Gaur, Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean. Bertan, helduen euskalduntze eta alfabetatze sektorearekin elkarlanean landutako Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena dokumentua aurkeztu du Kontseiluak. Proposamenak bi ardatz ditu: ikasketen doakotasuna, eta ikasteko beharra sustatzea. Horretarako tresna bat ere jasotzen du: Euskal Herri mailako agentzia bateratua.
Euskararen ezagutza unibertsalizatzea helburu
Proposamenaren abiaburua 2021ean aurkeztu zen Batuz Aldatu adostasun sozialean dago, askotariko 110 gizarte eragilek sinatutako dokumentua. Bertan, hizkuntza-politiken helburua euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea izan beharko litzatekeela zehaztu zen, eta helburu horri begira, hizkuntza-politikek bi norabide hartu behar zutela: batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatzea, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten; bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotzea, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.
Euskararen erabilera benetan erosoa izateko baldintzak sortzeko, ezinbestean euskararen ezagutza unibertsalizatzeko beharra dago. Hau da, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izatea. Eta hizkuntza-politikak helburu hori lortzera bideratu behar dira gaurdanik, berandu baino lehen.
Kontseiluaren arabera, euskara ikasteko eskubidea ezin da baldintzatu gaitasun ekonomikoaren arabera. Horregatik, lehen urrats gisa ikasketen doakotasunaren beharra aldarrikatu du, herritarrek inolako kosturik gabe euskaraz ikasteko aukera izan dezaten. Gaur aurkeztutako proposamenak 2017an aurkeztutako Doakotasunerazko bidean izeneko txostena osatu eta segida ematen dio, herri ekimeneko euskaltegi gehien-gehienen babesa bildu zuena: AEK, IKA, Maizpide, Hitzez, Urrats, Ilazki, Legazpi 6, Mikelats, Udaberria, Gabriel Aresti, Juan Mateo Zabala, Bilbo Zaharra, Bai & By, Gotzon Garitaonandia, Labayru eta Hegoalde euskaltegiak.
Proposamenaren funtsa honakoa da: herritarrak euskara ikasi ahal izateko dirurik aurreratu beharrik ez izatea, dohainik ikasten segitu ahal izateko gutxienez % 75eko bertaratzea izatea eta ikasmailarik ezinbestean gainditu beharrik ez izatea, euskalduntze prozesu guztia doakoa izatea, ikasleak 2.000 orduko ikastordu kreditu muga izatea eta instituzioek herri ekimeneko euskaltegiek ematen duten zerbitzu publiko hori osorik finantzatzea.
Doakotasuna, baina, ez da baldintza bakarra. Euskara ikasteko beharra ere sustatu behar da, euskara ikastea gero eta beharrezkoagoa dela transmititzea. Batuz Aldatu dokumentuan adierazi bezala, bi motibazio-mota landu behar dira, herritarrek euskara ikasteko eta erabiltzeko erabakia edo hautua egin dezaten: motibazio pragmatikoa (instrumentala) eta motibazio afektiboa. Eta, horretaz gain, hizkuntza-politikako zenbait neurri hartu behar dira lehentasunezko zenbait eremutan (administrazioa, hezkuntza, eremu sozioekonomia, ingurune digitala…), herritarrek euskara ikasteko erabakia har dezaten.
Helduen Euskalduntze eta Alfabetatzerako agentzia bateratua
Agerraldian, egungo hizkuntza-politikaren koordinazio falta ere salatu du Kontseiluak: «Euskal Herri osoa hartuko duen egitura egonkor eta iraunkor bakar baten premia dugu: agentzia bat». Agentzia horrek, honako egitekoak izango lituzke: ikasketen doakotasuna bermatzea, glotodidaktikan ikerketa egitea eta irakasleen prestakuntza hobetzea, material didaktikoa sortzea, azterketa batzorde bakarra sortzea hizkuntza-eskakizunen sistema gainditu bitartean, herritar orori euskara ikastea beharrezkoa dela pentsarazteko hizkuntza-politika koordinatzea, eta herritarrak euskara ikastera bultzatzeko komunikazio-kanpainak abiatzea. Agentzia erakunde publiko eta herri ekimeneko ordezkariekin osatuko litzateke: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa, Euskalgintzaren Kontseilua, Euskaltzaindia eta herri ekimeneko euskaltegiak.
«Euskalgintzak askotan azpimarratu duen bezala, helduen euskalduntzearen sektorea estrategikoa da euskararen normalizazio eta biziberritzearen bidean. Horrenbestez, bereziki bultzatu, indartu eta orokortu behar den jardunbidea da, bai helduaroan euskaraz ikasi nahi dutenei aukerak eskaintzeko, bai sistema formaletik behar adinako gaitasunik gabe irten diren herritarrak berriro euskarara hurbiltzeko».
* Argazkia: Eusko Legebiltzarra.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri:
The post Kontseiluak helduen euskalduntzearen doakotasunerako urrats eraginkorrak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean first appeared on Euskalgintzaren Kontseilua.