2021-10-14 12:15

Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea hein batean aldatzen duen Foru Legea onartu du gaur Nafarroako Parlamentuak. Prozedura berriaren helburua izapidetzea arintzea, interpretazioak argitzeko betebeharrak zehaztea eta salbuespenak zuzenketa teknikoen bidez zuzentzea bazen ere, zenbait alderdik aukera baliatu dute hizkuntza-eskubideen esparruan atzerapausoak emateko.

Joera atzerakoiei segida

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaoren arabera «etsigarria da, beste behin, hizkuntza-eskubideen bermeari begirako inolako neurri berririk hartzen ez dela ikustea». Izan ere, Kontratu Publikoaren lege berrian hizkuntzari lotutako mozio batzuk izan dira eztabaidagai. 64. eta 106. artikuluen zuzenketak egon dira mahai gainean, hain zuzen ere, euskara erabiltzeari loturiko exekuzio-baldintza bereziak sartzeko aukera jasotzeko. «Kontuan hartuta kontratatuko diren enpresa askok zerbitzu publikoak eskaini behar dituztela, oso garrantzitsua da enpresa horiei baldintzetan hizkuntza-eskubideak bermatzeko mekanismoak aurreikus ditzatela eskatzea. Bestela, enpresaren borondateak erabakiko du eskubideak bermatu ala ez» azaldu du Kontseiluko ordezkariak.

Horri lotuta eta hizkuntza-irizpideak ez egotearen ondorioak salatzeko, berriki Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, Sortzen elkartearekin eta hainbat gurasorekin batera, eskaera egin zion Nafarroako Gobernuari. Eskaera horren helburua ikastetxeekin lotutako hainbat zerbitzu eskaintzen duten enpresei hizkuntza-irizpideak ezartzea izan zen. Izan ere, gurasoek azaldu bezala, hizkuntza-irizpideak ez ezartzeak eragin zuzena du haien seme-alabek zerbitzuak euskaraz jasotzearekin.

«Ondorioz, oso garrantzitsua da kontratu publikoetan hizkuntza-irizpideak ezartzea herritar guztiek zerbitzuak baldintza berdinetan jaso ditzaten. Tamalez, beste behin ikusi dugu ez dagoela benetako borondaterik herritarren eskubideak bermatzeko mekanismoak abian jartzeko» esan du Bilbaok.

Berriz ere atzerapausoak

2018ko apirilean onartutako legearen hamabosgarren xedapen gehigarriak jendeari erantzuteko zerbitzuetan euskararen presentzia sustatzeko neurria jaso zuen. Xedapen horren arabera, kontratua betetzeak jendeari erantzuteko zerbitzu bat ematera behartzen duenean, enpresa azpikontratatuek euskara plan bat prestatuko zuten, jendeari erantzuteko lanpostuetan diharduten pertsonak hizkuntza horretan prestatu ahal izateko.

«Legea onartu zenean, Kontseiluak baikorki baloratu zuen aipatu xedapena. Izan ere, herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko irizpidea jasotzen zen lehen aldiz era horretako lege batean. Horrela, lehen urrats interesgarria iritzi zion Kontseiluak xedapenari» azaldu du Kontseiluko eledunak.

Halere, onartu berri den Legean aipatu xedapena atzera bota da, eta beraz, ez da inolako betebeharrik ezartzen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Paul Bilbaoren esanetan, «aukera berri hau probestu beharrean, gutxieneko konpromisoa ere alboratu dute, eta azken boladan gertatzen ari diren atzerapausoei lotu behar zaion beste bat eman dute».

«Nahi baino gehiagotan esaten ari gara garai ilunetako politiketara iristen ari garela, eta lege honetan gertatutakoak hori berresten du. Hizkuntza-berdintasunean aurrera egitea saihesteaz gain, atzerapausoak ematen ari dira» esan du Kontseiluko ordezkariak. «Kezkaz hartzen ari gara azken hileotan gertatzen ari dena Nafarroako hizkuntza-politikaren esparruan. Eremu batzuetan 2000. urtean abian jarritako politikara itzultzen ari gara, ondorioz, mugak jartzeko garaia dela uste dugu» gaineratu du. 

 

Jatorrizko albistea

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskalgintzaren Kontseilua euskararen normalizazioan diharduen erakundeen bilgunea da. Euskararen lurralde osoan dihardu lanean bertako erakunde, instituzio, eragile eta agenteen arteko elkarlana eta inplikazioa bultzatuz.