2025-05-29 09:35

Iaz hasitako prozesua borobiltzeko, Orozkoko eta Arrankudiaga-Zolloko Udalen hizkuntza-politikaren diagnostikoak aurkeztu dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta bi udalek. Bertan, prozesu honen bidez jasotako ondorio nagusien berri eman dute.

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena izeneko dokumentua, Europa mailan garatu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokolotik sortua da. Hizkuntza-berdintasunaren alde eta desabantaila egoeran dauden hizkuntzen garapena bermatzeko dokumentua da aipatutako Protokoloa. Europako 30 hizkuntza komunitatetako 120 eragileren babesarekin eta Batzorde Zientifiko baten aholkuekin osatu zen. Hizkuntza-politiken alorrean inoizko adostasunik handiena lortu duen dokumentua da honako hau, herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatu daitezen hartu beharreko gutxieneko 185 neurri jasotzen dituena.

Kontseiluak, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena dokumentua 2019ko azaroan aurkeztu zuen eta Herriko Etxeetarako Garapena, Ipar Euskal Herrirako egokitutako bertsioa, 2020ko otsailean. Bertan udalen hizkuntza-politika modu integralean lantzeko neurriak proposatzen dira. Neurri horiek aplikatzeko beharrezkoa da udalerri bakoitzak bere egoeraren diagnostikoa egitea eta galdetegia behar horri erantzutera dator.

Galdetegia bera osatu ahal izateko eta Euskal Herri osoan baliagarria izan zedin, Uharten (Nafarroa), Arrigorriagan (EAE) eta Hendaian esperientzia pilotuak egin ziren 2021 eta 2022 urteetan eta bertako emaitzak baliatu dira. Orain, baina, Aiaraldeko udal desberdinekin egin dute lanketa, eta iaz Laudiokoarekin egindako prozesu bera burutu dute Orozkoko eta Arrankudiaga-Zolloko Udalek ere.  

Pasa den urtean zehar, galdetegia osatu eta Orozkoko eta Arrankudiaga-Zolloko hizkuntza-politiken azterketa sakonak garatu dituzte Udalek eta euskalgintzak elkarlanean. Ondorio nagusiak herritarrei aurkeztu zizkieten abenduaren 11n Orozkon eta abenduaren 12an Arrankudiaga-Zollon egindako bilera irekietan eta, horietan jasotako ekarpenak gehituta, behin betiko dokumentuak aurkeztu dituzte gaur. Dokumentu horietan, Udalen kanpo eta barne jarduera bereizi dira.

Orozkoko Udalaren barne jardueraren diagnostikoan ondorioztatu da, oro har, hizkuntza-politika planifikatu eta eraginkor bat dagoela ezarrita. Euskarari ematen zaion balio juridikoa erabatekoa da. Langileek euskarazko B2 maila edo goragokoa dute egiaztatuta. Gainera, euskalgintzak parte hartzen du Udalaren hizkuntza-politika diseinatzerakoan. Hala ere, hutsuneak ere identifikatu dira. Besteak beste, langile eta ordezkari gehienak euskara jakitetik, euskaraz lan egitera igarotzea; barne formakuntzetan euskarazko eskaintza handiagotzea; komunikazio idatzian euskara bermatzetik, idatziak euskaraz sortzera igarotzea; edota lanerako euskarri digitaletan euskararen presentzia bermatzea.

Arrankudiaga-Zolloko Udalaren barne jardueraren diagnostikoari dagokionez, ondorioztatu da kasu honetan ere hizkuntza-politika planifikatu eta eraginkor bat dagoela ezarrita, eta euskarari ematen zaion balio juridikoa erabatekoa dela. Herritarrak euskarazko zerbitzua jasotzea ia bere osotasunean bermatuta egoteaz gain, Udalaren sortze hizkuntza euskara izaten da, eta langileentzako euskara ikastaroak eskaintzen dira doan eta lan orduetan. Azpikontratazio eta esleipenetan ere euskaraz izateko betebeharra txertatuta dago eta jarraipena egiten zaio. Hutsuneei dagokienez, berriz, behar hauek identifikatu dira: lanerako euskarri digitaletan euskararen presentzia bermatzekoa, hizkuntza-irizpideak alor gehiagotan ezartzekoa edota Udalaren kanpo harremanetan euskararen erabilera areagotzekoa.

Kanpo jardueraren kasuan, berriz, euskararen presentzia bermatzeko bi Udalen esku-hartzea nabarmentzekoa da hedabideetan, kultur-programazioan, onomastikan eta harrera-protokoloetan. Zer hobetua ere badute, hala ere: Orozkoko Udalaren kasuan, eremu sozioekonomikoa euskalduntzean, publizitate instituzionalean edota herritarren eskura dauden zerbitzu informatikoetan, besteak beste; Arrankudiaga-Zolloko Udalaren kasuan, hezkuntza ez-formaleko eskaintzan, merkataritzan edota herritarrentzako zerbitzu informatikoetan. Euskarazko sorkuntza bultzatzeko ekimenak ere falta dituzte bi Udalek.

Herritarren ekarpenei dagokionean, bi herrietan eragiteko lehentasunezko eremu modura zehaztu zituzten kultur-programazioan euskarari espazioa eman eta eskaintza handitzea, hezkuntza ez-formalean eskola-kirolean nahiz aisialdian eragitea, eremu sozioekonomikoaren erronka eta euskalgintzarekin elkarlanean sakontzea. Orozkon, gainera, ezinbestekotzat jo zuten harrera protokolo integral bat garatzea eta euskararen erabilera sustatzeko gurasoei begirako lanketak garatzea. Arrankudiaga-Zollon, berriz, kale-erabilera nabarmendu zen, bertaratutakoen pertzepzioaren arabera, haur eta gazteen ezagutza maila ez delako erabileran islatzen.

Orozkoko eta Arrankudiaga-Zolloko Udalek, bakoitzak dagokion dokumentua oinarri hartuta eta euskalgintzarekin elkarlanean, beren egin dute herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituen hizkuntza-politika eraginkor bat garatzen jarraitzeko konpromisoa.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

IZAN LAGUNTZAILE EUSKARAREN ALDE!

The post Orozkoko eta Arrankudiaga-Zolloko Udalen hizkuntza-politikaren diagnostikoak aurkeztu dituzte Euskalgintzaren Kontseiluak, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta bi udalek first appeared on Euskalgintzaren Kontseilua.

Source

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioan diharduen erakundeen bilgunea da. Euskararen lurralde osoan dihardu lanean bertako erakunde, instituzio, eragile eta agenteen arteko elkarlana eta inplikazioa bultzatuz.