2021-02-19 09:29

Ezustekoan, 2021eko otsailean murgildu gara, eta hilabete eskas geratzen da alarma egoeraren urteurrena heltzeko. Urtebete frenetiko honetan, herritarron lehentasunak aldatu dira, osasunari garrantzi handiagoa ematen diogu orain, baina ingurumenarekin lotutako gaiek nekez lortzen dute lehenengo postuetan agertzea. Itxialdian zehar, giza jardueraren eteteak ingurumenean eragindako onuren inguruko hainbat lerroburu izan genituen. Behar bada, guztietan deigarriena 2020. urtean CO2 isuriak %7 murriztu zirela izan zen (ONU). Hala ere, Gipuzkoako herritarrei egindako galdeketa batean, klima aldaketa ez da ageri kezka nagusien artean (2020ko abenduko Gipuzkoako Soziometroa). Badirudi duela pare bat urte abiatutako Fridays for future eta antzerako mugimenduak ezabatu dituela gaur egungo egoerak.

Pandemiak ordea, ondorio larriak eragin ditu bestelako arloetan, hala nola, hondakinen kudeaketan. Maiatzean dagoeneko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak hondakin sanitarioen pisua%350-%400 hazi zela ohartarazi zuen. Horri, bestelako hondakinen igoera gehitu behar zaio, besteak beste, ostalaritzaren egoera zaurgarriak abiatutako take away ohiturak sortutako hondakinak. Joan den urrian, erabilera bakarreko edukiontziak ordezkatu nahian, Donostiar batek Irrisarri proiektua jarri zuen martxan. Edalontzi berrerabilgarri hauen erabilera, festetakoen antzekoa da, hau da, bezeroak 2€-ko fidantza ordaintzen du tabernan eta edaria amaitutakoan sarearen edozein tabernatan itzuli. Lehen sei astetan, Donostiako sei tabernetan hasitako proiektuak, 1.000 bat erabilera bakarreko edalontzien erabilera saihestu zuen. Gaur egun, proiektua Gipuzkoa eta Bizkaiko hainbat herritara zabaldu da. Ekintza txikiek eragin handia izan dezakete denok bat egiten badugu.

Azaleko argazkia irrisarri.eu-tik hartua

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalnatura taldea 2007tik dabil naturaren inguruko zientzia albisteen eta euskarazko edukien dibulgazioan. Horrez gain, Udako Euskal Unibertsitatearen natur zientzien saila zuzentzen du. Jardun horren baitan, hurrengo ekintza nagusia Natur Zientzien IV. Topaketa (Iruñea, azaroak 7-8) antolatzea da.