskualde egitura koherentea eskaintzea izan da, erabiltzaileak Euskal Herria zonaldeka ezagutu dezan. Ongi dakigu, eskualde egitura are aberatsagoa egin daitekeela eta proiektu honek egun sentitzen diren zenbait eskualde ez dituela jasotzen.

Ez da gure helburua eskualde egitura bat ezartzea, erabiltzaileari eskualdekako ikuspegia ematea baizik. Gauzak horrela, hautatu dugun lurralde egitura funtzionaltasun maila ahalik eta handienekoa izan zedin ahalegindu gara. Ordainetan, informazio katalogo zabal eta sendoa eskuratu dugu.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagokionez EUSTATek darabiltzan eskualde estatistikoak hartu ditugu. Nafarroa Garaiari dagokionez, tokiko administrazioaren mapa berriarentzat proposatzen dena. Eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, Hirigune Elkargoak darabilen zerbitzu partzuergoen lurralde egitura.

LAGUNTZAILEAK

Lan hau Kutxa Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu dute.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia da. 2004 urtean sortu zen irabazi asmorik gabeko elkarte gisara, eragile ekonomiko eta sozialek osatuta dago, eta bere helburu nagusia herri ikuspegiz Euskal Herriari buruzko ezagumendua sortu eta eskaintzea da. Izan ere, Euskal Herrian bizi arren, gure Herria zertan den ezezaguna zaigu gehienoi; halaber, ez dugu elkar ezagutzen eta ondorioz ezin dugu Euskal Herriko eremu ekonomiko eta sozial bat egituratu. Euskal Herriaren baitan daude, ordea, aurrean ditugun erronken erantzunak. Gaindegia, beraz, eragile ekonomiko eta sozialei gure herriari buruzko ezagumendua eskaintzera datorren behategia da.