2023-12-21 15:36

Pasa den astean publiko egin zen Laudioko Udaleko lanpostu batean euskara-eskakizuna atzera bota zuen sententzia berretsi duela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Epai hori polemikoa izan zen euskara “hizkuntza zaila” baieztatzen zuelako, interneteko blog batetik kopiatutako argudioak erabiliz. 2022ko otsailean, ehunka pertsona batu ziren Laudion oldarraldi judiziala salatzeko elkarretaratzean eta batasunetik erantzuteko deia egin zuten. Horri erantzunez, pasa den azaroan 4an Euskalgintzaren Kontseiluak deituta hamarka mila pertsona manifestatu ziren Bilbon.

Manifestazioaren ondorengo egunetan, Hizkuntza Eskubideak Babesteko Protokoloa aurkeztu zen, eta azken sententzia honen harira, Aiaraldeko euskalgintzak protokoloa aktibatu zuen. Ondorioz, epaiarekin desadostasuna agertzeko, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak elkarretaratzea egin dute gaur Laudioko Herriko plazan. Halaber, eguerdian Laudioko Udal Langileen Batzordeak ere elkarretaratzea egin du.

Eskualdeko zein herrialdeko eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik atxikimendua eman dute: Aiaraldeko EAJ, Aiaraldeko EH Bildu eta Laudioko Omnia alderdi politikoek; ELA, LAB eta STEILAS sindikatuek; Laudioko Udaleko Langile Batzordeak; Aiaraldeko AEK-k eta Laudioko Udal Euskaltegiak; hezkuntza komunitatetik, Laudio Ikastolak, Laudio BHIko zuzendaritzak, Amurrioko Aresketa Ikastolak, Latiorro Ikastetxeak, Urduñako Herri Eskolak, Laudioko Areta Herri Eskolak, Mendiko Eskolak, Zabaleko Ikastetxeak eta Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! plataformak; eta eskualdeko hainbat elkartek: Aiaraldea Koop. Elkarteak, Basalarrina Euskaltzale Elkarteak, Hogeitalau elkarteak, Sorginlarren elkarteak eta Kirikino Atseden Taldeak, besteak beste.

Jarraian, Euskalgintzaren Kontseiluak epaiaren aurrean egiten duen adierazpena:


KONTSEILUAREN ADIERAZPENA

Oldarraldi judizialak ez du etenik. Sententziaz sententzia gero eta argiago geratzen ari da olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafobo honen atzean ezkutatzen den mezua: urrunegi joan zarete eta mugak jarri behar dira.

Edozerk balio du epaitegietatik euskararen normalizazioa sustatu nahi duten neurriak baliogabetzeko: ezin da euskara eskatu “diskriminatzailea” delako, ezin da euskara eskatu “inposizioa” delako, ezin da euskara eskatu “gehiegizkoa” delako, ezin da euskara eskatu “zailegia” delako…

Hain zuzen, zailegitzat jo zuen euskara Laudioko udal lanpostu baterako hizkuntza eskakizuna baliogabetu zuen azken epaileak. Aurrekoa berrestera dator EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia, herritarron hizkuntza-eskubideak kontuan ez hartzeaz gain, adituen arabera oinarri juridiko erabat eztabaidagarriak dituena. Esan bezala, edozerk balio du euskararen aurrerabidea oztopatzen saiatzeko.

Beste behin ere, udalek langile publikoei euskararen ezagutza eskatzeko duten eskumena izan dute auzitegiek jo puntuan. Udalek hizkuntza-politika egiteko duten eskumenaren aurka jo dute, alegia. Horregatik, gaur eta hemen, ozen salatu nahi dugu botere judizialaren esku-hartzea hizkuntza politiketan, bereziki adostasun politiko eta sozial zabalen gainetik egiten denean eta milaka herritarroi hizkuntza-eskubideak, oinarrizko eskubideak, ukatzen dizkigutenean.

Onartezina zaigu, gainera, epai hauek denak lotzen dituen premisa faltsua: lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak elkarren kontrakoak direla, kontrajarrita daudela. Auzia oso bestelakoa denean: elkar osatzen eta indartzen duten eskubideak dira. Hizkuntz eskubideak bizimoduko alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen baitira egiazko eskubide, lanean barne. Gehiengo sindikalak sententzia hauen aurrean erakutsitako arbuio irmoa dugu horren froga.

Pasa den azaroaren 4an Bilboko kaleak bete genituen aldarri berarekin atera gara gaur Laudioko plazara. Euskalgintzaren Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak deituta, gehiengo sindikala eta langileen ordezkariak, hezkuntzako eragileak, euskaltegiak, udal ordezkari eta alderdiak, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, eta, batez ere, herritar euskaldun eta euskaltzaleak… mezu argi batekin:

Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!

OLDARRALDIAREN AURREAN

EUSKARAREKIN BAT

EUSKARAZ BAT

Source

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioan diharduen erakundeen bilgunea da. Euskararen lurralde osoan dihardu lanean bertako erakunde, instituzio, eragile eta agenteen arteko elkarlana eta inplikazioa bultzatuz.