Bi urteko maskaradaren ondotik, Euskararen Erakunde Publikoaren hitzarmen sortzailea berritzea erabaki dute hura osatzen duten partaideek ostegun honetan egin duten biltzar nagusian. Ororen buru, kide bakoitzak 100.000 euro gehiago emanen ditu, EEPk berak 2023an finkatu zituen beharretatik urrun. Euskal Konfederaziotik argi diogu: ez da aski! Ez du balio euskararen aldeko hizkuntza politikak Ipar Euskal Herrian dituen beharrei erantzuteko.
Hautetsiek argudiatu dute EEPk zapart egitea saihestu nahi izan dutela, horrek kalte eginen zielako euskalgintzari eta euskal munduari. Baina hemen euskarari kalte egiten dion bakarra, hizkuntzaren biziberritzea bultzatzeko borondate politiko falta da. Euskal Hirigune Elkargoa izan da aurrekontua manera onargarrian emendatzearen alde agertu den bakarra. Gainerako kideek beste behin erakutsi dute ele ederretatik harago ez dutela den mendreneko urratsik egiteko asmorik.
Urteak dira Euskal Konfederazioak Ipar Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean plangintza xifratu bat eta helburu zehatzak dituen bide-orri bat galdegiten duela. Eta azkenean lortu genuen iazko ekainean: Euskararen Erakunde Publikoak egin ikerketaren arabera, gainbehera ez da fatalitate bat, eta euskara goranzko bidean ezartzea posible da. 2050 urterako, euskaldun kopurua %30ekoa izateko bide-orria aurkeztu ziguten.
Helburu hori finkatu du EEPren biltzar nagusiak ere, baina hori lorgarri egiteko diru baliabiderik adostu gabe. Maider Behotegi EEPko lehendakariak berak adierazi du, gaur gaurkoz, finkatu duten helburua ez dela lorgarria. Trufa hutsa da!
Frantziako Estatuak eta gainerako instituzioek hamarkada luzeetan euskararen kontrako politikak sustatu dituzte, gure hizkuntza desagerrarazteko helburuarekin. Euskararen Erakunde Publikoa sortu zelarik, Ipar Euskal Herriko biztanleen 4tik 1 euskalduna zen. Hogei urte berantago, biztanleen 5etik 1 baizik ez da euskalduna. Denek euskararen alde ahalegin oro egiten dute omen, baina memento berean, euskara peko errekarako bidean da.
Euskararen nazioarteko egunaren harira, Ipar Euskal Herriko auzapezei zuzendu zitzaien prefeta, Frantziako Estatuak euskararen alde egiten duen ekarpena laudatzeko. Alta, Frantziako Estatuak erantzukizun historikoa du Ipar Euskal Herrian euskarak izan duen gainbeheran. Egindako kaltea konpontzeko erreparazio politika bat ezinbestekoa da.
Horretarako:
Euskalgintzako eragileek orain arte bezala segituko dugu, arloz arlo, Ipar Euskal Herriaren berreuskalduntzearen aldeko lanean. Eta badakigu horretarako herritarren eta eragileen mobilizazioa ezinbestekoa izanen dela, euskara larrialditik ateratzeko. Guk, euskaltzale guziok, ondoko hitzordua abenduaren 27an dugu, Bilboko Bilbao Arenan, Kontseiluak antolatu ekitaldian euskararen Pizkundea nahi dugula adierazteko.
Baiona, 2025eko abenduaren 12a
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.