2025-06-02 09:25

Gure Esku ekimenak mobilizazioa adeitu du ekainaren 7rako Bilbon, Herri Libre Bat. Euskal Herriak erabaki lemapean. Manifestazioa 17:30ean abiatuko da La Casillatik, eta egun osoan zehar aisialdi eta kultur eskaintza zabala egongo da Bilboko kaleetan.

Euskalgintzaren Kontseiluak bat egin du manifestazioarekin, euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko hizkuntza-politikak erabaki eta gauzatzeko burujabetza izatea ezinbestekoa dela aldarrikatuz. Hona hemen euskalgintzako eta kulturgintzako 144 eragilek sinatutako Euskara eta euskal kultura, aske eta burujabe manifestua.


EUSKARA ETA EUSKAL KULTURA, ASKE ETA BURUJABE

Euskal Herria gara. Zazpi lurralde askotariko jendeak osatutako herri bat gara. Hizkuntza, kultura, ohitura eta zuzenbide propioak dituen herri bat gara. Bere burua gobernatu nahi duen herri bat gara, burujabe izan nahi duen herri bat.

Ez dugu gure herria irudikatzen euskararik eta euskal kulturarik gabe. Baina, gaur gaurkoz, ez daude mehatxuetatik libre. Euskaldunok ez ditugu hizkuntza eskubideak bermaturik. Euskararen normalizazioaren bideari oztopoak jartzen ari zaizkio hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak baliogabetzeko. Euskararen erabilera, garapena eta unibertsalizazioa trabatzen ari dira. Sormena loratzeko bideak murritzak dira. Euskal kultura desorekatutako baldintzetan ari da lehiatzen, euskal sortzaileen artean prekarietatea nagusi delarik.

Herri izaten jarraitu nahi badugu euskara eta euskal kultura sendo behar ditugu, menpekotasunik gabe. Gorantza, eta ez maldan behera. Aberaste bidean, eta ez prekarietatean. Gure bizitzen erdigunean kokatuta, eta ez baztertuta. Libre izateko, gure hizkuntza eta kultura bizirik eta garapen betean behar ditugu.

Euskara eta euskal kultura biziberritu behar ditugu, kemen berriarekin. Premiazko urratsa da. Bada garaia euskara Euskal Herri osoan aitortua izateko, hizkuntza ofizial gisa, eta dagozkion eskubide guztiekin. Euskararen erabilera indartu eta zabaldu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko hizkuntza politika eraginkorrak egiteko erabakimen osoa izan behar dugu. Sormena, sortzaileak eta euskal kulturaren aberastasuna eta transmisioa sustatu eta babesteko tresna eta politika berriak behar ditugu. Herri kohesionatu bat lortze aldera, euskararen eta euskal kulturaren zabalkundeak eskaintzen dituen aukerak baliatzeko helduleku eta ahalmen berriak behar ditugu.

Herri ikuspegiarekin eta anbizioarekin jokatzeko garaia da. Herri gisa aurrera egiteko garaia da. Herri erronkei eraginkortasunez erantzuteko jauzi bat egin beharra dugu: jauzi bat gure autogobernu mailan, gure erabakitzeko ahalmenean, eta, azken batean, burujabetzaren bidean.
Bultza dezagun elkarrekin. Lankidetzaren bidez eta batera arituz hobeto helduko diegu herri erronkei, eta hobeto zainduko ditugu euskara eta euskal kultura.

Horregatik, adierazpen hau sinatzen dugunok gure atxikimendua adierazi nahi diogu datorren ekainean 7an Bilbon izango den Herri Libre Bat – Euskal Herriak erabaki izenburuko mobilizazioari. Ziur gaude mobilizazio honek balioko duela herri gisa agertzeko munduaren aurrean, herri libre eta burujabe bat izan nahi dugula argi uzteko, burujabetzaren aldeko bideari bultzada bat emateko, eta euskarak eta euskal kulturak behar duten premiazko susperraldia azkartzeko.


Jarrai gaitzazu sare sozialetan eta jaso gure jardunaren berri: 

The post Ekainaren 7an Bilbon izango gara, Gure Eskuk antolatutako manifestazioan first appeared on Euskalgintzaren Kontseilua.

Source

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioan diharduen erakundeen bilgunea da. Euskararen lurralde osoan dihardu lanean bertako erakunde, instituzio, eragile eta agenteen arteko elkarlana eta inplikazioa bultzatuz.