2017-11-14 11:30

Horrela izan dadila

Iraitz Agirre Aranguren

Naturaren eta inguruarekiko harremanaren berdea. Joandako  arbaso eta aintzindarien beltza. Eguzkiaren beroaren horia. Odol eta gorputzaren gorria. Arrazoiak dena gidatzen duen mendebaldeko mundu honetan gehiegitan arrotz zaigun barneko espiritualtasunaren txuria. Kolore horiek ardaztu eta zeharkatu zuten joan den urrian Bilguneak antolatutako Osatze Feministako Eginoko egonaldia.

Leku paregabean elkartu ginen, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroak elkar igurzten duten lautadaren erdian, ertzetako mendikateetako kare-harriaren, honen azpian labaintzen diren errekastoen eta alderik-alde bailarak zeharkatzen dituen haizearen konpainian.

Elikaduraren garrantziaz jakitun, hiru egunez gure gorputzak jangai osasuntsuekin garbitu genituen (eta hiru egun asko ez diruditen arren, gorputzak ordu gutxitan somatzen ditu kafe eta azukrearen falta, adibidez). Deskantsuaren beharraz kontziente, gure gogo gorputzei beharrezko genuena egiten utzi genien; lo, ibili, etzanda egon, arnastu, zelaian oin hutsik ibili.. bakoitzaren neurrira, inori azalpenik eman beharrik gabe. Eta gozatzearen eta goxatzearen nahia ere erdigunean jarri genuen, gogo gorputzak mugimendu librera askatuz, borobilean jesarrita aldamenekoa besarkatuz edo ilunkarako masaje kolektiboan erabilitako olio eta belar usainez zipriztinduz. Gure inguruari begiratu eta naturarekiko harremanak estutzen ere saiatu ginen, bide ertzetan ezkutatzen diren sendabelar ezezagunak gure kaieratara ekarriz.

Asanblada eta bileretan batzera ohituta, arrazoia eta ideien anabasa etengabe horretan, askotan gure barneko horri biderik ematen ez diogula konturatzen ari gara. Osatze feministako egonaldien ederrena, den-denok, egunerokotasunari  frenoa bota eta gure gogo-gorputzei kasu egiten uztearen beharraz kontzientzia hartzea da. Badakigu zeintzuk diren gure beharrak, baina maiz ezkin egin eta alboratu egiten ditugu beste lehentasun batzuen itzaletan. Eta hori, dena bezala, politikoa ere bada.

Osatzea… adiera ugari dituen hitza da. Atal ezberdinak batzea, gehitzea, elkartzea, integratzea  eta atalen banaketa horretatik, baita sendatzea ere. Eta feminista, sistema patriarkal, kapitalista eta inperialistak, gure gogo-gorputz-sentitzeak kolonizatuta dituelako eta horiek dekolonizatzea, gure gogo-gorputz-sentitzetik egitea ezinbesteko zaigulako, beti ere, modu kolektiboan eta elkarrekin osatuz.

Lorena Cabnal, Vicky Chávez, Lolita Chávez, Ixina eta Derik izan genituen egonaldi honetan gurekin, Guatemala eta Salvadorreko kide feministak. Eta euren lekutik ikusi eta sentitu ahal izan genituen hainbat eta hainbat bizipen, min eta goxotasun. Izan ere goxo azaldu zizkiguten euren bizi ibilbidearen minak eta pozak, gogortasunak eta indarrak, beldurrak eta borrokak. Eta azken urteotan eraikitzen ari diren kosmologia feministaren nondik norakoak ere elkarbanatu zituzten, guretzat, arrazionalitate europarra ardaztuta dugunontzat, ulergarri eta sentikor. Izan ere, osatzearen eta elkartzearen errito kolektiboen mistikak, bere zientzia osoa duela ulertarazi ziguten.

Eguzkia, haizea, lurra eta ilargia agurtuz, hemen eta orain, gure aitzindari feministak  gure berora ekarri genituen euren laguntzaz. Hemen gaude, eurek egindako bideagatik. Aitortza horretatik zaigu beharrezko aurrera jarraitzea, genealogia feministak josten segitzea, gure kontakizun propioak sortzea. Eta hori denori, gure jatorrizko kulturaren zuztarretatik elikatzea... Gonbidapen hori luzatu ziguten.

Kultura eta herri bakoitzak bere jakintza sistema propioak ditu. Praktika komunalak identifikatu eta jakintza komunitarioa berreraikitzea, gaur egungo egiturak zalantzan jarri eta eraldatzeko gakoak dira. Jakintza propioa garatzeko gonbidapena luzatu ziguten beraz, autonomia eta nortasun berri baten eraikuntza, emakume euskaldunen genealogiak harilkatuz, helburu dugun jendarte horretara gerturatuko gaituen proiektu politikoa norabidetuz. Eta horretarako gure herri, komunitate eta taldeetara begiratuz, gure printzipioak zeintzuk diren zehaztuz, egunerokotasunean aintzat hartzen ditugunak traszendituz. Hau da, gure barne eta kanpo dekolonizazioaren beharrean sakonduz.

Bilgune Feministan bide eta arrakala berri hauen artean murgiltzen ari gara. Dena teoriatik egin nahi dugun garai eta espazio hauetan, gorputz politikoak berreskuratzea ezinbestekoa dela deritzogu. Arrazionalitatearen mugak ulertuz, hitzez uler ezin daitekeen hori bizi eta sentituz. Egiten dugunari intentzionalitate politikoa aitortuz, izan asanblada teoriko eta besarkada kolektibo. Praktika feminista berriak sortu eta osatzeko bide anitzak esperimentatzea ezinbesteko zaigu.. gure gogo-gorputz-sentitzeak, elkar-gorpuztuta bakarrik askatuko baitira. Horrela da; horrela izan dadila eta horrela izango da.

 

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko Bilgune Feminista (EHBF) 2002an sortutako nazio mailako erakunde feminista eta abertzalea da, esparru ugarietako emakume asko eta askotarikoen hausnarketatik sortutako egitasmoa. Euskal feminismoaren eta euskal feministen oinordekoak gara. Hark ezartzen digun zapalkuntza hirukoitzaren (klase-zapalkuntzaren, nazio-kultura zapalkuntzaren eta sexu-generoaren zapalkuntzaren) aitortzatik abiatuz aztertzen dugu errealitatea eta ikuspegi horretatik egiten diogu aurre errealitate horri. Pixkanaka, askotariko zapalkuntza horien elkarreraginean eta intersekzionalitatean jarduten dugu, zapalkuntza-sistema orotatik askatu eta Euskal Herri burujabe eta feminista baten aldeko borrokan.