2021-08-25 14:41

Zein da ikuspegi nagusia Batxilergoko ikasleentzako Ekonomiaren, Enpresaren eta Finantza-hezkuntzaren testuetan? Finantzaz Haratago Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sareak hori aztertu du bere azken argitalpenean. Ikerketa ondoko adituek garatu dute: Maitane Jaio (Ekonomia Analisian masterduna, Eusko Jaurlaritzaren Bigarren Hezkuntzako irakaslea), Javier Murillo (Ekonomian doktorea, Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta irakasle elkartua UCM unibertsitatean) eta Jon Bernat Zubiri (Ekonomian doktorea Grenoble-Alpes Unibertsitatean eta irakasle-ikertzailea UPV/EHUko Ekonomia Aplikatua Sailean). Ikerketaren ondorioetatik abiatuta, argitalpenak kritika- eta aniztasun-elementuak eskaintzen ditu ditu ere, irakasgai horietako irakasleek haien lan pedagogikoan erabil ditzaten.

"Batxilergoan, Ekonomiaren azterketak garrantzi berezia du, gizarte guztiek aurre egin beharreko arazo nagusiaren analisiari heltzen baitzaio, hots, haien erreprodukzio materialari", dio Finantzaz Haratago sareak. Horregatik, garrantzitsutzat jotzen du azalpen-gaitasuna zabaltzea eta gaur egungo ohiko ikuspegi nagusiaren "gabeziak" erakustea. Ikasle askorentzat hori izango da ekonomiaren, enpresaren eta finantzen ikasketekin izango duten harreman bakarra beren ibilbide akademiko osoan. Beraz, sarearen aburuz, "garrantzitsua da arreta jartzea liburuetan agertzen den informazioari".

Hego Euskal Herrian Batxilergoko 1go mailan Ekonomia ikasgaia emateko gehien erabiltzen den testuliburuetako bat hautatu dute, "haren ahulezia nagusiak agerian utziko dituen analisi kritiko bat egin ahal izateko". Finantzaz Haratago sareak argitalpen hori "anbizio handiagoko proiektu baten lehen fasea" dela adierazi du, eta testuliburu gehiago aztertzeko asmoa duela dio, "testuek dituzten gabezia nagusiak identifikatzeko eta horiek gaindituko dituzten material alternatiboak prestatzeko".

Eskuratu argitalpena hemen.

Finantza Etiko eta Alternatiboetako Hezkuntzaren Euskal Sarea