2020-03-31 11:25

Azken egun hauetan, kontsumitzaileen ekimenak biderkatzen ari dira lekuko elikagai-hornidura sustengatzeko. Hari beretik, Ipar Euskal Herriko laborantza herrikoiaren alde lan egiten duten egiturek, Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea (APFPB), Biharko Lurraren Elkartea Civam (BLE), Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) eta ELB sindikatek, laborariek berek sortu eta kudeatu tresna berri bat plantan ezartzen dute : LEKUKOA, herritar eta laborarien artean lotura eginen duen tresna.

 

Tresna hau, egoera desberdin horien ondorioz martxan ezarri dugu :

- ostatu eta ikastetxeekin lan egiten duten ekoizle ainitzek salbide nagusi bat galdu dute koronabirusaren epidemiaren kontrako neurriak ezarriak direnetik.

- merkatuetan jende gutiago ibiltzen da eta azken egunetan, merkatuak debekatzeko joera agertu da

- herritarren aldetik, lekuko ekoizpenekiko interesa handituz doa (gero eta jende gehiago gure ekoizle-saltokietan !),

- ekoizle eta kontsumitzaileak kutsatze irriskuetatik babesteko beharra, segurtasun-neurri zorrotzak hartuz.

 

Hara zendako LEKUKOA tresna abiatu dugun. Webgune honetan (www.lekukoa.com), jaleek lekuko eta kalitatezko mozkinez nun hornitzen ahalko diren ikusten ahal dute. Joan-jinen egiteko eta jakiak eskuratzeko zailtasunak hor izanik, LEKUKOAk, egungo egoerari aterabide konkretuak proposatzen ditu. Denbora berean, herritarren eta laborarien arteko loturak epe luzerat indartu nahi ditu, lekuko produktuez elikatzea errextuz.

 

LEKUKOA, Ipar Euskal Herriko laborantza herrikoia sustengatzen duten egiturek kolektiboki bultzatu duten plataforma bakarra da. Gure etxaldeetatik zuzenean jin lekuko eta kalitatezko ekoizten anitz eskaintzen ditu. Webgune hori, tresna berri bat da tokiko eta kalitatezko laborantza sustatzeko eta elikaduraren bertokiratzeko. Helburu horiek beste ekitaldi batzuekin ere lantzen ditugu urte guziz : Lurrama, Idoki merkatuak, Asunak, Laborarien Xokoa, etab.

 

Lekukoa Drive !

COVID-19 : La Ville avec les producteurs locaux pour alimenter les ...

Asteroko banaketa sistema bat abiatzen da iparraldeko ehun bat etxaldetako ekoizpenekin, hogoi bat herritarat helduz, hastetik bururaino sekuritateko neurriak zainduz.

- www.lekukoa.com web gunean astero atxemanen dira banaketa punduetarat heltzen ahal diren etxalde eta ekoizpenak (jadanik 80 batek izena emana du) ;

- bezeroek manatzen dute nahi duten laborariari eta hari zuzenki pagatzen dute (biramenduz edo xekez bainan ez diruz banaketa egunean) ;

- banaketa gunean, autoak aintzinatzen dira lerroan, laborariek ekoizpenak ezartzen dituzte zuzenki autoko kofrean eta bezeroa ez da autotik jausten (oinezkakoak heltzen ahal badira banaketa gunerat, antolaketa berezia jarria izanen da ekoizpenak hartzeko kontakturik gabe) ;

- babes neurriak hartuak dira hastetik bururaino.

Herrietako zerbitzu teknikoek antolaketa teknikoa errexten dute (herriko etxeek baimendua dute gure sistima).

 

Hornitzeko beste guneak

Lekukoa.com webgunean Ipar Euskal Herriko bio edo etxe ekoizleen hamar dendak aipatzen dira.

Asteko merkatuetan ere atxeman daitezke gure etxaldeetako ekoizpenak. Egungo egoeran, horietako ainitz ezeztatuak izan dira. Guk merkatu horiek atxiki behar direla diogu, epidemiaren kontrako osasun-prebentziorako jestuak errespetatuz.

Izan ere, Lekukoa Drive aterabide alternatiboa da. Ez du asteko merkatua ordezkatzen, ez baitu publiko guzieri erantzuten. Denek ez dute internet baliatzen, banku biramenduz pagatzen edo aintzinetik manatzeko usaiarik. Biziki garrantzitsua da ere ekoizle ttipientzat asteko merkatua zabalik atxikitzea.

 

Krisialdi hontarik landa, biztanleek lekuko mozkinekin hartu usaia onak irautea nahi ginuke. Mozkin horiek ostatu edo kantinetan ere baliatzen dira eta agian berriz fite atxemaiten ahalko dira !

 

Harremanetarako :

- Iparraldeko Etxe Ekoizleen Elkartea (Idoki), 05 59 37 23 97
- Biharko Lurraren Elkartea, 05 59 37 25 45
- ELB laborari sindikatua, 05 59 37 21 08
- Euskal Herriko Laborantza Ganbara, 05 59 37 18 82

2005eko urtarrilaren 15ean sortu zen Euskal Herriko Laborantza Ganbara. 1901 legedian oinarritzen den laborantza-garapenerako elkartea da. Laborantza herrikoi eta iraunkorraren alde lan egiten du, laborantza eta laborarien zainketan eta tokiko garapenaren alde. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, Euskal Herrian laborantza herrikoi batentzat lan egiten du, helburu horiek segituz: kalitatezko elikadura sanoa ekoiztea, lurralde osoan banatuak diren etxaldeetan; laborari ainitz baten laguntzea, heien lanaz oneski bizitzeko; biharko baliabide naturalak eta baserri ingurumenak zaintzea. Laborantza herrikoiaren 6 gaiek zeruhertza irudikatzen dute, iparrorratza. Orientabide hori hainbat programa, ekintzetan deklinatzen da, 4 lan ardatzen inguruan: laborantza politiken jarraipena instalazioa eta transmisioa balio erantsia garapena eta lurraldea