2018-10-13 14:14
Hitzaldi sorta honetan sinbiosian arituko dira hiru hizlari ingurumen hezkuntzako argi eta itzalez solasteko. Hartara, herritar, administrazio eta zientziaren arteko triangulazio interesgarria sortuko da, ingurumen hezkuntzako alor anitzetan lanean aritutako hiru hizlarien ikuspuntuak bateratzerakoan.
Alde batetik, Iñaki Sanz-Azkuek, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide eta irakasleak, bere ikasleekin zein herritarrekin erabilitako irakaskuntza metodologien inguruan hitz egingo digu. Zenbait adibideren bitartez, azalduko du nola landu ingurumen hezkuntza eta zientziarako konpetentziak. Horrez gain, ikusiko dugu ingurumen hezkuntzako edukien lanketak zein langa edo muga dauzkan hezkuntza formal zein ez-formalean.
Honi buruz ondo daki Edurne Huesak ere, iraganean irakasle aritu izan baita. Hala ere, egun Legazpiko INGURUGELA-Ceidako aholkularia da. Teknikariak ezagutzera emango dizkigu Eusko Jaurlaritzatik ikastetxeei zuzendutako Ingurumen Hezkuntza programak eta baita erakundeekin batera Ingurumen Hezkuntza bultzatzeko abiatutako sareen berri eman ere.
Ingurumen hezkuntzako eduki hauek kaleratzerakoan, ezinbestekoa da kalitatea bermatzea, eta horretarako, ebaluazio zientifikoa derrigorrezkoa dugu. Hari horretatik tiraka ibiliko da Joserra Diez Zientzia Esperimentalen Didaktikaren alorreko EHUko Hezkuntza Fakultateko irakasle atxikia. Bere ikerketa urte luzez ibai ekologian zentratu bada ere, egun bere lana zientziaren hezkuntzan, garapen jasangarrirako hezkuntzan eta ingurumen hezkuntzako programen diseinuan eta ebaluazioan egiten du. Horregatik, ingurumen hezkuntzako programen eraginkortasunaz arituko zaigu, orain arte egindako zenbait ikerketen berri emanez.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalnatura taldea 2007tik dabil naturaren inguruko zientzia albisteen eta euskarazko edukien dibulgazioan. Horrez gain, Udako Euskal Unibertsitatearen natur zientzien saila zuzentzen du. Jardun horren baitan, hurrengo ekintza nagusia Natur Zientzien IV. Topaketa (Iruñea, azaroak 7-8) antolatzea da.