Pasa den astean honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak Donostiako Udaleko mugikortasun agenteen egonkortze-prozesu baten jarritako euskararen eskakizuna bertan behera utzi zuen.
Atzo, Euskalgintzaren Kontseiluak eta BAGERA Donostiako euskaltzaleen elkarteak elkarretaratzea egin zuten Donostiako epaitegien aurrean. Bertan, salatu dute epaileek hainbat premisa faltsu bere egin dituztela, besteak beste, gaztelania-hiztun elebakarren gutxiengo diskriminatu bat existitzen dela, edota gaztelania gainontzeko hizkuntzen gainetik babestu behar dela. Honekin, botere judizialak hizkuntza-politikaren joko arauak aldatu dituela kritikatu dute.
Azkenik, udazken honetan eztabaidatuko diren bi ekimen legegileei dagokionez, Kontseiluak adierazi du emaitza ezin dela mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera, baizik eta egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezatela bermatu behar dela.
Behean elkarretaratzearen bukaeran irakurritako adierazpena.
–
Oldarraldiak ez du etenik. Donostiako hau dugu dagoeneko luzeegi doan zerrenda bateko azkena. Gero eta sakonagoa da oldarraldiaren eragina; gero eta handiagoa euskararen eta hizkuntza-berdintasunaren aldeko politikak egiteko zailtasuna. Sententziaz sententzia euskararen ofizialtasuna bera deseraikitzen ari da botere judiziala.
Hauen arabera, justiziaren aurkakoa da herritarren eskubideak parekatzea, gaztelaniaren pribilegio estatusa zalantzan jartzea. Esaterako, azken auzi honetan, hala argudiatzen da, Espainiar Konstituzioa eskuan, euskara jakin beharraren inguruan: «Que hay discriminación por no tener conocimiento de una lengua cooficial en un territorio que forma parte de España».
Jarraian honela interpretatzen du Gernikako Estatutuak hizkuntza diskriminazioaz dioena: «Los españoles no podrán ser discriminados, en la Comunidad Autónoma del País Vasco, por cuestiones de lengua».
Eta gehitzen du: «Y quedando, también claro, que la única lengua que tienen obligación de conocer todos los españoles es el castellano».
Honekin, auzitegiak hiru premisa ematen ditu ontzat. Alde batetik, gaztelania soilik ezagutzen dutenen gutxiengo bat diskriminatua dagoela eta babes berezia merezi duela. Bestetik, horren ondorioz, euskararen eta euskal hiztunen aldeko ekimen positiboak –asimetria soziolinguistikoa gainditzeko eta benetako koofizialtasuna lortzeko helburuzkoa– debekatutako diskriminazioa direla, gaztelania hutsezko hiztunak kaltetzen dituelako. Azkenik, gaztelania gainontzeko hizkuntzen gainetik babestu behar dela, eremu guztietan bere nagusitasuna bermatu dadin.
Hau da botere judizialak ontzat ematen duen markoa, oldarraldiarena, gaztelaniaren erabateko nagusitasunarena, euskara betiko minorizatuta nahi dutenena.
Epaileek hizkuntza-politikaren joko arauak aldatu dituzte eta jada arazoa ez da euskararen normalizazioan ez dela aurrera egin, baizik eta orain arte izandako zorua bera dagoela kolokan. Euskararen desofizializazioa prozesu bat da hau eta 40 urte atzera egiteko arriskua dago.
Hau guztia, hain zuzen, administrazioa euskalduntzeko aukera historikoa dagoenean heldu da. Esaterako, hor dago Kontseiluak, ELA eta LABekin batera, 15 urtean administrazioa euskalduntzeko egindako proposamena. Datozen urteetan langile publikoen erdiak erretiroa hartuko du eta inoizko belaunaldi euskaldunduena letorke hauen lekua hartzera. Orain da unea, jauzirako baldintzak badaude.
Aldi berean, bi ekimen legegile daude mahai gainean, udazken honetan eztabaidatuko direnak. Eztabaida horren emaitza ezin da mugatu oldarraldiari erantzun eta atzeraldia gelditzera. Ezinbestekoa da euskarari behar duen arkitektura juridiko berria eskaintzea, egungo hizkuntza eskakizunen paradigma gainditu eta langile publiko guztiek euskararen ezagutza izan dezatela bermatuko duena.
Asko da orain arte aurreratu dena, baina paradigma berri bat behar dugu erronka berriei aurre egiteko, botere judizialetik ezarritako blokeoa gainditzeko, behingoagatik administrazio euskaldun bat izateko eta orain arteko iraupen logiketatik, euskararen normalizazio erreal baterako jauzia emateko.
Hizkuntza larrialdian gaude, orain arteko bideak ez dira aski. Larrialditik indarraldirako jauzia emateko pizkunde berri bat eragin behar dugu.
Euskararen etorkizuna dago jokoan. Euskaltzaleon garaia da!
Donostian, 2025eko irailaren 17an
The post «Auzitegiek premisa faltsuak baliatu dituzte hizkuntza-politikaren joko arauak aldatzeko» first appeared on Euskalgintzaren Kontseilua.